Aurten Alaitasuna pilota taldea arduratuko da jaiak hasteko pregoia irakurtzeaz. Ohorezko sakea egiteaz. Azaroan 25 urte beteko ditu taldeak, eta han egongo da Juan Carlos Uriarte sortzaile izan zena. Gaur egun, taldeko arduraduna da oraindik ere, eta balkoian egongo da suziria botatzerakoan. Badu esperientzia lan horretan, bigarren aldia izango baitu.
Pregoia irakurtzeak badu harremanik 25 urte betetzearekin? Zer esan nahi du taldearentzat?
Badu lotura, bai. 2008an ere pregoiaz arduratu ginen, baina, aurten 25. urteurrena dela eta, jai batzordeak aproposa ikusi zuen errepikatu eta berriro guk irakurtzea pregoia. Iaz, futbol taldeak egin zituen 25 urte, eta haiek izan zuten ardura hori. Beti da propaganda apur bat gehiago izateko aukera. Aurtengo pregoiarekin, hala ere, ez dugu guk izan nahi protagonista, baizik han batzen diren guztiak. Herria eta herritarrak. Horretarako, kanta bat abestuko dugu, gure historia laburtzen duen kanta bat, eta denek parte hartzea eskatzen dugu, gurekin batera abes dezaten.
Noiz eta zergatik sortu zenuten Alaitasuna pilota taldea?
Garai hartan pilotaren bueltan genbiltzanok zerbait serio egin behar zela genuen buruan, eta udalekoek deitu ziguten galdetzeko ea gai izango ginen pilota talde bat sortzeko. Lanean hasi ginen, eta aurtengo azaroan 25 urte beteko ditu Alaitasuna pilota taldeak.
Alaitasuna pilota taldea neskaz eta mutilez osatua dago. Zenbat kide zarete gaur egun?
Laurogei pertsonaren bueltan ibiliko gara, pilotariak, zuzendaritza eta zaleak zenbatuz gero. Hasierako deialdia eskolara begira egin genuen, iruditzen zitzaigulako hor zegoela gure lana. Deialdi hori neskentzat eta mutilentzat zabaldu zen.
Hasieran, esku pilotarekin hasi ginen, eta, denborak aurrera egin ahala, pala sartu zen. Eskua uzten zuenak pala hartzen zuen. Duela 7-8 urte, nagusiak hasi ziren palan jokatzen, eta talde polit bat sortu zen. Federatzen ere hasi ziren.
Emakume pilotariak ardatz, irailaren 27ra arte Emakumea eta euskal pilota izeneko erakusketa prestatu dugu, Bakioko museoan. Horrela, omenaldia egin nahi diegu XX. mendean munduko kantxa garrantzitsuenetan aritu ziren emakume pilotariei.
Nolako presentzia du pilotak festetan?
Alaitasuna pilota taldea jai batzordean dago; beraz, jaien antolakuntzan aritzen gara. Festetako ekitaldietan ere parte hartzen dugu, aurtengo VII. Herri Milietan, adibidez. Bestalde, txosna bat ere jartzen dugu. Ez bakarrik dirua ateratzeko, baita giro alaia sustatzeko ere. Iruditzen zaigu txosnak beharrezkoak direla herria girotzeko, eta garrantzitsua dela herritarrak bertan islatzea.
Pilota partidei dagokienez, udaran bi torneo egiten ditugu. Bata, helduekin, zeinetan lau txapelketa jokatzen diren: fronteniseko bi eta palako bi. Bikote mistoak izaten dira, eta arratsaldeetan jokatzen dira partidak. Goizez, umeen txapelketa egiten da, eta esku pilotan eta palan jokatzeko aukera izaten dute gaztetxoek. Bi torneoen xedea jaietan bukatzea izaten da, eta umeen finala festetan izango da. Helduena, berriz, berandu heldu da, eta ezin izan dugu egitarauan sartu.
Zer garrantzi du pilotak kirol arloan, eta zer garrantzi kultur arloan?
Ikusten genuen pilota ez dela gauza bakartua, eta lotura duela herriko beste arloekin ere. Orduan, iruditu zitzaigun euskal kulturaren barruan beste arlo batzuk ere landu beharko genituela. Ez dugu pilota jokoa bera bakarrik lantzen, baita euskara eta euskararen inguruko alorrak ere.
Zein pilotarekin jokatzen duzue?
Palan jokatzeko, urtean zehar larruzkoak eta gomazkoak erabiltzen ditugu. Udako txapelketak frontenisekoak izaten dira, eta kautxuzko pilotarekin jokatzen da. Lehiaketa mistoan teniseko pilota erabiltzen da, udaran hori ere. Tamainaz, batzuk handiagoak izaten dira besteak baino. Palak pilotaren arabera aldatzen dira. Pala lodia, finagoa eta paleta daude aukeran.
Sanagustinak Bakion. Juan Carlos Uriarte. Pilota taldeko arduraduna
«Taldearen historia laburbiltzen duen kanta bat abestuko dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu