Txirrinak jo baino lehentxeago gerturatzen dira egunero Eibarko (Gipuzkoa) J. A. Mogel ikastolako ikasleak irakasle gelara; tuperrez betetako motxilak soinean hartu, eta autobusean jaisten dira herrira, Zero Hondakin makinara. Bertan, Garagune elkarteko gazteek hartzen dituzte tuperrak, eta makinan sartu. Hor bukatzen da katea: edonoren esku jartzen dituzte ikastetxeko jangelan sobratutako jakiak, doan. «Haiek dira proiektuaren protagonistak», esan du ikastolako zuzendari Amaia Abanzabalegik (Eibar, 1965).
Ikasgai bat gehiago bihurtu da motxilak tuperrez betetzea?
Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak aritzen dira platerei etiketak jartzen; ikasleak lan hori egiteko desiratzen egoten dira. Talde bakoitzak astebete egiten du etiketatze prozesuan. Talde lana da, kate bat da, denon artean aurrera eramaten ari gara.
Jangelan sobratutako jakiak banatzean datza proiektua, ezta?
Bai. Debabarreneko Mankomunitateko Igor Aldalurrek proposatu zigun proiektua. Gero, Zero Hondakin fundaziokoak etorri ziren, eta ikusi zuten zerbitzatu gabe hainbat janari gelditzen zela gure jangelan. Orduan, proposatu ziguten Rexcateringeko proiektu horretan sartzea, janari horri beste bizialdi bat emateko.
Nola iristen dira makinaraino?
Ikasleek, jantokiko arduradunaren laguntzarekin, tabletean informazioa sartzen dute, janariaren informazioa duten etiketak sortzeko, tuperretarako: osagaiak, iraungitze data... Hozkailuan egoten dira egun osoan, eta 15:20an, irten aurretik, motxiletan sartzen dituzte. Autobusean jaisten dituzte Eibarrera, gure ikastola mendian dagoelako.
Eta hor sartzen dira Garagune zentrokoak.
Bai, desgaitasunen bat duten haurrak dira, eta haiek sartzen dituzte makinan gure umeek hemendik jaitsitako tuperrak. Behin makinan sartuta, motxilak sartzen dituzte hurrengo autobusean, eta bueltan etortzen dira, katea osatuz. Talde lanaren eta inklusibitatearen aldeko apustu bat da proiektua, ikusten dutelako haiek ere inportanteak direla, eta ez ditugula baztertu behar, baizik eta oso beharrezkoak direla.
Jaso duzue daturik, zenbat jaki berreskuratu duzuen?
Tabletean datu pila bat gordetzen dituzte, eta hilero bidaliko digute txostena: zenbat janari sobratu den, zenbat tuper bildu diren, zer janari zen, CO2a zenbat murrizten den, karbono aztarna, zenbat litro ur aurreztu diren, diru kopurutan zenbat aurreztu den, noiz bukatu diren tuperrak makinan... Ez da txostena bakarrik: informazio horrekin gero hausnarketa eta lanketa bat egin daiteke.
Hondakinekiko kontzientziazioa lantzeko balioko du, ezta?
Hor erabiltzen diren tuperrak baino, ondorengo lanketa da garrantzitsuagoa. Umeek denetik dute, hain erraz dute dena... Begirada aldatzea dakar: ikusten dute janariak zer erabilera daukan, edo zer jaten duten, zer ez duten jaten, zer ondorio duen...
Eta zabaldu duzue horren berri ikastetxean?
2030erako Agendako proiektu moduan hartu dugu, eta asmoa da mailaz maila gela bakoitzak aurkezpenak egitea. Horrela ziurtatzen dugu ikastetxeko ume guztiek jakingo dutela zertan dabiltzan.
Sobratutako guztia aprobetxatzen duzue?
Ia dena. Jada zerbitzatuta dauden platerak ezin direnez gorde, organikoaren ontzira botatzen dira, eta goiko baserritarrak eramaten ditu.
Uztailean ireki zutenetik, tuper guztiak agortu dira.
Berehala bukatzen dira, bai. Horrek esan nahi du arrakastatsua dela, inork ez duelako ezer ordaintzen.
Beharra dagoen seinale da?
Ez pentsa, beste herri batzuetan ere martxan jarri da, eta alkatea ere joaten da makinara. Ez da estigmatizatu behar den zerbait; ez da beharra dutenendako bakarrik, baizik eta edozeinendako. Di-da batean bukatzen da.
LOTSABAKO
Sekula utziko ez zenukeen plater bat?
Paella, edo, ikastolan, oilaskoa; ederra egiten dute.Eta, kontrara, uztea inportako ez litzaizukeena?
Saltxitxak edo arraina.