Medikuntza

Takotsubo: bihotzaren zeramika

Badira izen bereziak hartzen dituzten gaixotasunak. Takotsuboren sindromea da bat. Bihotzekoarenak izaten ditu sintomak, baina ez da izatez bihotzeko bat. Ekografiak argitzen ditu zalantzak, bihotzak takotsubo ontzi tradizionalaren forma hartzen duenean.

Takotsubo izeneko Japoniako ontzi tradizionala, olagarroak ehizatzeko erabiltzen zena. Sindrome hori duenari ontzi horren gisa berean sabeltzen edo konkortzen zaio bihotza. BERRIA
Takotsubo izeneko Japoniako ontzi tradizionala, olagarroak ehizatzeko erabiltzen zena. Sindrome hori duenari ontzi horren gisa berean sabeltzen edo konkortzen zaio bihotza. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2024ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Bernizik gabeko zeramikazko ontzi bat da takotsuboa, izatez. Tranpa bat. Olagarroak harrapatzeko tranpa bat. Jakina baita horiek itsas hondoko zulo, hutsune eta zirriztu ilunetan sartzeko eta lotarako babesa hartzeko duten joera, eta horixe baita tranpa: itsas hondoraino bidaltzea zeramikazko ontzi bat, soka batekin lotua duena lepoa, sar dadin barrenera olagarroa atseden hartzera, eta egin diezaion tira arrantzaleak itsas azalera, olagarroa ehizaki eta sari bihurtuta barrenean.

Japoniakoa da arrantzarako arte hori, eta handik dator izena: tako (olagarroa) eta tsubo (ontzia). Ez da atzo goizekoa kontua. Matsuo Basho poeta japoniar ezagunak (Ueno, Japonia, 1644-Osaka, Japonia, 1694) haren haiku batean —Japoniako poema mota labur eta ezagun bat da haikua—, aipatu baitzuen jada: «Takotsubo ya hakanaki yume wo natsu no tsuki» (Olagarro tranpa, amets efimero horretarako, udako ilargia). Ehizatua izan aurreko olagarroaren amets efimeroaz ari zen hor nonbait Basho, eta ez zitzaion inolaz ere arrotza arrantza modu hori, Akashiko itsasartean idatzitakoa omen delako poema —han dago gaur egun Akashi Kaikyo zubia, Kobe hiria Awaji irlarekin lotzen duen munduko zubi esekirik handiena—.

Eta ez zitzaion arrotza takotsuboa Hikaru Sato doktoreari ere. Kobekoa baitzen jaiotzez, hango unibertsitatean graduatu baitzen 1963an, eta Hiroshimako ospitalean garatu baitzuen bere ibilbide profesional ia osoa —2021eko azaroan hil zen—. Hikaru Sato izan zen Takotsuboren sindromea deskribatu zuen aurrenekoa, eta ontzi zahar horren izenarekin bataiatu zuena, 1983. urtean. Zergatik? Bihotza ontzi horren gisa berean sabeltzen edo konkortzen delako egoera horretan. Halaxe ikusten da bihotzaren ekografietan, bentrikulugrafietan, kontraste injekzio bat sartutakoan bihotzaren barruan.

Medikuntzako liburuetan agertzen diren diren hainbat irudi: bihotzaren ekografia eta takotsubo ontzia. BERRIA
Medikuntzako liburuetan agertzen diren hainbat muntaketa: bihotzaren ekografia eta takotsubo ontzia. BERRIA

«Takotsuboren sindromea da izen teknikoa, horrela deskribatu zutelako aurreneko aldiz. Baina baditu izen tekniko gehiago: estresak eragindako miokardiopatia akutua —horixe jartzen dugu gehien gaur egun txostenetan—, bihotz apurtuaren sindromea...», azaldu du Abel Andres Moristek, Basurtuko ospitaleko (Bilbo) kardiologoak eta Vasco Navarra kardiologoen elkarteko presidenteak. Eta ohiko ezaugarri klinikoa zein den ere deskribatu du: «Estres egoera jakin horretan, bihotzaren muskulu kardiakoa kaltetu egiten da, eta forma berezi bat hartzen du. Izan ere, bihotzak badu berez piper edo ontzi baten itxura, eta uzkurtzen denean, sistole egoeran, bihotzaren horma guztiak uzkurtzen dira. Sindrome honetan, ordea, ez dira horma guztiak uzkurtzen. Beraz, bihotzak, erlaxatuta dagoenean, bihotz normal baten itxura dauka. Baina uzkurtu behar denean, bihotzaren hegia baino ez da uzkurtzen, eta itxura berezi hori hartzen du».

«Gehienbat emakume helduek izaten dute sindrome hori: postmenopausikoek, 65 urtetik gorakoek, estres emozional edo fisikoa pairatu dutenek, eta patroi hau dutenek: min kardiakoa, bihotzeko baten susmoa, buxadurarik ez arterietan, baina gero osatzen direnak»

ABEL ANDRES MORISTBasurtuko ospitaleko kardiologoa

Izan ere, egoera horretan ospitaleko larrialdietara doan pazienteak bihotzeko baten sintomatologia berbera izaten du, eta halaxe tratatzen dute hasieran. «Ohikoena bihotzekoa izaten denez, eta sintomak berberak direnez, normalena da pazienteak bihotzeko bat balu bezala jokatzea: min torazikoarekin etortzen dira, elektrokardiograma bat egiten diegu, eta alterazioak dituzte. Eta kateterismo bat ere egiten diegu bihotz arterietan, bihotzeko ia gehienetan gertatzen baita arteria horietakoren bat buxatuta egoten dela, tronbo baten eraginez. Ospitalera datozenek esplikatzen dutena, euren sintomatologia, bihotzeko batena baita», nabarmendu du Andresek. Eta datu bat ere eman du: «Larrialdietara bihotzekoa dutelakoan iristen zaizkigun %1-2k dute Takotsuboren sindromea». Noiz ohartzen dira sindrome hori dutela? Ikusten dutenean arteria horietan ez dagoela buxadurarik eta ohartzen direnean kateterismoa egiteko ateratako bentrikulugrafian bihotza oso kaltetuta dagoela eta takotsubo ontziaren forma daukala.

Takotsuboren sindromeari buruzko lehen serie zabalak 90eko hamarkadan argitaratu zituzten arren, 2000. urtetik aurrera gehiago ikertu eta aztertu dute. Andresek laburbildu ditu ondorioak: «Gehienbat emakume helduek izaten dute sindrome hori: postmenopausikoek, 65 urtetik gorakoek, estres emozional edo fisikoa pairatu dutenek, eta patroi hau dutenek: min kardiakoa, bihotzeko baten susmoa, buxadurarik ez arterietan, baina gero osatzen direnak».

Horixe baita Takotsuboren sindromearen beste berezitasuna: ez duela tratamendu jakinik, eta osatu egiten dela. «Ez dago tratamendu zehatz bat, ez baitago argi zergatik gertatzen den. Kausa konkreturik ez dagoenez, ez dago tratamendu espezifikorik. Alegia, ez badugu ezer egiten, eta pazienteak hasierako ospitaleratzea gainditzen badu, normalean, ongi eboluzionatzen du. Eta gertatu eta hilabetera, osatuta dago erabat. Alegia, egiten diozu bihotzaren ekografia, eta arazo hori konponduta dago eta bere onera etorrita. Oso inportantea da hori diagnostikorako. Ezin dugu Takotsubo kasu bat diagnostikatu, ez bada osatzen».

Estresari buruzkoak ere argitu nahi izan ditu Basurtuko kardiologoak: «Estres emozionalari buruz ari gara, batik bat. Ez da laneko estresa, edo korrika eta presaka bizitzearen estresa, baizik eta estres egoera akutua». Pazienteei galdetutakoan jakiten dute hori. «Hasieran ez dizute halakorik kontatzen. ‘Mina daukat, ez nago ongi’. Eta ikusten duzu elektroa alteratua duela, eta egiten dizkiozu probak korrika eta presaka —zeren bihotzeko baten susmoa dagoenean, probak korrika eta presaka egiten dira—, eta ikusten duzunean zer izan daitekeen, berriro galdetzen diozu emakumeari: ‘Eduki duzu atzo edo gaur egoera bereziren bat? Disgusturen bat, arazoren bat?’. Eta ezustean harrapatzen ditu galderak, eta erantzuten dizute azkenean: ‘Bada, bai. Familian sekulako eztabaida izan nuen’. Edo: ‘Lanean liskar handi bat izan nuen’. Edo: ‘Niri zerbait lapurtzen saiatu ziren’. Arazo inportanteek sortzen dute estres egoera hori».

Izenaren berezia, irudiaren ederra, historia, istorioa... Takotsuboren sindromea zerbait «kuriosoa» dela dio Andresek, baina benetan zer den eta nola eta zergatik sortzen den jakiteko elementuak falta direlakoan dago. «Eta mezua ezin da izan zerbait onbera dela ere. Bihotzari eragiten dion kaltea benetakoa da. Eta ospitaleratzean egon litezke konplikazioak, eta arriskuak, gutxiegitasun kardiakoak... Baina egia da lehen fase hori gainditzen duena osatu egiten dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.