Tabu zaharrak apurtuz

Adinkeria zabalduta dago gizartean, eta zahartzaroa ez da ongi etorria. 'Zaharra' hitzaren konnotazio negatiboak emakumeei eragiten die batez ere; urte gehiago bizi dira, baina okerrago, eta zahartze hutsagatik zigortzen dituzte.

BERRIA.
itsaso jauregi 2
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
«Zergatik hitz egingo duzu zahartzaroaz? Zu oraindik gaztea zara eta! Hori bai gai tristea». Hori esan zioten Mari Luz Estebani Andrezaharraren manifestua (2019) liburua aurkeztu zuenean. Zahartzaroa gai tabu bat da askorentzat, xuxurlatu beharreko zerbait. Adintzearen irudi negatiboak emakumeei eragiten die bereziki; iragarkietan gaztetasuna txalotzen da, eta zahartzen diren emakumeak zigortu. Zahartzaroaren irudi horrekin apurtu behar dela adierazi du Estebanek bere liburuan: «Ez diot uko egiten zaharra naizela aitortzeari ZA-HA-RRA. Hitz hori letreiatzen dut astiro. Haren loditasuna dastatzen dut, haren sonoritatea. Hemen naiz. Begira nazazu».

Hitza onartzea eta bereganatzea zaila da askorentzat. Blanca Fernandez soziologo eta NUPeko irakasle ohiaren arabera, gaztetasuna saritzen du gizarteak, adinkeria bermatuz. Adinagatik diskriminatzeko modu bat da adinkeria, eta pertsona zaharrei eragiten die batez ere. Zahartzaroa ulertzeko moduarekin lotuta dago, zabaldu diren estereotipoekin. Horrela, mugatu egiten da zahartzaroaren aniztasuna, eta homogeneotasuna bultzatzen da, Fernandezen ustez: «Beti modu bakar batean agertzen da zahartzaroa. Iragarkietan goi klaseko zahar ederrak eta zuriak agertzen dira, besterik ez. Horrek ez du zahartzaroaren aniztasunarekin zerikusirik».

Zahartzaroaren irudi negatiboa adinkeriarekin lotuta dago, adineko pertsonak estigmatizatzen baititu: biztanle gaixoen, mendekoen eta ez-produktibo gisa definitzen dira. Zahartzaroaz aritzeko erabiltzen den hiztegia aztertu du Irati Zubia filosofoak, eta produktibitatearen ideiak zaharren bazterketan duen garrantzia azaldu du: «Gorputz funtzional bat ez edukitzea, eta zer den ez izatea produktiboa edo lanik ez egitea. Denak normal funtzionatu dezan, pertsona produktiboak behar ditugu; hori da zabaldu den ideia. Talde batek hori guztia zalantzan jartzen badu, onartzea kostatzen zaigu».

Gaztaroan oinarritzen den gizartea zalantzan jartzen dute gorputz zaharrek, baina, zaharraren identitatea onartzea da gainditu beharreko lehendabiziko oztopoa, Anna Freixas idazlearen hitzetan: «Uste dugu zaharrak besteak direla, zahar tankera saihesteko pilula hartzen asmatu ez duten horiexek». Zaharra hitzaren zama pisutsuari ihes egiteko beste hitz batzuk erabiltzen dira; adinekoa, besteak beste. «Gazteek gazteak direla onartzen duten bezala, guk zaharra hitza harro onartu beharko genuke», esan du Fernandezek.

Trapu zaharrak

«Deserosoa da zahartzaroaz hitz egitea, baina aparte ez dugu gure burua identifikatzen zahar gisa», azaldu du Zubiak. «Zaharrak trapua dira, ez pertsonak» esaldia ezaguna da, eta zaharren ahoetatik ere irteten da, gizartearen adinkeria barneratu baitute. «Nik 70 urte ditut, baina gazteago sentitzen naiz», Fernandezek askotan entzun duen aipua da, eta agerian uzten du adina onartzeko zailtasuna. Adin horrekin lotzen diren estereotipoei aurre egiteko zahar asko aktibo egoten saiatzen dira, gizarte produktibo gisa definitzen den taldetik baztertuak ez izateko. «Zahar asko lanpetuta ikusten ditut, jarduera pila batekin. Horren atzean filosofia neoliberal eta produktibista bat dago, bizitza lasai bat izatea eragozten diguna», azaldu du Fernandezek.

Zahartzaroaren ondorioak emakumeek pairatzen dituzte gehienbat; urte gehiago bizitzeaz gain, okerrago bizi dira, Andrea Garcia-Santesmases idazleak bere El cuerpo deseado lanean (Gorputz desiratua) azaltzen duen bezala: «Emakumeak osasunez okerrago egoten dira, eta adin handiagoetara iristen dira. Hori dela eta, emakume gehiago daude mendekotasun egoera batean. Askotan, urteetan emakumeek egindako zainketa lanaren ondorio zuzena da osasunaren okertzen hori».

Orain zaharrak diren gizonek, esparru publikoan lan ibilbide zabala izan badute, modu duinean bizitzea ahalbidetzen dien pentsioa izateko aukera dute. Emakume zahar asko etxekoandreak izan direnez, senarraren pentsioaren menpe daude; eta pentsio horren ehuneko txiki bat izango dute alargun geratzen badira. «Emakume zaharren pobrezia gizonena baino askoz handiagoa da. Izan duten lan ibilbidearen arabera, alde ekonomikoan genero arrakala izugarria dago. Horren ondorioz, emakumeek baldintza okerragoetan dauden etxebizitzak dituzte, eta ezin dituzte mantendu», azaldu du Fernandezek.

Arrakala alor ekonomikoan egoteaz gain, zaintzan ere badago. Orain zaharrak diren emakume asko esparru pribatuan lanean aritu dira, eta familiaren zaintzaz arduratu dira. Horrek eragin zuzena du emakumeen osasunean, Monica Ramos idazleak bere Envejecer siendo mujer (Zahartzea emakumea izanik) liburuan azaltzen duenez: «Emakume askok betetzen dute zaintzaile rola, eta hori gainkarga izugarria izan daiteke; ondorio garrantzitsuak izan ditzakete haien osasun fisikoan eta mentalean».

Gehiago bizi baina gehiago gaixotu. «Urteetan gaizki bizitzeak emakumeen osasunean du eragina. Gorputz nagusiak ordaintzen duen prezioa da, medikalizazioaren bitartez», azaltzen du Freixasek Yo, vieja (Ni, zaharra) liburuan. Gorputzak islatzen ditu bizitzan izandako zapalkuntzak, Fernandezen hitzetan, eta emakume zaharrek dituzte ubeldura gehien. Hala ere, biolentzia hori estalita dagoela esan du Zubiak: «Emakume zaharrak oso ohituta daude besteak zaintzera, eta horrek eragiten du biolentzia askoz normalizatuago izatea. Gehienetan ez ditugu emakume zaharrak subjektu politiko eta aktibo gisa kontuan hartzen».

Emakume eta gizon zaharren inguruan hitz egiteko modua ere aldatzen da: gizona, nahiz eta zaharra izan, interesgarria da. Emakumeek, berriz, zaharra hitzetik ihes egin behar dute, Fernandezen ustez. «Besoak nola indartu», edo «nola saihestu zimurrak», halako iragarkiak ohikoak dira, eta zahartzaroarekiko beldurra zabaltzen dute: «Emakumeok eder eta gazte egon behar dugu beti; hori ez da gizonekin egiten. Diktadura izugarria da emakumeentzat. Adinkeriaren aurkako borroka auzi politikoa da, emakumeei ezarritako arau horien aurka borrokatzea baita».

Amonaren irudia zalantzan ere jarri dute askok; emakume isila, bilobak zaintzen dituena, eta bere gaztaroko istorioak soilik kontatzen dituena. Zubiak, adibidez, bere amona gaztaroaren inguruan kontatutako istorioen bitartez ezagutzen du, ez bere zahartzarokoak: «Amonaren irudia mitifikatu egin da; emakume zahar bat, kexatzen ez dena, eta beti laguntzeko prest dagoena. Zenbat sufritu duen eta oraindik bizirik jarraitzen du! Ba, agian, ez luke hainbeste sufritu beharko». Freixasek bere liburuan adierazi du amonek soldata izan beharko luketela; bilobak zaintzea bidezko soldata baten truke, seme-alaben «esplotazioa» amaitzeko.

Amona bilobak dituen norbait izendatzeko erabili beharko litzatekeen hitza da, baina, askotan, edozein emakume zahar izendatzeko erabiltzen da, ondorengotza izan ala ez. Horrela, zaharraren ibilbidea, nortasun intelektuala, politikoa eta herritarra ezabatzen dela argudiatzen du Freixasek.

Nahiz eta adineko pertsonak izan, infantilizazioa pairatzen dute zaharrek. Hizkera berezi bat erabiltzen da pertsona zaharrekin hitz egiteko, ingelesez elderspeak izena hartzen du: «Zergatik hitz egiten digute horrela? 'Jar ezazu eskutxoa' eta 'altxatu hankatxoa', adibidez». Txikigarri horiek indarkeria sotila erakusten dute, Fernandezen ustez: «Hitz laburrak eta sinpleak erabiltzen dituzte. Mantsoak izatea ere aurpegiratzen zaigu, baina geldotasun hori aldarrikatu beharreko zerbait da».

Zaharra, eta harro

Egunerokoan zaharren kontra sortzen den indarkeriari aurre egiteko lan egiten du Luisa Jusue gizarte langileak. Iruñeko Donibane auzoko Adinekoaren Aldeko Akordioa 2018an sinatu zuen Jusuek, beste hainbat eragilerekin batera. Akordioaren helburua zahartzaroaren hiru zutabe garrantzitsu lantzea da: osasuna, parte hartzea eta segurtasuna. Horretarako, hainbat tailer antolatzen dituzte: ariketa fisikoa eta memoria sustatzeko ariketak, baita auzoan mugitu ahal izateko dituzten arazoei konponbideak aurkitzeko batzarrak ere. Aurten Iruñeko zapia jaso du taldeak.

Donibane auzoan biltzen dira Iruñeko zahar gehien, eta edozein pertsona zaharrek eman dezake izena elkartean eskaintzen diren jardueretan parte hartzeko. Jusuek bere agendan martxoaren 8ko data apuntatua du: «Garrantzitsua iruditzen zaigu Martxoaren 8an arlo pribatuari lotuago egon diren belaunaldiek ere parte hartzea». Elkartean oso adi daude pentsiodunen aldarrikapenei, eta batez ere emakume zaharrekin ari dira horretan lanean, soldata arrakala amaitzeko. «Iritsi da garaia emakume zahar, argiak eta errealistak garela erakusteko; gure adina onartzeko eta gure ahotsa erabiltzeko», idatzi zuen Freixasek.

Estereotipoekin eta tabuekin apurtu nahi du Fernandezek: «Zaharra hitza aldarrikatu behar dugu; feminismoak bizitzan gure eskubideak eta askatasuna defendatzen lagundu digu, baina nik uste dut zaharren irtenbidea ere izan daitekeela». ZA-HA-RRA; letra guztiak irentsi eta dastatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.