Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II)

Suzko bideetan barrena

Suzko Gurdiak izeneko ibilbidean egindako hainbat egunetako zeharkaldia kontatu du Jon Haitz Legarretak. Kataluniako Aigüestortes i Estany de Sant Mauriciko parke naturaleko aterpetxeak lotuz egindako bidaia barnera begirako bidaia ere bada.

Estany Torten ertzeko trenbidea, Katalunian; Suzko Gurdien ibilbidean ikusi daiteke. JON HAITZ LEGARRETA GORROÑO.
2013ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Ez dakit mendigoizale edo mendizale naizen. Bidaiari edo bidaiazale. Definitu gabeko bitarteko zerbait, agian. Kontua da abuztuko egun batean goiz jaiki eta mendira abiatu nintzela. Hotzeria bezperan harrapatuta eta burdina aldean, ferritina maila eskasak hartzera behartzen ninduen burdina. Burdinola.

Granitozko hormetara heldu arte baneukan biderik. Ibilgailuan, bai, baina bero eta sargori zen egun batean. Eta bakardadean. Autoaren irrati eskasa ez da gai frekuentziaz bere kasa aldatzeko. Gurpilen hotsa soilik.

Abiatu aurretik oroitzapen politak dakarzkidan bidea aukeratu nuen heltzeko. Luzeagoa. Ezezagun nuen zatia horren luze egingo zitzaidanik ez nuen pentsatuko, ordea. Zortzi orduren buruan heldu nintzen suzko gurdiak abiatzen omen diren herrira. Txikituta, zimeldutako landareen pare. Eta oraindik hiruzpalau orduko bidea neukan aurretik. Ibilian oraingoan. Ibilgailuan ere egin zitekeen. Ibilbideari ekiteko filosofia soilik. Hasteko aukera bat. Zentzuzko zein balekoa. Gerturatze fasearen azken txanpa. Mehatxuzko hodeien azpian; lainotzen hasia zen eguraldia. Bertan azkenik. Altuera xumean, 2.010 metrotara. Mendebaldeko egutegi baten urte baten zifrak dirudite. Aterpetxeko babesean. Suzko gurdietako batzuk ateratzen omen diren aterpetxeetako batera.

Abiatu aurretik argazki makinari objektiboa aldatzea ahaztu zitzaidan. Dena egiaztatu nuen hura izan ezik. Okerreko objektiboarekin nengoen. Gainerako ekipamendua baneukan; alferrikako zama aldean, alegia. Ofiziozko baino afiziozko eta ofiziorik gabeko argazkilari bati jazotzen zaizkionak.

Euri eta lainoen artetik agertua, korrikalari itxura nuen afaritan, agidanez. Ez, ez neukan ibilbidea korrika egiteko asmorik. Agian ez daukat beharrezko adore edo kemenik. Ez dakit. Dakidana da oinez egiteko asmoa neukala, eta horrekin kontent geratzeko moduan egongo nintzela.

Aldapak ibiltzen hasterako

Restanca-Llong. Aurreneko etapa. Sentsazioak aurkitzeko aukera. Biharamunean jasotzera egin zuen. Hasteko moduan nintzen. Beste bi bikotek ere ibilbide bera zeukaten aurreikusita egun horretan. Madrildik zetozen. Jator asko gonbidatu ninduten beraiekin bat egitera, Contraixeko lepoa elkarrekin gurutzatzera. Suzko gurdien ibilbidean igarobide mitikoa omen. Bi anaia baino hiru diren harritzarrek zaindua. Urrutitik ikusi eta ibili arren, gerturatzen ez ginela zirudien. Halako baten goian ginen, ordea. 2.748 metrotara. Suzko gurdien ibilbideko punturik garaiena.

Euriak bisita egin nahi zuen egun hartan ere. Erortzeko astirik ere izan nuen. Tira, eskua jarri; gero ukondoa. Ez dakit euskaldunek minik sentitzen duten. Nik sentitu nuen bada. Zauria ur gardenetan garbitu eta aurrera. Aterpetxean osatuko nintzen. Nire ibilbideko kideak ederki asko arduratu ziren nire ukondoari behar zituen zainketak eskaintzeaz.

Afaltzerako heldu ginen. Ur hotzarekin dutxatzeko astirik baino ez genuen izan. Han ostatu hartzen genuen guztiok gela berean geunden, zabala baino luzeagoa zen gelan, denak ilaran. Ez nuen frontala nirekin hartu. Gauaren argitara jaiki behar izan nuen, aldean neraman hotzeriak etengabe egiten baitzuen lan, mukiak sortuz.

Aintziretako aterpetxeak

Llong-Blanc. Bigarren etapa. Zuritik gutxi dute udan paraje horiek. Baina hala ere, agian politena den zatia da. Behin aurreneko maldak gaindituta, aintzira itzelak hedatzen dira begien aurrean, eta horien ertzean aterpetxeek sinetsi ezinezko irudiak sorrarazten dituzte. Bidean, garai batean suzkoak izango ziren gurdien errailak ziren ikusgai. Colominan bikoteetariko batek ostatua hartua zeukan. Agurtzeko garaia, beraz.

Blanc ezkutatuz zihoan aterpetxea bailitzan, kostatu zitzaigun hara heltzea. Baina behin muinotik ikusita, paradisua dirudi. Gaua esna ematea merezi duen leku horietako bat. Ez dakit Josep Maria Blanc jauna zein zen, ez eta aterpetxe bat hor jartzeko ideia berak izan zuen ere, baina burutazioa egi bihurtu zutenek nire begirunea irabazia daukate.

Batek azken metroak aterpetxean zain duen afaria amesten pasatzen ditu, konturatu orduko irentsiko duen horretan. Nahiz eta hirugarren egunez jarraian dilistak jan.

Blanc-Pla. Luzea izango zen egun hura. Open Plus egunetako bat. Aldaketarako unea. Bikotean zetozen Tolosaldeko beste neska birekin pausu hori emateko parada. Montesero lepoaren jaitsieran okertu eta igarobide gogaikarri bat gainditu beharrak akitu ninduen, indarrak eta gogoak jatea. Plarako igoeran izerdi-tantak etengabe erortzen ziren aurpegian behera. Belaunek ordurako abisua pasatu zidaten. Plus ez dakit gehi izango zen, ala minus. Galderak buruan bueltaka. Open aukeratu behar nuen erreserba egiterakoan, Plus albo batera utzita. Lepora heltzean urrun edo gertu geunden itauna sortu zen. Zuhaitzak estaltzen zigun ikusmira. Aterpetxearen ikur den zuhaitzak.

Aterpetxean, etxean

Aterpetxera heltzearekin batera, itaun asko uxatu zituzten bertako zaindariek. Mel Gibsonen ordezkoa zirudien batek, haren bisaia eta motots antzekoarekin. Haiek ezagutzeagatik soilik merezi zuen handik pasatzeak. Aterpetxea txikia zen, eta batek aspaldidanik ezagutzen duen lagun baten harreraren parekoa egin ziguten. Sartzearekin batera nekea ahaztu zitzaigun.

Karta-jokoan, ohikoa baino gehiago luzatu zen gaua, zaindariak tarteko. Adi-adi, begiak zabal-zabal geunden, beraien barrenak hustera zihoazen. Atera beharra dago aterpetxetik noizbehinka. Gogorra da horren leku gutxian horren luzaroan egotera kondenatuta egotea, denaz arduratu behar izatea. Eta irribarre egitea. Mundutik isolatuta. Zibilizazioan zer jazotzen zen apenas jakin gabe. Bien bitartean, gu turistak gara goi mendietan, Sky-Runnerrak estralurtar diren legera. Gure ibilbide-agiria sinatzeko gosez, erronka eta errekor egarriz.

Pla-Saboredo. Egunik luzeena. Eta zailena. Zazpi orduko etapa aurrena eta gero beste bizpahiru ordu beharko zituen ibilbidea aurretik. Goiz jaiki eta bideari ekin beharra zegoen. Belaunek su-etena eman zidaten egunaren hasieran. Polita bezain bakarti eta zaila zen bidea. Abiadurak muinoz okertzera eraman ninduen. Eskerrak atzetik zetorren kataluniarbikote zentzudunak bide zuzena hartu zuten. Gelditu eta non nengoen mapan ezin ondo kokaturik nengoela, sinesgaitz, gurutzatu nuen bikote batek kataluniarren arrastoan jarri ninduen. Eskerrak. Eguerdia gaindituta genuen ordurako eta jaitsi beharra zegoen oraindik. Azkar joatea debekatzen zuen bide batetik. Urduritasuna. Helduko nintzen ala ez. Aurrera nindoan ala atzera. Beraientzako egun horretan azkena zen aterpetxea gertu zegoela agerikoa egin zenean, eskerrak eman eta aurreratu egin nintzen. Bakarkako ibilbidea hasi zen orduan niretzako. Bizitzeko beste modu bat. Saboredora bidea pausu arinaz ahal bezain beste uzkurtu nuen. Heldu eta familia giroko aterpetxe hartan ur berogailua izorratu berria zen. Hirugarren egunez ur hotzetan kenduko nuen izerdia. Afal ondorengo etxean egindako txokolatezko postre hark merezi zuen ur hotzetan ur hartzea.

Biharamunean ez neukan etapa zailegirik. Azkena. Ibilbideko tarterik errazena jendearen iritziz. Ilun puntu bakarra eguerdirako bukatzeko nahia zen. Vielhan, Val D'Arango haranean harrapa nintzala eguerdiko eguzkiak. Ibilbidean azkar joan nahi izatearen ondorioz, okertuko ote nintzen kezka. Mugarriak galdu eta gainerako erreferentziak nahasteko arriskua. «Mendian ez dago konplikatu beharrik» esan zidan aterpetxeko lagunetako batek bezperan. Gazte talde bati itaunduta, eta okerreko biderik ez nuela egin egiaztatuta, lasaitu nintzen orduan. Oinetakoei su emateko garaia nuen suzko gurdien ibilbidean.

Colomersen eguzkia ateratzerako. Bizpahiru ordura omen Restanca. Aldapa gora urrutiegi begiratu ordez, hurrengo eman beharreko pausua zaindu. Baina Vielha haranean zegoen, Vall D'Aranen. Egindako bidea desegin behar zen Restancatik haranera. Ce n'est pas gagné esan ohi dute mugaz bestalde.

Nire pausuek ez zuten aurreko egunetako graziarik ibilgailua bost egun lehenago utzita neukan tokira heltzerako. Vielhan sartu orduko eguerdiko ordu bata hogei gutxi zen. Telefono mugikorraren gakoa ahaztu nuela ohartu nintzen. Elastikoa izerdiaren gatzetan zuritua, oinetan lehortutako lokatza nuen. Oinezkoak bere ibilia bukatua zuen.

Ez dakit guzti honek euritan zer izan behar duen, baina deserosoa behar du izan. Zorteak, ordea, eguzkipean egitea ahalbidetu zidan. Gupidarik izan ez zuen eguzkipean, ordea. Edo lainorik gabe esan beharko nuke, eguzkia beti baitago han goian.

Ibilbidearen berotasuna

Aigüestortes i Estany de Sant Maurici Parke Naturalean ibili ondoren, ez dakit zergatik ez ditudan Aigües Tortes ur makurrak eta Estany de Sant Maurici aintzira ikusi. Ez dakit 73 kilometro eta 10.400 metroko desnibel positiboa lau egun eta erdian asko ote den. Ez dakit mendigoizale edo goi-mendizale ikuspuntutik meriturik daukan egindakoak. Ez dakit SkyRunnerren legera, korrika egingo dudan sekula. Ez dakit argazki makinaren beste objektiboa ahaztu izan ez banu argazki hoberik aterako nukeen. Ez dakit politagoa izan zitekeen.

Baina batez ere, badakit aterpetxeak bere etxe egin dituen jendeak baduela meritua. Badakit mirespena zor diedala. Badakit mendebaldeko gizartean dugun bizimodu eredu honetan bertan bizita, zaila izan behar duela lan horrek. Badakit gauza askori uko egitea dakarrela. Gauza materialetatik horrelako loturarik ez izateak.

Norberak duen zerbait horren bila joana nintzen, agian, eta beste pertsona batzuk aurkitu nituen suzko gurdien bidetik. Eskerrik asko Victor, Laura, Alberto, Ana, Fatima, Idoia, Garbiñe, Tom, Xavi, Anabel, Sergi eta Eulalia. Suzko gurdien ibilbidea: Carros de Foc. Helburu zuen ibilbide bat: etxera heltzea. Etxera itzultzea ikusitakoa hausnartzeko. Etxea nuen amets. Etxearen itzala, etxe inguruko paisaia, etxeko lasaitasuna, etxeko janaria, etxeko eltze hotsa, etxeko berotasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.