Etxean bezala sentitzen da Bartzelonako Euskal Etxean Igotz Ziarreta. Meñakatik (Bizkaia) argazkilaritzan sakontzeko alde egin zuen Kataluniara, eta hantxe aurkitu du bere lekua. Duela sei urtetik, Euskal Etxearen diseinu arduraduna da. Hileroko agendaren berri ematen duten kartelak egiten ditu, eta, horien eraginez, oihartzuna lortu du metropolian euskaldunen komunitatetik haratago.
Kartel horietako argazki guztiak Made In bildumaren barnean daude. Baserritarrez jantzitako pertsonak azaltzen dira, baina gaur egungo egoera batean: surfean, lantegian, gitarra jotzen... Sustraiak modernotasunarekin uztartu ditu Ziarretak, eta bitxia bezain ausarta da emaitza.
Orain dela urte batzuk sortu zen proiektua galdera bati erantzun nahian: «Nolakoa izango litzateke Euskal Herria gure janzkera mantendu izan bagenu?», eta hari hartatik tiraka, fikzioa eta irudimena erabiliz, jarraitu du lanean gaur egunera arte. «Bide asko daude oraindik jorratzeko. Urtero argazki berriak egiteko asmoa dut bildumaren ideiari eutsiz», azaldu du Ziarretak. Azken kartela egin berri du, apirilean antolatuko duten Literaldia literatur jaialdiarena.
Baina ez da bilduma horretara bakarrik mugatu. 2007ko Durangoko Azokako kartel lehiaketa irabazita egin zen ospetsu. Erdi biluzik pipa ahoan ateratzen zen Olentzerorekin. Kataluniarra zen argazkian ageri zen gizona, gainera. Musika taldeak ere pasatu dira bere kameraren aurretik, eta hiru dimentsioko argazkiekin lan egiten ari da orain. Etorkizunean pertsonaia publikoak fikzio egoera batean jartzea ere gustatuko litzaiokeela esan du.
Argi du kartela ona izateko zer den garrantzitsua: «Arreta erakartzeaz gain, ikusleak eroso sentitu behar du kartelaren aurrean». Hortik abiatuta, informazioa modu erraz eta argi batean igortzea ezinbestekoa da, Ziarretaren aburuz. Hala, oroimenean iltzatuta geratu eta erakundearen inguruko iritzi positiboa sortzen da hartzailearengan. «Nire kasuan galderek ideia sortzen didate, eta argazkia edo diseinua galderaren erantzunarekin lortzen dut». Inspirazioa edonon aurkitzen duela azaldu du, baina tarteka bila ere joaten da. «Konposizioa eta argia lantzeko margolari klasikoen margolanak aztertzea gustatzen zait. Baita Monthy Pythonen filmak ikustea ere».
Bere kasa ikasi du argazkilaritzaz eta diseinuaz dakiena. Informatika ikasketak egin zituen, eta programatzaile gisa aritu zen denbora batez, baina lanak ez zuen gogobetetzen. «Lanean nenbilenean ere beti egon izan naiz argazkilaritzaz eta diseinuaz ikasten; liburuak irakurri eta probak egin eta egin».
Bartzelonako Euskal Etxeko irudi korporatiboaz arduratzen da Ziarreta. Itxura alferrikakoa izaten da, ordea, barnean bizitzarik ez badago, eta horretan Bartzelonakoa aberatsa da. Mugimendu handiko Euskal Etxea da. Argazkilariak kontatu duenez, Meñakatik Bartzelonara joateko azken erabakiari bultzada eman ziona Euskal Etxea izan zen. «Euskal Herria beste era batera ikusi eta gozatzeko aukera ematen du». Bereizgarri bat du, gainera. «Hirira etortzen diren gehienak ikasleak direnez, jende gaztea mugitzen da, batez ere hemen». Eskaintza kultural oparoa eta kalitatezkoa eskaintzen dute, eta horren adierazgarri dira Euskal Herria Sona musika festibala, Literaldia jaialdia eta Zinemaldia, esaterako. Astebururo izaten dituzte, horrez gain, ekitaldiak; gaur sagardo eguna ospatuko dute.
«Bartzelonan Hizkuntza Eskolaren, Unibertsitatearen eta Euskal Etxearen artean 300 bat euskara ikasle daude. Orain dela sei urte ametsa zen gaur egungo Euskal Etxea irudikatzea». Eusko Ikaskuntzak eta Topaguneak saritu du erakundearen lana denbora honetan. «Euskal kultura Euskal Etxetik Bartzelonara zabaltzea da orain erronka».
Ezarian. Argazkilaritza
Sustraien modernitatea
Bartzelonako Euskal Etxeko diseinu arduraduna da Igotz Ziarreta. Argazkilaria ere bada, eta berak egindako kartelek sona lortu dute Kataluniako hiriburuan. Hiru dimentsioko irudiak ateratzen ari da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu