Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak Iñigo Urkullu lehendakariari adierazi dio ez duela karguan «betikotu» nahi eta lehentasunen artean jar dezala EITBko zuzendari berriaren aukeraketa.
Ezeroso dago Surio karguan; horren lekuko, Espainiako erregearen mezuarekin gertatutakoa. Patxi Lopezen deiari baiezkoa eman zion 2009an Suriok, eta PSE, PP eta UPDren aldeko botoekin izendatu zuten EITBko zuzendari nagusi. Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen ostean egoera bestelakoa da, ordea. EAJk gutun bat bidali zion Suriori Espainiako erregearen mezua eman ez zezala eskatzeko, eta EH Bilduk jendaurrean adierazi zuenmezua ETBn ematearen kontra zegoela. Suriok aurreko gobernuaren ildoari eusten dio, baina egoera deserosoan. Eta eguraldi mapekin edo beste gai politiko batzuekin ika-mikak baleude, ez luke luzaroan karguan egon nahi.
Surio eszedentzian dago El Diario Vasco egunkarian, eta luze gabe kazeta horretara itzultzea da bere asmoa. 20 urtean, egunkari gipuzkoar horretako politika sailean aritu zen lanean.
Kontuan hartu behar da Surio bera dela gaur egun EITBko zuzendari nagusi zein ETBko zuzendari, Miguel Angel Idigorasek ETBko zuzendari kargua azaroaren amaieran utzi zuenetik. Hain zuzen ere, Idigoras datorren asteartean TVEko Londresko berriemaile lanera itzuliko da. 2008. urtean Andoni Ortuzarrek EITBko zuzendari kargua utzi zuen, EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente bihurtzeko. Eta haren ordez, jarduneko zuzendari gisa Bingen Zupiria aritu zen, orduan ETBko zuzendari karguan zena. Orain, ordea, ez dagoETBko zuzendaririk. Eta horrek are gehiago zailtzen du Suriok bere kabuz kargua berehala uztea. Arduraz jokatu nahi du Suriok, kargua utziko balu EITB zuzendaritzarik gabe geldituko litzatekeelako. Baina otsailaren bukaerarako auzia erabakitzea nahi du egungo EITBko zuzendari nagusiak.
EITBko zuzendari nagusi berria aukeratzeko, Eusko Legebiltzarraren gehiengo soila behar da: 38 legebiltzarkideren aldeko botoa. Hala, EAJk EH Bildurekin edo PSErekin negoziatu beharra dauka EITBko zuzendari nagusi berriaren hautaketa. Zailtasunak izango ditu Eusko Jaurlaritzak zuzendari nagusia aukeratzean adostasuna lortzeko.
Surio EITBko zuzendari nagusi izendatu zuten bilkuran, Ezker Batuak proposatu zuen EITBko zuzendari nagusia aditu talde esperientziadun batek osatutako kontseilu batek aukeratzea, eta Aralarrek bat egin zuen proposamenarekin. Aralarrek zuzenketa bat egin zuen, EITBko zuzendari nagusiak bi hizkuntza ofizialak menpera ditzala eskatzeko.
Aurreikus liteke EITBko zuzendari nagusi berriak euskaraz jakingo duela edo jakin beharko lukeela. Suriok ez daki euskaraz, eta EITBko zuzendari nagusiak euskaraz ez jakitea kritikatua izan da. Bere agintaldian, euskara ikasten aritu da Surio. EAJk aukeratutako zuzendarien artean, era berean, bat baino gehiago izan dira euskaraz ondo moldatzen ez zirenak kargua hartu zutenean: Andoni Areizaga, Jose Maria Gorordo, Josu Ortuondo eta Andoni Ortuzar.
Komunikazioa
Suriok Urkulluri adierazi dio ez duela karguan «betikotu» nahi
Ezeroso dago Surio Jaurlaritza aldatuz geroztik; horren lekuko, Espainiako erregearen mezuaren afera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu