Joan den ostiralean sinatu zuten EITBk eta Eusko Jaurlaritzak 2012ko programa kontratua. Eta, atzo, kontratu horren gaineko azalpenak eman zituzten Blanca Urgellek eta Alberto Suriok Eusko Legebiltzarreko Kontrol Batzordean. «Kontratuaren inguruko hausnarketa abenduan egin zen. Baina ondorengo prozesuak eta tramitazioak luzatu du kontua», adierazi zuen Urgellek. Maribel Vaquero EAJko legebiltzarkideak, berriz, salatu zuen talde politikoak ez dituztela gonbidatu kontratu programaren inguruko ekarpenak egiteko. «Segurtasuna eman behar da, ez bakarrik epe laburrera begiratu». EAJko ordezkariak, halaber, kritikatu du irrati-telebista publikoa «deslokalizatu» egin dela. Luke Uribe-Etxeberria EAJko ordezkariak, halaber, ikus-entzunezko sektorea egoera larrian dagoela salatu zuen: «Jaurlaritza eta EITB ez dira ari motor papera behar bezala jokatzen, eta sektoreari kalte handia ari dira egiten».
Carlos Gorostiza PSE-EEko legebiltzarkideak egungo zuzendaritzaren lanaren alde egin zuen: «Garrantzitsuena zerbitzu publikoa definitzea da, eta hori egin da. Bestalde, lehen, telebista parte batena zen. EITB euskal herritar guztiena sentitu behar da, eta hori Surioren taldeak lortu du».
Suriok atzo iragarri zuen etorkizunerako proiektu estrategikoak dituztela. «Bestalde, EITBk ardura du kontakizunaren kontaketan, eta hori pluraltasun demokratikoari helduz eta indarkeriari zilegitasuna kenduz egin behar da». EITBko zuzendari nagusiak esan zuen parrilako bost eurotik lau barne ekoizpenean gastatzen direla. «Horrez gain, sinergia handiagoa egon behar du irrati, telebista eta Interneten artean, baliabideak optimizatzeko. Baina kontuan hartu behar da inork ez daukala ziurtatuta etorkizunerako finantzaketa».
Langileen protesta gaur
EITBko administrazio kontseiluak bilera egingo du gaur Eusko Legebiltzarrean. ETBko langileen ordezkariek, berriz, elkarretaratzea egingo dute legebiltzarraren aurrean, EITBk 30 urte-Bada aldatzeko garaia lelopean.
Komunikazioa
Surio: «Inork ez dauka ziurtatuta etorkizunerako finantzaketa»
EAJk salatu du alderdiek ez dutela gonbidapenik jaso kontratu programan ekarpenak egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu