Surfa eta bela batu egingo dituzte Antartikan

Antartikan olatu bat hartzen duen lehenengo europarra izaten saiatuko da Kepa Acero surflaria

Pakea Bizkaia belaontzira igoko da Kepa Acero freesurflaria. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Datorren urtarrilaren lauan, Kepa Acero freesurflaria Unai Basurko kapitain duen Pakea Bizkaia belaontzira igoko da Ushuaian (Argentina). Hartara, helburu komunak dituzten proiektu bi uztartuko dituzte. Erronka hori lortuz gero, Acero Antartikan olatu bat hartuko duen lehen europarra izango da.

Algortako surflariaren 5 itsaso proiektuaren barnean dago erronka. Esplorazio bat egitea du helburu proiektuak, inork aurretik surfean egin ez duen leku batean aritzea, eta bidean giza esperientzia sakon bat bizitzea. Kontinente bakoitzean munduko olatu ezezagunen bat aurkitu eta probatzea da xedea. Aurretik, Indonesia, Andama (India) eta Angolan (Afrika) surf egin ostean, Antartikako ur hotzetan aritzeko prest dago Acero, laugarren olatua hartzeko erronkari aurre egiteko gertu.

Surflari batentzat Antartikan arrisku handiena hotza da, baina muturreko tenperaturak eta haize bolada gogorrek ez dute beldurtzen Acero. «Uraren tenperatura bi eta bost gradu artekoa da, baina hotzari aurre egiteko bereziki prestatutako jantzi berezia dut, artilezko isolamendu batekin. Momentu batez geldi geratzen bazara izozteko arriskua duzu, etengabe mugimenduan egon beharko dut», azaldu du.

Hirugarrenean, Antartikara

Pakea Bizkaia-ren hirugarren espedizioa da aurtengoa. Aurretik Groenlandia eta Iparraldeko lurmuturrera (Norvegia) egin zituen espedizioak Unai Basurko eta haren tripulazioak.

Aurtengo espedizioan EHUko hainbat nautika ikasle doaz belaontzian, baita biologo bat, argazkilariak eta irakasleak ere. Orain unerik erabakigarrienean murgiltzeko ari da prestatzen, Ushuaiatik Antartikako Penintsularako nabigazioan, hain zuzen ere. Basurkoren kezka nagusiak itsasaldiak eta tenperatura baxuak dira. Izan ere, Hornos lurmuturrean, haizeak orduko 110 kilometro baino gehiagoko abiadura har dezake; Drake itsasartea igaro behar dute, mundu osoan dagoen nabigazio punturik zailenetakoa; ur hotzetako izozmendi erraldoiak saihestu behar dituzte eta, oro har, Hego Poloaren gainean dagoen kontinente horretako klima gogorrari egin beharko diote aurre.

Urrian hasitako espedizioa Punta Arenasera heldu da (Txile). Egunotan, Pakea Bizkaia-n tripulazio aldaketa egin dute, eta bertan egon direnek «esperientzia ikaragarria» izan dela nabarmendu dute. Ingurumenaren gaineko sentsibilizazioa sustatzea eta ozeanoaz beste aldeko herriekin harremanak lantzea dira egitasmoaren helburuetariko bi.

Acerok kontatu duenez, urteak zeramatzan Basurkorekin hitz egiten, proiektu bat batera egiteko, hau da, belaontzia eta surfa bateratzeko. «Unairen ibilbide osoa jarraitu dut eta inspirazio iturri izan da. Oso garrantzitsua da niretzat berarekin joatea», adierazi du surflariak. «Antartikara joateko proiektua egin dute aurten, eta nire proiektuak ere leku bat zuenez, esplorazio bat egitera joango gara, inork aurretik olatuak hartu ez dituen leku batera». Orain arte bakarrik bidaiatu duela esan du, «jendea ezagutzeko». «Oraingoan, ordea, jendearekin joango naiz, eta esperientziarik ez dudan arren, irrikaz nago espedizioan parte hartzeko», adierazi du Acerok.

Olatua aurkitzearen kezka

Kezka edo beldurrik handiena olatua aurkitzea izango dela adierazi du Acerok. «Mundu osoko olatu bat aurkitzea oso zaila da; gainera, olatua badagoen ere ez dakit». Dena dela, horrek ere bere xarma duela onartu du: «Egindako bidea, bilaketa ere oso polita da».

2000. urtean, bi estatubatuarrek espedizio bat antolatu zuten Antartikako olatuetan surf egiteko asmoz. «Eurek itsasontzi motordun batean joan ziren; beraz, gurea belaontzian egindako lehen espedizioa izango da», azaldu du Acerok. Haatik, algortarra ez da joango beste espedizio batzuen arrastoaren bila. Haren helburua «leku berriak, inork surf egin ez duen olatu birjinak aurkitzea» baita.

Surflari ospetsuen topikoetatik ihes egiten du Acerok. «Niretzat, naturarekin harreman zuzena izateko modua da surfa». Aurreko bidaia batean, Angolan, itsas txakurren artean egon zen igerian surflaria, eta animaliek errespetua ematen diotela kontatu duen arren, eurekin kontaktuan egotea «sentsazio liluragarria eta pribilegioa» izan zela esan du.

Hurrengo olatua non hartuko duen Antartikatik bueltatutakoan erabakiko duela esan du. Hala ere, burua Mediterraneo itsasoan eta Txinan duela aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.