ATZEKOZ AURRERA. Leire Garmendia. Zinemagilea eta surflaria

«Surfa aitzakia bat da, beste kiroletan ere berak baitira ondorioak»

Emakume surflariak protagonista dituen Glassy dokumentala egin du Garmendiak; emakume kirolariek jasaten duten «matxismoa salatzea» eta «datozen belaunaldiak motibatzea» du helburu.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Zarautz
2018ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Leire Garmendiak (Zarautz, Gipuzkoa, 1995) ikus-entzunezko komunikazio eta kazetaritza ikasketak bukatu berri ditu, Madrilen. Glassy dokumentala egin du, gradu amaierako lan modura: Euskal Herriko emakume surflariak ditu protagonista, «haien bizipenak eta jasaten duten matxismoa». Ikasketak amaituagatik, Glassy ez du utzi bazter batean; uztailaren 17an aurkeztu zuen Zarautzen, eta oso pozik dago izandako harrerarekin: «Jende asko bildu zen». Gijonen ere (Espainia) aurkeztu zuen, egun batzuk geroago. Irailean, berriz, Donostian, Valentzian (Herrialde Katalanak) eta Madrilen ikusi ahal izango da.

Emakume surflariei buruz egin duzu gradu amaierako lana. Zergatik gai hori?

Bost hilabetez aritu behar genuen proiektu bat egiten, gauza bera lantzen. Gustuko gai bat hautatu behar nuen; bestela, bost hilabetez hori lantzen... Surfa aukeratu nuen, betidanik egin dudan kirola delako. Era berean, feminismoarekin oso kontzientziatuta nago; niretzat oso garrantzitsua da: barrua mugitzen dit. Horregatik, bi gauzak nahasi nahi nituen.

Ikasketak bukatu arren, Glassy batetik bestera dabil.

Ez nuen nahi proiektua egin eta hor geratzea; gizarteari nire ekarpena egin nahi nion. Ikus-entzunezkoa hainbeste jenderengana irits daitekeenez, nire aletxoa jarri nahi nuen.

Zein da dokumentalaren helburua?

Hasteko, emakume kirolarien egoera salatzea; haien egoera erakutsi nahi nuen: surfa aitzakia bat da, beste kiroletan ere berak baitira ondorioak. Bestalde, datozen belaunaldiak motibatzea ere badu helburu. Nire belaunaldiaren eta aurrekoen garaian, aldizkarietan Reef ipurdia —ipurdi politenaren lehiaketak— eta horrelakoak agertzen ziren; mutilak sekulako birak egiten ikusten genituen; neskak, aldiz, modelo moduan. Haatik, neskak motibatzea nahi dut, bereziki Euskal Herrikoak, gero eta belaunaldi hobeak datoz eta; gazteek esan dezatela: «Nik badaukat horra iristea».

Zein dira emakume surflarien zailtasunak?

Kirolari guztien moduan, mailarik handienera iritsi nahi dute, eta horretarako diru asko behar dute, txapelketak hainbat herrialdetan jokatzen baitira. Baina, dirurik ez badute, ezin dute parte hartu; beraz, ezinezkoa da sailkapenean igotzea. Hori da arazorik handiena. Komunikabideetan ere ez zaie ikusgaitasunik ematen. Ondorioz, babeslerik eta laguntzarik ere ez zaie etortzen. Zirkulu moduko bat da, etaezin dute atera hortik.

Eta aisialdiko surfean, ba al dago matxismorik?

Bai, surf librean ere badago aldea. Neskok indar gutxiago dugu konstituzio fisikoagatik, eta mutilek ere badakite hori. Sarritan, pikoan—olatuaren zain egoteko tokian— neskak eta mutilak egonagatik,olatu guztiak mutilek hartzen dituzte, eurek arraunean indar handiagoa daukatelako. Indarraren legea ezartzen dute, nolabait esateko.

Emakume batek emakumeekin egindako lana da. Zer ikasi duzu?

Gauza asko; hasteko, Euskal Herriko emakumeen surfaren historiari buruz ikasi dut. Idatzizko lana egiten hasi nintzenean, informazioa falta zela ohartu nintzen. Orduan, elkarrizketak egiten hasi nintzen, eta, egungo surflariez gain, Euskal Herriko surfean aitzindariak izandakoak ere elkarrizketatu ditut:Marimar Izagirre, Mari Jose Urteaga eta Miriam Imaz, besteak beste.

Izango da bizipen aipagarririk...

Izagirrek, esaterako, honako hau azaldu zidan: «Nesken txapelketarik ez zegoen hasieran, eta presioa egiten aritu ginen txapelketak antolatzeko. Hori lortu genuenean, epaileek, garagardo bana eskuan, ipurdirik politenak puntuatzen zituzten».

Ba al dute kontzientziarik emakume surflariek?

Bai, badakite surfean matxismoa dagoela. Baina, oro har, badute beldurra ere, babesleak galduko ote dituzten edo. Horregatik, askotan ez dute esaten pentsatzen duten guztia.

Argazkilaria eta kazetaria ere bazara. Nolakoa da hedabideek emakume kirolariei ematen dieten tratamendua?

Gauzak aldatzen ari dira; gero eta gehiago lantzen da emakumeen kirola komunikabideetan. Hala ere, asko dago oraindik egiteko. Gainera, sarritan, emakume kirolariak norbaiten neska gisa aurkezten dira. Hori ez da zuzena: kirolariak dira, eta haien izen-abizenekin aurkeztu behar dira.

Nola eman dakioke buelta egoerari?

Guztiak aldatu behar du: gobernuek, federazioek, surflariek... Denok aldatu behar dugu txipa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.