Hilabete berezia izan ohi da abuztua astronomia maite dutenentzat. Dagoeneko ozar izarrak eta Pertseidak ikusi ahal izan dira, eta Esturionen ilargiaren txanda iritsi da orain, abuztuko ilargi betearena. Aurtengoa, baina, ez da ohikoa izango: superilargi urdina izango da. Gaur ikusi ahalko da, Euskal Herrian 20:25 direnean. Kontuan hartu behar da, hala ere, oraindik egun-argia izango dela eta, horregatik, hobeto ikusiko dela pare bat ordu geroago, erabat ilundutakoan. Fenomeno horrek hasiera emango dio, halaber, bata bestearen atzetik azarora arte izango diren lau superilargiren sail bati.
Superilargia ikusteko, prismatikoak edo teleskopioak erabil daitezke, baina ez dira beharrezkoak. Adituek gomendatzen dute hirietatik aldentzea eta 15-20 minutu itxarotea, ikusmena iluntasunera ohitu dadin. Gaurko ikuskizunera iritsi ezin direnak, lasai: hiru egunez ikusi ahal izango da satelitea, asteazkenera arte. Datozen egunetako eguraldi aurreikuspenak betetzen badira, zerua garbi egongo da, eta, beraz, ez da arazorik izango Ilargia bistaratzeko.
Zer da, baina, superilargi urdina?Lurrari gehien gerturatzen zaion ilargi beteari deitzen zaio superilargia —perigeoa izena du orbitako puntu horrek—. Urteko ilargirik ahulenarekin konparatuz gero, satelitearen diametroa %14 handiago ikusi ohi da Lurretik, eta %30 distiratsuago. Urtean hiru, lau edo bost aldiz gertatzen da. Ilargi urdina, berriz, hilabete berean bi ilbete direnean izaten da. Uste baino ohikoagoa da: bi edo hiru urtean behin gertatzen da. Bi fenomenoak batuko dira gaur, bihar eta etzi.
Kondairen eragina
Oraingo honetan, ordea, ilargiari urdin deitura gehitzeko arrazoia ez da ohikoena. Izan ere, gaurkoa ez da izango hilabete bereko bigarren ilargi betea. Udan izango den hirugarrena da, eta beste bat ere izango da irailaren 18an. Normalean, hiru ilbete izaten ditu urtaro bakoitzak, eta oraingo honetan lau izateak egin du hain erakargarri fenomenoa.
Abuztuko ilbeteari Esturionen ilargia deitzeak Ipar Amerikako tribu batzuetan du jatorria. Abuztuan, espezie horretako arrainak arrantzatzen zituzten ipar hemisferioko aintziretan, eta, horrela, Ilargiari Esturion deitzea erabaki zuten.