Sumendi erupzioak gertatzen diren bezala, zenbaitetan gizakien barrenetik sutsutasunez eta kemenez beteriko jokabideak azaleratzen dira. Pertsona une batez aztoratu eta eraldatu egiten da, eta gobernaezina bilakatu. Une horien agerpen batzuk ezinegonaren adierazle izaten dira; indarkeria leherketak, esate baterako. Beste batzuk, berriz, euforiaren eta desinhibitzearen erakusle dira. Jaiak hasten dituzten txupinazoak bigarren egoerarekin ezkontzen dira.
Zeledon kanpandorretik jaitsi ahala, urte osoan ezkutuan egon den gogo eta kemen laba Andre Maria Zuriaren plazan barreiatzen hasi da. Gasteizko gizartea xanpain aparrez eta puruen kez beteriko atmosfera batean murgildu da. Ez da gutxiagorako, aurretik bost eguneko zoramena dago, geldirik egoteko tarterik utziko ez duena.
Jaia eta aldarrikapena
Arratsaldeko seiak jo arte, Andre Maria Zuriaren plaza jendea bereganatuz joan da gutxinaka-gutxinaka. 16:00 aldera, lehen taldeak biltzen hasi dira edariz beteriko edalontzi eta botilekin. Lagun talde bakoitzak, borobiletan bildu, eta bere espazio propioa sortzen du erdian edariak jarrita. Adinari dagokionez, plazan gehien ikusten den profila 18-20 urte bitarteko gazteena da. Hala ere, jende heldua ere ikusten da.
Minutuek aurrera egin ahala,plazara jendea inguratzen hasi da. Kortxoen eztandak eta xanpainaren eta beste edari askoren zipriztinek jaiaren ataria itxuratu dute. Bitartean, asko kutxetatik puruak atera eta ezpainetara eramaten hasi dira jaien hasierako imintzio gisa.
Jaien adierazleez gain, txupinazoak ez du aldarrikapenik falta izan. Ekintzaile ugarik ahalegin handiarekin beren lekua aurkitu behar izan dute beren eskaerak ikusarazteko. Iruñeko adibideari jarraiki, Mugimendu Feministak pankarta erraldoi bat ipini du plazaren aurrealdean, gogorarazteko jaiek dakarten subertsioak ez duela justifikatzen emakumeen aurkako gehiegikeriarik, eta, beraz,desinhibizioak berak ere mugak dauzkala; besteak beste, pertsonaren nahia eta borondatea.
Beste aldarrikapen garrantzitsua presoekin lotutakoa izan da. Plazaren txoko guztietan, presoak Euskal Herriratzearekin loturiko pankartak ikusi dira. Askok jaietan beren senideen eta lagunen oroimena ez galtzeko aldarria zabaldu dute lau haizeetara era honetan. NATOren eta TTIPen aurkako aldarriek eta ikurrinek ere bere lekua egin dute leporaino bete den plazan.
Plaza goraino beteta zela, Zeledonek urteroko ibilbidea hasi du. Beti bezala, ibilaldia oztopoz beterik egon da, hala nola jendearen bultzakadak eta lurrean dauden objektuak. Hala ere, boluntario talde batek lagundurik, Zeledonek arazorik gabe egin ahal izan du bere ibilaldia.
Zeledonek, balkoira iritsi bezain laster, aurtengo mezua plazaratu du, aterkia eskuan zuela. Hasteko, Arabako kirola goraipatu du, aurtengo balentriak eta arrakastak gogoratzeko asmoz. Bestetik, dei egin die gasteiztarrei eta kanpotik datozen guztiei jaiaz goza dezaten, baina errespetuz eta inori eraso gabe. «Ezetz ezetz da beti» lelopean, eraso sexisten aurkako mezua zabaldu du. Zeledon entzunda, gasteiztarrek dutxarako bidea hartu dute, festarako grinaz kutsaturik. Zoramenerako bost egun datoz.
Sumendi eztanda
Urtero legez, Zeledon San Migel elizatik jaitsi da euforia uholde bat eraginez Andre Maria Zuriaren plazan. Geldirik ez egoteko bost egun dauzkate gasteiztarrek aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu