Ezarian. '200 errezeta goxo eta osasuntsu'

Sukaldean osasuna zainduz

Arantxa Lorenzoren '200 errezeta goxo eta osasuntsu' errezeta liburua erdi prezioan eskuratu ahal izango dute BERRIAko harpidedun, BERRIAlagun eta irakurleek.

Adrian Garcia.
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Euskarazko lehen sukaldaritza bildumak aurrera segitzen du, etenik gabe, oraingoan Arantxa Lorenzo nutrizionistaren eskutik. Ttartalo etxeak argitaraturiko 200 errezeta goxo eta osasuntsu errezeta liburua da bilduma horren zazpigarren alea. Dieta mediterraneoarrean oinarritutako askotariko errezeta eskaintzeaz gain, elikadura osasuntsu eta orekatua izateko aholkuak ematen ditu.

BERRIAko harpidedun, BERRIAlagun eta irakurleek erdi prezioan eskura dezakete liburua: 12 eurotan. Ekainaren 29a baino lehen egin beharko dute eskaera www.berria.info/promoak/200errezeta webgunean, [email protected] e-postan edo 943 30 43 45 telefonoan.

Presa eta estresaren zurrunbiloak harrapatuta, elikadura ohiturak aldatu eta geroz eta denbora gutxiago eskaintzen dio jendeak sukaldaritzari. Aurrez prestaturiko janariaren kontsumoaren gorakadak eta otorduak behar bezala ez errespetatzeak elikadurarekin loturiko hainbat gaixotasun ekar ditzake, hala nola haur-gazteen gizentasuna, diabetes eta kolesterol-arterosklerosi arazoak. Arazo horiek guztiak eragotzi eta gutxitzeko nahiak bultzatu du Arantxa Lorenzo nutrizionista 200 errezeta goxo eta osasuntsu errezeta liburua idaztera.

Elikadura orekatua

Janari aniztasuna eta aberastasuna ezagutzeko bidea eskaintzen du liburuak, errezeta mordo baten bidez. Gaur egun, eskolako jangelan bazkaltzen duten haur eta gazteen kopuruak gora egin du. Hori dela eta, haur horiek aukera gutxi dute sukaldean ikasteko. Horrek gerora eragina izan dezake, elikadura orekatua edukitzeko ezaguera falta izan baitezakete. Liburuko errezetak errazak dira prestatzen, sukaldean inoiz aritu ez direnentzat egokiak. Aproposa, lehen aldiz etxetik kanpo bizi behar duten ikasle edo langile gazteentzat. Nerabe eta gazteengan elikadura eta sukaldaritza osasuntsurako interesa pizteko ere egokia izan daiteke, oporretan otorduak prestatzen laguntzeko aitzakia.

Janari talde guztiekin errezeta osasuntsuak eskaini ez ezik, elikadura orekatuari buruzko azalpenak dakartza liburuak lehen orrietan. Hala, dieta orekatu batek izan behar dituen ezaugarriak jakin ditzake irakurleak, asteko menua planifikatze aldera. Horrez gain, janari talde bakoitzari dagokion maiztasuna eta kantitatea jasotzen duen taula ere azter daiteke.

Dieta orekatuak pertsonaren energia beharrak bete behar ditu. Adina, sexua, pisua, altuera eta egiten duen kirolaren arabera, desberdinak izango dira energia behar horiek. Halaber, gorputzeko gatz mineral eta bitamina beharrak bete behar ditu. Gatz mineral eta bitamina horiek ez dute energiarik eskaintzen, baina gorputzaren osaketa eta funtzionamendu egokirako ezinbestekoak dira.

Bizitzako beste arlo guztietan bezala, elikaduran ere ordena bat jarraitu beharra dago. Horregatik, Lorenzok garrantzia ematen dio otorduen banaketari eta banaketa hori errespetatzeari. Gutxienez hiru otordu egitea ezinbestekotzat jotzen du nutrizionistak: gosaria, bazkaria eta afaria. Halere, egokiena, bakoitzaren ordutegira egokituta, lau eta bost otordu artean egitea da. Ez da komeni bost ordu baino gehiago ezer jan gabe egotea; zerbait jan behar da, fruta edo esnekiren bat besterik ez bada ere. Horregatik, garrantzitsua izan daiteke hamaiketakoa eta askaria egitea, batez ere aurreko otordutik bost edo sei ordu baino gehiago igaro badira.

Osasuna zaintzea eta janariak prestatzea pisutsua eta aspergarria ez dela erakutsi nahi izan du Lorenzok errezeta liburu honen bitartez. Nutrizionistak eskainitako errezetak eginda eta aholkuak beteta, norbera bere buruarekin hobeto sentitzeko aukera izango du, eta betiere janari osasuntsu batez gozatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.