Lesbosera (Grezia) joan aurretik lan handia egiten dute Zaporeak elkarteko kideek Euskal Herrian. Horixe nabarmendu du Edurne Arrizibita (Iruñea, 1973) erakundeko kideak, bertara joatea bezain garrantzitsua dela hemen egiten den lana. Izan ere, Zaporeak erakundeak urte mordoa darama Lesbosen errefuxiatuen esparruetan otorduak banatzen. Orain, Kara Tepe kanpamentuan daude. Baina, Fermin Artola (Iruñea, 1958) kideak adierazi duen moduan, horretarako diru asko behar da. Hain zuzen ere, dirua biltzeko antolatu dituzte biharko kontzertuak, eta helburua argi dute: Burlatako kultur etxea betetzea. Burlatako Udalaren webgunean eros daitezke sarrerak, hamabi euroan. Egunean bertan ere eskura daitezke, hamalau euroren truke.
Egunero 1.500 eta 3.000 otordu artean ematen dituzue. Nola egiten duzue hori?
EDURNE ARRIZIBITA: Horrek esan nahi du aldez aurretik dirua eta janaria bildu behar dela. Lesbosera joatea bezain garrantzitsua da hemen egiten den lana. Orain, adibidez, bazkide egiteko aukera dago: Zaporeak.eus webgunearen bitartez egin daiteke bazkidetza, eta norberak nahi duen ekarpena egin dezake. Hori oso garrantzitsua da, diru sarrera finko bat bermatzen duelako. Horrez gain, janari bilketak antolatzen ditugu Euskal Herriko txoko askotan. Hemendik lekaleak, arroza, pasta eta antzeko produktuak eramaten ditugu, eta produktu freskoak han bertan erosten ditugu.
Zein da orain Kara Tepe errefuxiatuen esparruko egoera?
FERMIN ARTOLA: Egoera oso aldakorra izaten da. Nik ezagutu izan dut 6.000 pertsona egotea, baita mila pertsona baino gutxiago egotea ere. Oraintxe bertan, 3.000 pertsona inguru daude. Baina ia egunero etortzen dira jendez betetako txalupatxoak, atzera botatzen dituztenak kontuan hartu gabe. Momenturen baten jende askoz gehiago pilatzen bada, Greziako Gobernuak kontinenteko beste kanpamentu batzuetara eramaten ditu errefuxiatuak. Gaur egun, 2.000-2.400 otordu inguru banatzen ditugu.
Zenbat boluntario zaudete han?
ARTOLA: Hiru talde daude. Alde batetik, sukaldean sei pertsona egoten dira, eta kontratatuak daude: bi sukaldari, bi pertsona koordinazio lanetan, eta beste bi okindegian, ogia prestatzen. Beste alde batetik, Euskal Herritik joaten diren boluntarioak daude; beste sei pertsona. Horiez gain, egunero kanpamentutik boluntarioak etortzen dira, otorduak banatzen laguntzeko.
Nork izaten du lehentasuna janaria jasotzeko orduan?
ARTOLA: Berez, Greziako Gobernuak janaria banatzen du kanpamentuan. Zalantzan jartzen dugu janari horren kalitatea; nik esango nuke oso txarra dela. Baina, ofizialki behintzat, ziurtatzen dute kanpamentuan bizi diren gehienei iritsiko zaiela janari hori. Bi salbuespen daude, ordea: asilo eskaerari ezetza eman diotenak edo dagoeneko pasaportea lortu dutenak. Horiek ez dute eskubiderik janaria eskuratzeko, nahiz eta kanpamentuan bizi. Guk bi egunean behin zerrenda bat jasotzen dugu, jakiteko nork ez duen janaria hartzeko eskubiderik, eta pertsona horiek gure janaria jasotzen dute.
Beraz, zuen helburua ez da bakarrik janaria ematea, baizik eta kalitatezko janaria ematea.
ARRIZIBITA: Bai. Greziak ematen duen janaria ez da egokitzen pertsona horiek dituzten beharretara. Pentsatu behar dugu pertsona horiek sufrimendu handia jasan dutela, bai fisikoa eta bai psikologikoa. Janariaren bidez ongietorria egin nahi diegu.
ARTOLA: Gainera, kanpamentutik etortzen diren pertsonentzako sukaldea toki seguru bat da, kanpamentuan dagoen girotik alde egiteko aukera bat. Eta hori oso garrantzitsua da. Noizbehinka igandeetan festatxoak antolatzen ditugu, eta jende gehiago etortzen da, baita haurrak ere. Orduan, sukaldea ez da bakarrik kozinatzeko toki bat, jendea elkartzeko leku seguru bat bihurtu da.
Nolakoak dira egunak errefuxiatuen esparruan?
ARTOLA: Berez ez da kanpamentu itxia, edo esaten dute ez dela itxia, besteak beste itsasaldera ematen duelako. Normalean, atera daitezke. Goizetan oso nabarmena da eserita egoten direla, norbaitek kontratatuko ote dituen esperoan, diru pixka bat lortzeko. Baina, bestela, ez dute ezer egiteko. Erantzunaren zain daude, gobernuaren erantzunaren zain. Eta itxaronaldi hori asteak, hilabeteak, edo urteak luzatu daiteke. Haiek uste dute behin Europan egonda dena konponduta dagoela, lanean hasiko direla. Baina ez, beste horma batekin egiten dute topo.
ARRIZIBITA: Oso gogorra da, baita ere, tenperaturaren aldetik. Metalezko kutxa batzuetan bizi dira, hemen obrak egiteko erabiltzen diren kutxa metaliko horietan, normalean bi familia elkarrekin. Udan bero izugarria egiten du, eta neguan, hotz handia.
Zer antolatu duzue biharko kontzertuetarako?
ARRIZIBITA: Guretzako zoragarria litzateke Burlatako kultur etxea betetzea. Zorionez, elkarlanean aritzea lortu dugu Burlatako Udalarekin eta bi talde zoragarrirekin. Batetik, Madame Birrots arituko da; Baztango taldea da, eta oso musika ona egiten dute. Bestetik, Muxutrock-ek joko du; hasieratik Zaporeak-ekin oso hartu-eman polita izan du talde horrek. Oso eskaintza ona dela iruditzen zaigu, eta uste dut pertsona horiek merezi dutela.
LOTSABAKO
Gogoko duzuen abesti bat?
ARRIZIBITA: Naxker taldearen 'Ezin dut sinetsi'. Ezin dut sinetsi egoera honetan egotea.ARTOLA: Mikel Laboaren 'Martxa baten lehen notak'.
Musika talde edo bakarlari bat?
ARRIZIBITA: Olaia Inziarte eta Madame Birrots.ARTOLA: Asko entzuten ari naiz Zea Mays eta Anari.