Sugebiziak eta sugezainak

Aranzadi elkarteak '#sugebizi' proiektua jarri du abian: sugeei buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa handitzea helburu duen egitasmoa. Herritarrek Twitterren jartzen dituzte sugeen argazkiak, eta non eta noiz ikusi dituzten adierazi. Herpetologoek argitzen diete zer espezietakoak diren.

Eider Conde komunikazio arduraduna, eta Ane Fernandez eta Iñaki Sanz-Azkue Herpetologia Saileko kideak, Aranzadi zientzia elkartearen egoitzan, Donostian. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Ziur batek baino gehiagok egin duela: ikusi dituela miztoak, begiak eta ezkatak, eta hotzikaraz eta nardaz pasatu dituela bat-batean bi orri hauek, begiak itxita, dardara muzin batekin. Ez larritu. Elezaharrek, uste okerrek eta erlijio kristauak itxitako begiak dira. Eta begi horiek berriz irekitzea du helburu Aranzadi zientzia elkartearen #sugebizi proiektuak. «Erronka» bat da: sugeei buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa handitzea, eta sugeak «maitatzen» eta «errespetatzen» ikastea. Historian zehar herritarrek «jazarritako» espeziea izan da sugea, eta herritarrek «kontzientzia hartzea» da horregatik Aranzadiren helburua, haien «parte-hartzea» bultzatuz.

Nola? Twitter sare sozialaren bidez. Zergatik? Iñaki Sanz-Azkue herpetologoarena da azalpena eta abiapuntua: «Iaz hasi nintzen Twitter bidez sugeen argazkiak jasotzen. Konturatu ginen bazegoela hor jende bat agian kalean naturarekiko interes gehiegirik ez zuena, baina sakelako bat zuena eskuan eta suge bat topatu bezain pronto sare sozialetara igotzeko prest zegoena. Hasi ginen pentsatzen aipu horiek denak artxibatzeko moduren bat egin behar genuela».

Aranzadin bazuten lehendik ere eskarmentua #txiobatputzuan izeneko proiektuarekin. Ikusitako anfibioei argazkiak ateratzeko eta datatzeko eskatu zioten jendeari orduan. Eider Conde Aranzadiko komunikazio arduradunak azaldu duenez, «lehen proba» izan zen hura, «sekulakoa» izan zen emaitza, eta sugeetara «salto egitea» erabaki zuten: «Harrituta gaude izan duen harrerarekin. Ez genuen espero halako arrakastarik izango zuenik. Jendea mendira joaten da, eta inplikatzeko aukera ematen diozunean, erabat inplikatzen da».

Aranzadik asteazkenero jartzen du bere Twitter kontuan txio bat #sugebizi proiektuari buruzkoa. Asteazken batean, Euskal Herriko suge espezie jakin bati buruzkoa izaten da, argazki batekin eta azalpen labur batekin. Hurrengoan, Euskal Herriko mapa bat jartzen dute, ikusi eta argazki bidez jaso diren sugeen berri emanez. Atzokoak dira, horrenbestez, azken datuak: 120 aipu, hilabete eta erdian. Ane Fernandez Aranzadiko Herpetologia Saileko kideak kudeatzen du mapa, eta hark zerrendatzen eta artxibatzen ditu aipuak. «Hasi ginenean, esaten genuen 30 bat ez zela kopuru txarra izango», gogorarazi du. Garbi du zein den proiektuaren helburua: «Hemen zer suge espezie ditugun erakustea, eta sugea ez lotzea beti zerbait txarrarekin edo negatiboarekin, erakustea harrigarriak diren izakiak direla, guri ez digutela ezer egiten, eta naturan bizi direla lasai asko. Interes hori piztea, eta identifikatzen ikastea».

Eta ikaste lan horretan erabiltzaileak elkarri laguntzen hasten dira sarean: «Elkarri erantzuten diote, eta batak besteari esaten dio zer suge den igo duen hori». Espezie bakoitzaren gaur egungo egoera zein den jakiteko balio ote dezakeen galdetuta, zera dio Fernandezek: «Orain arte oso datu gutxi izan ditugu. Honek aukera eman dezake populazio konkretu batzuei buruz informazio gehiago izateko, joera batzuk ikusteko... Zero datu izatetik datu hauek izatera jauzi handia da. Interesgarria izan liteke banaketa aldetik, Euskal Herri osoa hartzen duelako aintzat». Eta euskara hutsean.

Whatsapp talde bat

Funtzionamenduak erraza dirudi, baina antolaketa handia dago atzean. Proiektuko kideek Whatsapp talde bat dute, «jo eta su dabilena». Erabiltzailearen argazkia jasotzean, talde horretako herpetologoek identifikatzen dute sugea. Ondoren, Aranzadik erantzuten dio erabiltzaileari, zer suge den esanez, eta #sugezain titulua emanez. Askok Iñaki Sanz-Azkueri luzatzen diote eskaria zuzenean. «Iñakiren papera da informazio gehigarria ematea, bera da herpetologian erreferentea», azaldu du Eider Conde komunikazio arduradunak.

Sanz-Azkuek dio «auzolanean» egindako proiektu bat dela: «Proiektu honek ez dauka diru laguntzarik. Sugeak ikertzeko laguntzak lortzea ia ezinezkoa da. Pentsa noraino iristen den uste okerren kultura hori. Horregatik ez ditu Aranzadik ere urteotan sugeak ukitu. Jendeak proiektuak lortu behar dituelako, eta ez dagoelako proiekturik sugeen inguruan. Hasiera bat da hau horretan aurrera egiteko».

Herritarren zientzia

Sanz-Azkuek dio sugeei buruz ez dela «hitz egin», ez dela «dibulgatu», eta «ezjakintasun» horrek aurrez zeuden okerreko uste horiek denak «handitu» egin dituela. Finean, jendeak ez dakiela sugeek ingurumenean betetzen duten funtzioa zeinen «garrantzitsua» den: uztak kaltetzen dituzten izurriteen kontra, gaixotasun emergenteen bektore izan daitezkeen bizidunen kontrol biologiko gisa... Baina #sugebizi proiektuari esker, jendea «bere egiten» ari da mezu horiek ere. Sanz-Azkue: «Adibidez, erabiltzaile batek txio batean idatzi zuen: 'Aurten sagu pila dabil baserri inguruan'. Eta besteak erantzun: 'Agian horrenbeste suge akabatuko ez bagenitu'. Mezu horiek sartzen joatea lortzen dugu».

Baserri munduan ez du fama onik izan sugeak. Onartzen du hori Sanz-Azkuek, baina haiek zuten «ezagutza» nabarmendu du: «Baserritarrek ezberdindu egiten zituzten sugeak ere. Bazekiten sugegorriak pozoitsuak direla, eta gainerakoei buruz esaten zuten: 'Horiek utzi bakean, makalak dira'. Jakituria hori galtzen joan den heinean, denak talde berean sartzen joan gara, arriskutsu itxura eman diegu suge guztiei, eta akabatu egiten ditugu. Horrekin ez dut esan nahi baserritar haiek sugegorri haiek akabatzen ez zituztenik».

Sanz-Azkueren «sentsazioa» da erakarri dutela jende bat «herpetologia zer zen ez zekiena ere», eta lortu dutela haiek «parte» sentitzea: «Herritarren zientzia da, beren datuekin ari gara zientzia egiten, eta sentitzen dute aportatzen ari direla, euren puntutxoa mapan agertzen dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.