Gerizpean

Suetatik haragoko jaiak

Donostiako Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute; haur, gazte eta helduentzako ekintzak izango dira

Donostia Kulturako kideak, atzo, Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpenan. BERRIA.
Donostia
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Donostia Kulturak ezagutarazi du jada aurtengo Aste Nagusiko egitaraua. Abuztuaren 11n hasiko dira jaiak, Artillari Nagusiak jaurtitako kanoikadarekin; horrekin batera, Donostiako Piratak igoko dira balkoira, Artillero abestera. Hilaren 18ra arte iraungo dute jaiek, eta egun horietan ez da aspertzerik izango. Haur, gazte nahiz helduentzako ekintza andana antolatu dute. Musikazaleen gozagarri, berrogei taldetik gora ariko dira hiriko hainbat lekutan. Aurten, festak eremu bakarrean pilatu beharrean, hiri osoan zabaldu nahi dituzte. Saguesen jarri dute agertoki nagusia, eta gauero emanaldiak egingo dituzte. Zea Mays eta Doctor Deseok emango dute lehen kontzertua; hurrengo egunetan, Esne Beltza, La Fuga, Gose, Fuel Fandango, Gallinero All Stars, Mala Rodriguez, Anai-arrebak eta Ken Zazpi taldeak egongo dira Saguesen. Horrez gain, Zuloaga plazan, Easo plazan, Konstituzio plazan eta Bulebarreko kioskoan ere izango dira musika emanaldiak. Kaleetan barrena, berriz, txarangak eta perkusio taldeak ibiliko dira.

Jaiak eta jakintza, biak bat

Musikaz gaindiko dibertsioa nahi dutenek antzerkiak, azokak, bertsolariak, dantza emanaldiak, puzgarriak eta beste aurkituko dituzte. Jai giroa nagusi den arren, bada ikaskuntzarako tartea ere: forja lana erakusteko tailerra, egurrezko puzzleak sortzeko tailerra, ehungailuekin lanak egiteko tailer parte hartzailea...Donostiara joaten denak izango du festa non aukeratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.