DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. Izaskun Astondoa. Su festetako epailea

«Suek sortzen duten zirrarak du garrantzi handiena»

Familiako piroteknia etxearen jabe da Astondoa. Su etxe horrek aurten ez du parte hartuko Donostiako Aste Nagusiko su festetan, baina Izaskun Astondoa epaile lanetan dabil.

2014ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Lanpetuta ibili da azkenaldian Izaskun Astondoa (Bilbo, 1962): izan ere, Donostiako su festen epaile lanetan diharduen bitartean, datorren astean Astondoa piroteknia etxeak Bilbon egingo duen ikuskizuna prestatzen ari da. Su festen arloan aditua da Astondoa; 125 urte inguru daramatza haren familiak pirotekniaren inguruan lanean, eta hark munduko leku ugaritako suak ikusi ahal izan ditu.

Zer-nolakoak izaten ari dira, oro har, aurtengo suak?

Oraingoz, nahiko saio politak ikusten ari gara. Madrilgo Vulcano piroteknia etxekoak oso ondo hasi ziren: su koloretsuak jaurti zituzten, eta zarata aldetik ere ondo egon ziren. Italiakoak ere oso onak izan dira, betiko moduan, eta astearteko Austriako suak ere politak izan ziren.

Zertan datza su festetako epaileen lana?

Donostian, lehenengo, muntaketa ikustera joaten gara, Alderdi Ederrera. Su etxekoekin hitz egiten dugu, eta haiek zer ekarri duten azaltzen digute. Gero, gauean, Londres hotelean elkartzen gara, eta handik ikusten ditugu suak.

Zein irizpideri jarraitu behar diozue suak epaitzeko?

Gauza askori begiratu behar izaten zaio: zaratari, erritmoari, koloreari... Baina, guztiaren gainetik, sorrarazten duten zirrarak du garrantzi handiena.

Zuk ere piroteknia etxe bat duzu. Non pasatzen da okerrago: parte hartzen edo epaitzen?

Nik uste parte hartzen okerrago pasatzen dela. Gure su etxeak aurten Bilbon parte hartuko du, eta dagoeneko kezkatuta gaude. Epaitzea ere ez da lan erraza, baina saiatzen gara arrazoiak bilatzen gauzak gaizki ateratzen direnean, denok izan ditzakegulako hutsegiteak eta su etxeetako jendeak elkar ezagutzen dugulako.

Zergatik dira hain garrantzitsuak suak Donostiako Aste Nagusian?

Nik uste leku askotan direla garrantzitsuak suak, festetan batez ere. Su festak bezalako ikuskizunek denetariko jende asko biltzen dute: pertsona helduak, haurrak, gazteak... Oso politak izaten dira, eta, horiek bukatzean, bakoitzak aukera egiten du: batzuk etxera joaten dira, eta beste batzuek, berriz, parrandan jarraitzen dute. Donostian, gainera, Kontxatik ikusita, ikusgarriagoak dira.

Arriskutsua da piroteknia?

Zero arriskua ez da existitzen. Hala ere, segurtasun neurriak hartzen ditugu, bai piroteknia etxekoek eta bai udalak, istripuak saihesteko.

Zer-nolako lana du atzean su festen saio batek?

Lehenik eta behin, etxean diseinua eta etxafuegoak prestatu behar dira: karkasak, kandelak... Erabiltzen den guztia. Donostian, esaterako, gauero 3.000 inguru su ikusgarri erabiltzen dira, eta hori guztia nola antolatu pentsatu behar da: nola nahastu koloreak, zer irudi egin... Eta horrek denbora asko hartzen du. Gero, Donostian, egun oso bat izaten dute su etxeek dena prestatzeko.

Zer iruditzen zaizu Donostian azken egunean egiten den piromusikala?

Niri gustatzen zait, baina uste dut musikak eta suek koordinatuta egon behar dutela beti, batak bestea errespetatuz. Musikak emozio berezia ematen die suei. Kanpotik datozenek esan ohi dute hemengoek meritu handia dugula, suak musika gabe botatzen ditugulako.

Nondik datorkizu su festetarako zaletasuna?

Nik uste zaletasuna familiatik datorkidala. Astondoa familian, 125 urte daramatzagu pirotekniarekin lanean, eta horrek zerikusia du, dudarik gabe, ni ere horretan aritzeko .

Zerk erakartzen zaitu gehien su festetatik?

Ni gehienbat koloreak eta erritmoak erakartzen naute; irudi ezberdinak ikustea, eta haien arteko konbinazioak. Zarata, egia esateko, ez zait askorik gustatzen.

Zer ezaugarri izan behar dute suek onak izateko?

Erritmo bizia izan behar dute, eta koloretsuak izan, eta oso garrantzitsua da zerua betetzea, behekoak, erdikoak eta goikoak konbinatuz. Jendeak uste duenaren aurka, azken traka ez da horren garrantzitsua. Niri, behintzat, ez zait gustatzen su guztiak batera botatzea. Italiakoak, esaterako, oso onak dira horretan; su zuriekin bukatu ohi dute, eta oso dotore geratzen zaie.

Zein izan dira inoiz ikusi dituzun su festarik onenak?

Japoniakoak, dudarik gabe. Ez dira hona etortzen, hango piezak oso garestiak direlako. Denbora asko behar dute suak prestatzeko, eta banan-banan botatzen dituzte gero, karkasa bat bestearen atzetik, baina denak ondo bereizita. Ikuskizun ederra izaten da. Onenak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.