ATZEKOZ AURRERA. Sejo Carrascosa. 'Queer' ekintzailea

«Subjektu politikoa askotarikoa delako izan daiteke iraultzailea»

Egunean 24 orduz «marika, pobrea eta zaharra» da Carrascosa, bere hitzetan. Sexu politikak eraginkorrak izan daitezen, zapalkuntza mota ezberdinei aurre egin behar dietela proposatzen du ekintzaileak.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Frankismoaren azken urteak bertatik bertara ezagutu zituen Sejo Carrascosak (Madril, 1959). Arriskutsutasun Sozialaren eta Gizarteratzearen Legearen aurka egin zuen, eta, hura ezabatzea lortu zutenetik, askapen sexualerako hainbat taldetan aritu izan da. Gasteizko Lumagorri ZAT taldeko kide da orain, eta bihar Gasteizko Alternatibaren egoitzan izango den Políticas sexuales, sexualidades políticas hitzaldian parte hartuko du, online, Miquel Misserekin batera.

Zeri buruz hitz egingo duzue hitzaldian?

Espainiako parlamentuan irtengo den trans legearen harira dator hitzaldia. Legeak polemika sortu du, feminismoko sektore batzuek zalantzan jarri dutelako; emakume transak emakume gisa onartzeak andreak ezabatzea omen dakar. Ni ez nago oso ados planteamendu horrekin; uste dut emakume kontzeptua oso zabala eta askotarikoa dela, eta badakigu zaila dela termino biologiko batzuetara soilik mugatzea. Gainera, aldezten dute horrek bortizkeria matxistaren aurkako politiketan eragin dezakeela, guztia indarkeria matxista gisa izendatuko delako. Indarkeria matxista gizonek emakumeen aurka egiten dutena da, baina baita gay batek bere luma dela-eta jasaten duena ere. Genero bitarretik irteten den orok jasaten du bazterketa eta bortizkeria.

Orduan LGTBIfobia matxismotik sortzen da?

Bai, noski. Gizonek gizonei esleitzen zaizkien rolak betetzen ez dituztenean, emakume izatea leporatzen zaie. Gizona ez izateak emakumea zarela esan nahi du. Luma zigortzeko modu bat da.

Nolakoak izan beharko lirateke gaur egungo politika sexualak?

Ez dugu nahi zatika doan legedirik. Transen kasuan, egia da oso problematika zehatza daukatela, eta horiek dauzkaten arazoak konpontzeko legeak jarri behar direla. Baina politika horiek ez dira soilik izan behar transentzat, lesbianentzat edo gayentzat. Generoa deseraiki eta binarismo bukatzea helburu duten politikek guztiontzako askapen bat ekarriko dute. Guk proposatzen duguna ez da beste eredu ezberdin bat, guztiok lekua izango dugun eredu zabalago bat baizik. Horregatik hitz egiten dugu disidentziaz, dibertsitateaz hitz egin beharrean.

Nola ulertzen dituzu bi kontzeptuak?

Dibertsitateaz ari garenean, badirudi politika sektorialak egiten ari garela: hor daude gayak, lesbianak, transak... Baina hori da garrantzitsuena? Agian benetan ardura duena da molde zapaltzaile bat dagoela, sistema politiko heterosexual bat, eta horrek ez duela uzten identitate edo harreman horiek aurrera egin dezaten. Disidentziaz ari garenean, ordea, esaten gabiltza araua bera zalantzan jarri behar dugula, eta ez zati bakanak negoziatu.

Politika sexualak arlo instituzionalean bakarrik egiten dira?

Politikak ez dira soilik legeak, bizitzan gertatzen diren errealitateak ere badira. Ikusgaitasuna ere garrantzitsua da normalizazio bat egon dadin, eta jendeak aukera izan dezan zuk espero ez zenuen hori ere izateko. Hezkuntzak ere berebiziko garrantzia dauka. Heziketa sexualaz hitz egiten dugunean, ez dugu soilik esan behar antisorgailuak erabiltzeko; erakutsi behar da pertsona ezberdinekin izan ditzakegula harreman sexualak, genitalak kontuan izan gabe, edo baita genital konkretu batzuk atsegin ditugulako ere. Guztiak baliagarriak dira sexu harreman adostu bat bada.

Gaur egungo LGTBI mugimendua identitateetan oinarrituz soilik eraikitzen da?

Errealitate iraultzaile bat daukan subjektu politiko bat aurkitu behar da, baina subjektu politiko hori askotarikoa da, eta hain justu aniztasun horregatik izan daiteke iraultzailea. Baina, beste alde batetik, ezin daiteke izan: «Eta ni polisexuala banaiz, zer?». Horrelako gauzek batzuetan eredu neoliberal bati erantzuten diote. Testuinguru honetan, jendeak zerbaitekin identifikatu behar du munduan bere lekua aurkitzeko. Ez nago ados horrekin; uste dut auzi politiko guztiak subjektu unibertsalago batek zeharkatu behar dituela. Subjektu guztiak kontuan eduki behar dira, baina horiek gainditzea ere beharrezkoa da. Uste dut zapalkuntza mota ezberdinek zeharkatzen gaituztela, eta guztiak kontuan hartzea beharrezkoa dela politikak benetan eraginkorrak izan daitezen.

Zer geratzen da borrokatzeko?

Oraindik, ateratzear dagoen legea bezalako asko falta zaizkigu. Baina askotan esan ohi dut lege batzuk jarri baino gehiago beste batzuk kendu beharko liratekeela. Hau da, batzuei pribilegioak kendu, beste batzuek nahi duten bezala bizitzeko aukera izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.