Subijanak jaso du aurtengo Urrezko Danborra

«Sustraiak lurrean eta besoak zerurantz» lan egin duela esan du Iñaki Gabilondok.Subijanak ilusioz jaso du saria, egindako lana akorduan

Juan Karlos Izagirre alkatea, Pedro Subijanari danborra ematen. ARITZ LOIOLA /ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ezin zitekeen bestela. Danbor hotsek lagunduta sartu zen Pedro Subijana sukaldaria Donostiako udaletxeko harrera aretora. Urrezko Danborra jasotzeko zegoen bertan, 50 urte baino gehiagoko ibilbideagatik omendua izateko, alegia. «Polita da besteak zoriontsu egiteko balio duen ofizio batean aritzea», esan zuen garaikurra hartzean, Akelarre jatetxean egiten duen lana gogoan.

Iñaki Gabilondo kazetariak eskaini zuen Subijanaren inguruko mintzaldia. «Maitasunaren batasuna lortu du; sekulako balentria lortu du!», azpimarratu zuen, Subijanak lortutako estimua zutabe hartuta. Ildo beretik, «sustraiak lurrean eta besoak zerurantz» izatea eskertu zion. «Kontentagaitza eta perfekzionista da».

Juan Karlos Izagirre alkateak gastronomiari eta kulturari emandako saria dela esan zuen. Bestalde, Subijanaren izaera izan zuen mintzagai: «Urrutira iritsi da, baina gertukoa izan da beti».

Ekitaldiko une dibertigarriena sukaldariek osatu zuten. Besteak beste, Juan Mari Arzak, Elena Arzak, Hilario Arbelaritz eta Karlos Argiñano igo ziren oholtzara, zuriz jantzita, sukaldariz, eta Gure Pedro izeneko abestia kantatu zuten, egurrezko koilarak eta sardexkak altxatuta. Amaitzeko, eta Subijanak Urrezko Danborra jaso eta gero, Ainhoa Arteta aurretik Urrezko Danborra izandako sopranoak San Sebastian martxaren bertsio lirikoa abestu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.