Datorren asteko estreinaldiak

Suari muzin egiteko ahalegina

Pablo Agueroren 'Akelarre' filmak sorgin ehiza du hizpide. XVII. mendean, Euskal Herriko andre batzuei sorginkeria egotziko die inkisizioak. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu da

Emakume gazteak festa giroan, Akelarre filmeko fotograma batean. XVII. mendean Euskal Herrian jazotako sorgin ehiza du hizpide pelikulak. BERRIA.
amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Labur eta argi adierazten du filmaren tituluak berak gaia: Akelarre; alegia, sorginak. Errealak baino gehiago, ustezkoak. Eta, batez ere, uste horretan oinarrituta, andre asko eta askori jasanarazi zietena dakar burura hitzak. 1609. urteko Euskal Herrian dago girotua Pablo Aguero zuzendariaren azkena, eta andre gazte talde bat du abiapuntu. Basoan ari dira, eguneroko lanetatik atseden hartzeko jai bat ospatzea erabaki baitute; haien artean ari da Ana, Amaia Aberasturik interpretatutako protagonista. Festa giroa bat-batean moztuko da, ordea, parte hartzaileen zoritxarrerako. Izan ere, barreen eta txantxen soinu alaiei soldaduen bortizkeriaren zarata gailenduko zaie. Gizon armatuek, elkarretaratzea bortxaz eten, eta emakumeak atxilotuko dituzte. Sorginkeria leporatuko diete parte hartzaileei, eta inkisizioaren esku utziko dituzte, epaituak izan daitezen.

Hortik aurrera, aurrez aurre jarriko dira Akelarre-ko protagonistak: Ana ustezko sorgina, batetik, eta inkisidorea, Alex Brendemuhlek interpretatutako Rostegi epailea, bestetik. Erregeak bidali du Rostegi hara, soldadu andana batekin batera, sorginez lepo omen dagoen eremu hori purifikatu dezan. Lan fina egite aldera, Rostegi emakumeen aitortza lortzen tematuko da, eta bururatzen zaion guztia egingo du horretarako. Anak, berriz, galdeketak aprobetxatuko ditu epaia, zantzu guztien arabera heriotza zigorra izango dena, ahalik eta gehien atzeratzeko.

Euskal Herria, Frantzia eta Argentinaren artean ekoiztutako obra da Akelarre. Hurbilketa elebiduna egin dio Aguero argentinarrak sorgin ehizen gaiari: izan ere, euskaraz zein gazteleraz ari dira filmeko pertsonaiak.

Zinemaldiaren galbahetik

Akelarre ostiraletik aurrera ikusi ahal izango da Hego Euskal Herriko zinema aretoetan; halere, Donostiako Zinemaldian estreinatu da dagoeneko: Sail Ofizialean lehiatu da filma. Estreinaldian, zuzendari argentinarrak prozesuaren nondik norakoak azaldu zituen. Hamar urte lehenago, historialari frantses batzuek sorgin ehizen inguruan idatzitako liburu bat irakurri, eta gaian sakontzeko grina izan zuen. Euskal Herriko egoeraren berri izan zuen hurrena, eta filma Euskal Herrian girotzea erabaki zuen, besteak beste, «gehien eutsi zuen herria» izan zelako, Agueroren iritziz.

Sorgin ehizen gaia ez da ezezaguna, halere, eta akelarre hitzaren hedadurak hori iradokitzen du. Horrenbestez, bazuen Aguerok aurretik ondutako eredurik. Alabaina, gaiari buruz irudikapen «oso hertsiak» egin direla ondorioztatu zuen, klixeak behin eta berriz errepikatu baitituzte, zuzendariaren ustez. Hala, errepikapen horietatik aldentzeko ahalegina ere izan da, hein handi batean, Akelarre. Era berean, kontatu denetik «harago» joateko ahalegina ere bada, XVII. mendeko Euskal Herrian girotua egon arren, «denboraz kanpoko» kutsua erantsi nahi izan baitio narrazioari, pertsonaiei «gaurkotasuna» emanez, baina narrazioa «sinesgarria» izanda, betiere: «Identifikagarria, baina berria».

'AKELARRE'
Zuzendaria. Pablo Aguero.
Aktoreak. Amaia Aberasturi, Alex Brendemuhl, Daniel Fanego, Daniel Chamorro.
Herrialdea. Euskal Herria-Frantzia-Argentina.
Urtea. 2020.
Iraupena. 90 minutu.
Generoa. Drama.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.