Kontzertu jaialdia egingo dute gaur Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenea gunean, eta, besteak beste, inguruan eraikitzeko plana gelditu egin dutela ospatzeko baliatuko dute. Ateak 19:00etan zabalduko dituzte, eta, ordubete geroago, Zuloak taldeak hartuko du oholtza. Fermin Muguruzak sorturiko taldea da, izen bereko dokumental faltsurako. Ondoren, Anai Arrebak arituko dira. Muguruza Kontrakantxa taldearekin arituko da gero, No More Tour 2013 birako azken kontzertua emateko. Bonbereneako futbol zelaian egingo dituzte emanaldiak. Gauean, Bad Sound System arituko dira musika jartzen kanpoan, eta, Ziribulio Sound, etxe barruan. Orain arte, bi urtetik behin egin izan dituzte Bonberenea Sutan kanpainako kontzertuak, baina gaurkoa berezia da. Musika gunea San Esteban auzoan dago, eta han etxeak eraikitzeko plan baten mehatxupean. Horri aurka egiteko abiatu zuten kanpaina duela sei urte. Bonbereneako kideek zabaldu dutenez, Tolosako Udalak auzotarrei galdetu die planaren inguruan, eta sanestebandarrek eraikitzeko egitasmoaren aurka egin dute eta Bonberenearen alde. Hori dela-eta, Bonberenea Sutan kanpaina «indargabetzea» erabaki dute, eta gaurko jaialdiarekin agur esatea.
'BONBERENEA SUTAN' KONTZERTUA
Noiz Gaur, 20:00etan.
Non. Bonberenean,Tolosan (Gipuzkoa).
Suaren kanpaina gelditzeko
Zuloak eta Anai Arrebak arituko dira gaur Bonberenean, eta Fermin Muguruzak bira amaituko du han
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu