Suaren arriskuak itzaliz

Zezensuzkoarekin lotuta, hainbat segurtasun neurri jarri dira indarrean azkenaldian. Horietako bat eramaileak prestatzea da. Eusko Jaurlaritzak ikastaroak eskaintzen ditu.

Gasteiz
2014ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herri osoko herri eta auzoetako jaien egitarauetan oso ohikoa da zezensuzkoen ekitaldiren bat aurkitzea, tradizio horrek herri kulturan duen errotzearen erakusgarri. Urte asko dira hainbat herritan egiten dela, eta zaila da, beraz, zehaztea zer dela-eta egiten den eta non duen jatorria.

Hala ere, sua izanik ospakizunaren protagonista nagusietakoa, azken urteetan hainbat segurtasun eta prebentzio neurri ezarri dituzte. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, zezensuzkoa eraman behar dutenak prestatzeko ikastaroak eskaintzen ditu. Horietako bat egin berri dute Arkautin (Araba).

Eusko Jaurlaritzak su ikusgarriak erabiltzen dituzten ikuskizunei buruzko 400/2013 dekretuan arautzen du zezensuzkoaren ekitaldia. Zezensuzkoak tradizio izendatu zituen Jaurlaritzak, eta horregatik, sua elementu gisa duten beste ikuskizunekin alderatuta, salbuespeneko hainbat neurri hartzeko aukera ematen ditu. Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Bizkaiko lurralde arduradun Jon Agirrek dioenez, «tradizio izendatu ez balitz, zezensuzkoa geldirik egon beharko luke, jendeak gutxienez hamabost metrora egon beharko luke eta segurtasun hesiez inguratuta egingo litzateke ekitaldia».

Aldaketa nagusia, hala ere, prestakuntzaren arloan dago. Agirreren arabera, hauxe da aldaketa: «Euskal Autonomia Erkidegoan aditu maila eskatzea erabaki da, ez taldekide maila. Hau da, aditutzat jotzen diren kontsumitzaile taldeen arduradun izatea eskatzen da, ez da nahikoa aditutzat jotzen den kontsumitzailea edo taldekidea izatea. Prestakuntza handiagoa behar da, beraz».

Eusko Jaurlaritzak formakuntza minimoa ezarri du zezensuzkoa eraman behar dutenak prestatzeko. Legediaren eskaerei erantzungo diete horrela; 2013an aurrez ezarritako araudiari egindako egokitzapenen neurrira jarriko da, bertako puntuetako batean prestakuntzaren ezinbestekotasuna agertzen baita. Agirrek argi dioenez, «aldaketa nagusia prestakuntza da».

Dena den, araudiak baditu beste berrikuntza batzuk. Adibidez, dekretuaren bidez, zezensuzkoa eramateko adina hemezortzi urtetik gorakoa izango da. Justu, arau-hauste nagusiak bi puntu horien inguruan izaten direla dio Agirrek: batetik, zezensuzkoa eramaten duenaren adinari dagokionez, eta, bestetik, prestakuntza ez edukitzearen inguruan. Bestelako arau-hauste batzuk ere izaten dira: adibidez, zezensuzkoari bultza eginez zein bidea oztopatuz arriskua sortzea, edo ekitaldirako baimenik ez eskatzea.

Erabiltzen den materiala

Zezensuzkoa jai sinplea da; metalezko egitura batek zezen bat irudikatzen du, eta haren inguruan petardoak eta bestelako su ikusgarriak botatzen ditu. Horregatik, metalezko egituraren barruan doan pertsonak erantzukizun handia du jaiaren bilakaeran. Azken batean, hark gidatzen du zezensuzkoa; «haurrei ikara sortzen ahalegindu daiteke, baina segurtasuna eduki behar du buruan», dio Agirrek. Horregatik da garrantzitsua prestakuntza.

Hala ere, barrutik ia ez denez ezer ikusten, inguruan hainbat artzain joaten dira laguntzen; haien zeregina zezensuzkoa bideratzea eta bidea garbitzea da. Jendea zezensuzkoaren parean jartzeagatik, ezbehar batzuk izan baitira.

Arrisku nagusia, hala ere, sua da, erredurak eragin baititzake. Zezensuzkoak txinpartak botatzen ditu etengabe, eta horrek, zuzenean ikusleei erredurak eragin, edota haien jantziak erre ditzake. Neurri txikiagoan, baina, kasu batzuetan entzumenari dagozkion arazoak ere izan dira zaratak eraginda. Arazo horri irtenbidea ematea zailagoa da, ospakizun honek berezkoa baitu zarata, eta norberaren esku geratzen da zezensuzkotik segurtasun tartejakin bat mantentzea edota belarrien babeserako bitartekoak erabiltzea.

Eusko Jaurlaritzaren araudiak ez du ezer zehazten materialaren inguruan. Agirreren arabera, materialaren erantzukizuna ez dagokio Eusko Jaurlaritzari, «jai tradizionala baita», eta, beraz, hori kontsumitzailearen kontua da. Hau da, erosleak jakin beharko du erosten duen tokian gutxieneko baldintzak betetzen direla.

Jaiei aurre hartu

Askotan, materialen egoera egokia ez izateak eragiten ditu ezbeharrak. Gehien erabiltzen diren materialak dira txinpartak ateratzen dituzten ikusgarriak, txistu egiten dutenak eta petardoak. Agirrek dioenez, lurrera jausi eta hara-hona ibiltzen diren su ikusgarriak ezin dira Europako Batasunaren baimen berezirik gabe ekoitzi. Horregatik, aurrez baimena eskatu, eta zezensuzkoen antolatzaileek haien jabetzan edukitzen dituzte horrelako materialak. Horrela, piroteknia enpresetara jo behar izatea saihesten dute.

Horren guztiaren bitartez, aratusteei eta bereziki udako jaiei aurre hartu nahi die Eusko Jaurlaritzak. Garai horretan egiten dira zezensuzkoen ekitaldi gehienak, eta ordurako jendea prestatu eta antolatzaileak araudiak eskatzen duenera egokituz, legea betetzea eta parte hartzaile zein ikusleen segurtasuna bermatzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.