«Su gurutzatuen artean dagoen turista bat bezala sentitzen naiz»

'1971' bere azken lana aurkeztera dator Donostiara; Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan ariko da, 20:00etan hasita.

Edu Lartzanguren.
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Rafa Berrio (Donostia, 1963) jaioterrian izango da gaur, 1971 azken diskoa aurkezten. Viktoria Eugenia antzokian emanaldia egingo du 20:00etan, bi musikarirekin batera.

Zerk egiten du berezi 1971. urtea?

Nik garai aratzekin, garbiekin erlazionatzen dudan urtea da. Iraganeko oroitzapenak dira; horietan, alkandora zuriz jantzita eta eskuko ahurra bedeinkatuta dudala ikusten dut neure burua.

Azken diskoko azalari erreparatuta, zure bizitzaren kontabilitate liburua dela esan al daiteke?

Ez dut sekula horretan pentsatu, baina izan daiteke. Diskoak abesti existentzial asko ditu, kalkuluaren eta urteen joanaren balorazioaren zentzu horretan.

Noizean behin izaten dugu zure diskoen berri. Zer egin duzu, eta zer egiten duzu, bi diskoren arteko tartean?

Ez dut ezer egiten. Zurian igarotzen dudan denbora hori da niretzat baliotsuena. Nik nahi dudanean kaleratzen dut disko bat, presiorik gabe: nire gutizia da presioa jartzen didan bakarra. Bost urtetik behin ateratzen dut disko bat, gutxi gorabehera. Ez naiz musikatik bizi, ez naiz profesionala. Inguruari begiratuz gero, su gurtzatuen artean dagoen turista bat bezala sentitzen naiz.

Gazteagoa zinenean, MogollonetaAmor a Traicion taldeen garaian, abestiek ez zuten orain adinako iluntasuna. Adin kontua da, edo zerbait gehiago?

Hitzak ez dira autobiografikoak, bat ere ez. Ez dira egilea eta pertsonaia nahasi behar, eta kantu askotan dagoen umorea kontuan hartu beharra dago. Ironiaz beteta daude: lagun arteko txantxa adimentsuak dira asko, seriotasun osoz adierazten ditudanak. Sinesgabeak izan daitezke, edo garratzak, baina ez dut uste ilunak direnik.

Bizitza simulazio gisa eta nora eza aipatzen dituzu. Ez al zen hori izan Guy Debord suizidiora eraman zuena?

Situazionalisten nora ez hori ez dut oso ondo ulertzen; XX. mende erdiko Parisko existentzialistekin identifikatzen naiz gehiago. Baina suizidiorik, ez. Bizitzaren inguruko larritasuna, bai; baina habano bat eta koñak kopa batekin eskuan, kafe bateko mahaian eserita.

Pochen falta igartzen al duzu?

Noski, gure belaunaldiko musikagile onena izan zen, dudarik gabe. Askeena eta harrigarriena bai, behinik behin. Nire azken diskoa erakustea gustatuko zitzaidan; mihi gaiztoa zuen Pochek, baina egile modura beti errespetatu ninduen.

Zergatik erabaki zenuen abestiak orkestratzea?

Diskoaren maketa amaitu nuenean Joserra Senperenari erakutsi nion, 70ko urteetako estilora orkestratu zezan. Berak bakarrik egin zezakeen gauza zen. Lan bikaina egin du Joserrak: moldaketetan ibili da, orkestra txiki bat gidatu du, piano eta akordeoiarekin grabazioak egin ditu... Talentu handiko musikaria da; gainera, hainbat arlotan lantzen du hori.

Nolakoa izango da gaurko kontzertua?

Hirukote bat osatuko dugu: nire lagun eta kide Jose Luis Lanzagortak pianoa joko du; Imanol Solores gazteak biola eta biolina; eta ni gitarra elektrikoarekin eta klasikoarekin ariko naiz.

Zer asmo dituzu etorkizunera begira?

2011n kontzertuak ematea da etorkizunerako dudan asmoa; zerbait lasaia, esfortzu handirik eskatzen ez duena. Eta posible bada, trenean... eta lehenengo klasean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.