MAITE DUT MAITE... 'BLACK MAN'. Afrika Bibang. Abeslaria

«Stevie Wonder dena izan da niretzat»

Abeslari estatubatuarraren 'Black man' «aproposa» iruditzen zaio egungo egoerarako. Zortzi minutuko abesti horrek elkartasunerako deia egiten du, eta arraza guztiek egindako ekarpena gogoratzen du.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
amaia igartua aristondo
Algorta
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun

Euskaraz rock&rollaz eta punkaz gain ezer gutxi entzuten omen zenez, euskal musika beltza abesten hasi zen Afrika Bibang (Algorta, Bizkaia, 1975). Hala ere, AEBak ditu eragin iturri nagusi, eta, bereziki, Stevie Wonder. Haren Black man oso gustuko du, esaten duenagatik eta esateko moduagatik.

Zergatik hautatu duzu kanta hori?

Batetik, betidanik asko gustatu izan zaidalako eta, bestetik, oso aproposa delako momentu hauetarako.

Abestia 1976koa da. Nola aldatu da egoera ordutik?

Aukeratu badut, nahiko berdin jarraitzen duelako da. Ikusten ari gara George Floydi gertatutakoarekin eta urte hauetako beltzon kontrako errepresioarekin. Desberdintasuna da orain sare sozialekin denok ikus ditzakegula gertatzen ari diren basakeriak.

Orain, sare sozialek hartu dute kontzientziatzeko ardura, edo kantek oraindik ere balio dute horretarako?

Biek balio dute, nik uste. Sare sozialekin mezuak bidal ditzakezu, baina baita kanten hitzen bitartez ere. Black man-eko hitzak arrazen arteko berdintasuna eta harmonia aldarrikatzen ari dira, esanez denok berdinak garela eta AEBetako gizartea arraza guztietako pertsonek sortutakoa dela. Ezin da ukatu ekarpen hori, historian agertzen ez dena eta jende askok ezagutzen ez duena, arrazistek beti euren onerakoa zena idatzi dutelako, eta besteena estali.

Edukiaren aldetik ez ezik, formaren aldetik ere badu sakontasuna. Zortzi minutuko abestia da...

Kanta hau luzea da, izen asko zerrendatzen direlako. Haren musika beti da horrelakoa: nahi duena transmititzeko, zazpi edo zortzi minutuko kantak egin izan ditu. Sintetizadorea erabiltzen du, sarrera eta bukaera luzeak egiten ditu... beti istorio bat kontatzen du.

Zer ekarpen egiten dio formak edukiari?

Gehienetan, egiten dituen kantak dantzatzekoak dira, eta bitartean ez zara konturatzen hitzek zer dioten. Hori pertsonen atentzioa erakartzeko egiten du. Hitzek ere erakartzen dute, baina musikak gehiago harrapatzen du, eta pentsamolde ezberdinetako jendea, gainera.

Stevie Wonderrek nola eragin dio zure jardun musikalari?

Niretzat, dena izan da. Txikia nintzenean, harritzen ninduen zelan mugitzen zen eta zelan abesten zuen ikusteak. Berak jotzen ditu instrumentu guztiak: bateria, gitarra... Gainera, mezua oso beltza da. Segregazio garaian jaio zen, eta momenturen batean erabaki zuen aktibista gisa aritzea. Beltzon egoera soziala islatu nahi izan du, eta, harekin batera, baita Nina Simone, Marvin Gaye eta beste abeslari batzuek ere. Niretzat heroiak dira, eta eragin handia izan dute nigan, bai hitzek, bai erritmoek eta bai soinuek ere. Hemengo erreferente beltzik ez dut izan; beti begiratu dut AEBetara.

[YouTube]https://youtu.be/pEoE2UQXduA[/YouTube]

Arriskutsua al da eduki politikodun abestiak egitea?

Stevie Wonderren garaian kontu handia izan behar zuten idazteko orduan, diskoetxeetakoek gauza batzuk debekatzen zizkietelako, eta ez saltzeko arriskua zegoelako. Gaur egungo zentsurarekin ere kontu handia eduki behar da. Nik ez dut arazorik izan, baina badago kanten hitzengatik kartzelan dagoenik, eta hori zentsura politikoa da. Esan nahi duzunari bueltak eman behar dizkiozu, hain gogor ez esateko, baina, hala ere, mezua hor dago.

Hainbat hizkuntzatan abestu izan duzu. Irizpiderik ba al duzu batean edo bestean kantatzeko?

Sentitzen dudan moduan, eta estiloaren arabera. Soul, funk, R&B, dance... horiek ingelesez egitea eskatzen dute. Calimarekin, flamenko fusion talde batekin, gaztelaniaz kantatu nuen. Erreferentzia gisa AEBetako musika daukat, eta nik ingelesez entzuten nuena euskaraz egitea zaila izan zen.

Zergatik?

Ahoskeragatik: euskara hizkuntza gogorra da, rr soinua eta txistukariak ditu, ingelesak ez dituenak.

Euskaraz abestea ere erabaki politikoa da?

Bai eta ez. Politikaz badu zerbait: Etsaiak-ekin abesten egon nintzen, Fermin Muguruzarekin batera. Baina, hasieran, euskara bultzatzeko egin nuen, hura aldarrikatzeko.

Eta genero konkretu bat abestea?

Hori ez zen erabaki politikoa izan. Nolakoa naizen erakutsi nahi nuen, nire eraginak zeintzuk izan diren. Neure burua jendearengana hurbiltzeko egin nuen, ni euskalduna naizelako, baina afro ere banaizelako. Nire etxean, beti musika afrikarra egon da, edo soul eta halakoak. Nire musika egin nahi nuen, musika beltza, baina euskaraz.

Zein izan da harrera?

Entzun nire lehen diskoa atera nuenean, 2004an, jendea harrituta geratu zen, ez dakitelako nola dantzatu soula edo funka. Baina, pixkanaka, nire publikoa lortu dut. Duela gutxi Nomada atera dut, hamabi urtez kanpoan egon ondoren, eta ikusmira zuten ea zer egiten nuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.