«Zure nahasketa nagusiak»; «Erreproduzitutako azkenak»; «Entzun berriro»; «Zure liburutegia». Sakelakoaren ezarpenak euskaraz badituzue, atal horiek eta gehiago topatuko dituzue gaurtik aurrera Spotify streaming plataforma ospetsuan. Bai, euskaraz.
Suediako enpresak iragarri duenez, lehendik erabilgarri zeuden 63 hizkuntzei beste 11 gehitu dizkie gaur, eta plataforma 74 hizkuntzatan erabil daiteke jada. Berri horien artean dira euskara eta galegoa. Hauek dira gainontzekoak: Argentinako gaztelania, Mexikoko gaztelania, txinera tradizionala, Egiptoko arabiera, Saudi Arabiako arabiera, Marokoko arabiera, bosniera, Erresuma Batuko ingelesa eta mazedoniera.
Enpresak azaldu duenez, hizkuntza berri horiei esker, erabiltzaileek «esperientzia pertsonalizatuagoa» izatea lortuko dute, eta entzule gehiagok izango dute Spotify euren ama hizkuntzan erabiltzeko aukera.
Spotify, hasieran, 27 hizkuntzatan erabil zitekeen —tartean, katalana—. 2021. urtean jarri zuten beste 36 hizkuntzatan ere erabiltzeko aukera, eta beste 11 gehitu dituzte gaur.
Hizkuntza aldatzeko arazoak izanez gero, plataformak berak eman ditu hori egiteko azalpenak.