Sorkuntzarako espazioa. «Artista, pentsalari, aktibista eta sortzaileen topaketa eta hartu-eman lekua». Halaxe aurkezten dute Azala espazioa bisitariekin orpoz orpo jarduten diren arduradunek. Funtsean, artisten egonaldiak egiten diren landetxea da Azala. Jo eta su lan egiteko aukera paregabea eskaintzen dute Azala espazioko baliabideek eta landetxearen kokapenak. «Bakartuaren sentsazioa ematen du lekuak. Aldi berean, kontzentrazioa eta lanerako intentsitatea», azaldu du Idoia Zabaleta landetxearen sortzaile eta dantzariak.
Artistek lan egiteko prestatutako toki hau aisialdi lasaierako leku paregabea ere bada. Arabako Lasierra herrian dago, Tuyo mendilerroaren magalean. Dozena bat biztanle besterik ez du herriak. Isiltasuna eta mendi paisaia ederra dira lekuaren berezitasunak.
Hiriko burrunbatik urrun erabaki zuten Idoia Zabaletak eta Juan Gonzalezek landetxea sortzea: bost bungalow, egongela, lorategia, zelaia eta lan egiteko estudio bat ditu aterpeak. Estudio zabalak eskaintzen du dantzarako eta antzerkirako txoko egokia. Eremu hori birrinduta zegoen lastategi bat zen orain urte batzuk, lantoki artistikoa bilakatu aurretik. Egitasmoa «poliki-poliki aurrera doa», azaldu du Zabaletak, «luzera begirako proiektua da». Gauzak presaka egitea saihestea nahitaezkotzat jotzen dute Zabaletak eta Gonzalezek.
Orain dela lau urte ireki zuten artistentzako landetxea, eta dagoeneko Euskal Herrian erreferente bilakatu da. «Europan artistentzako egonaldiak egiteko lekuak» zabalduago daudela dio Zabaletak, baina gurean ekinaldi berritzailea izan da. Lasierrako landetxea sortu aurretik, Kataluniako Mal Pelo konpainiarekin batera aritu ziren Zabaleta eta Gonzalez, «harriz harri» artistentzako aterpea eraikitzen. Zabaletak Katalunian inspirazioa jaso eta bere bide artistikoa Euskal Herrian garatzeko zuen asmoarekin bat egin zuen Azala egitasmoak. Horrelako gune bat izatea eta artistekin sarea hedatzeko aukera «betiko ametsa» dela dio Zabaletak.
Nazioarteko artista andana izaten da Azalan, eta, ahal den heinean, «artistekin batera» lan egiten saiatzen da Zabaleta. Arte eszenikoekin dute batik bat harremana Azala espazioan lantzen diren egitasmoek. Egonaldi artistikoentzako landetxea izateaz gain, ikastaro, mintegi, lantegi eta laborategien ostatua ere bada Azala. Haatik, lan egiteko asmorik gabe doazenentzako lekua ere bada. Eskaintza aisialdira ere zabaltzeak Azala proiektua ekonomikoki bideragarri izaten laguntzen die.
Hartu-eman zuzena
Azala espazioko arduradunek artistentzako sortze eta ikerketa prozesuetarako baliabide egokienak eskaintzen saiatzen dira, baina, horrez gain, bisitariekin «trukea» nahi dute. Haien helburuak bururaino eramaten laguntzen dituzte. Hortik aurrera, bisitariak dira lan eta atseden ordutegiak antolatzen dituztenak.
Egonaldia amaitzear denean, artistek bi edo hiru astean landutakoa publikoari aurkezteko gonbita egiten diete Azalako arduradunek. «Lanegunak oso biziak izaten dira; artistak guztiz murgiltzen dira lanean. Horregatik, ate irekiek aukera ematen diete artistei kanpoko begiradak jasotzeko», argudiatu du Zabaletak. Esperientzia «aberasgarria» izaten da bai ikustera doazenentzat, bai artistentzat beraientzat. Oholtza gainean aurkeztuko dutenaren aurrerapena izaten da artistentzat. Batzuetan, sorkuntza prozesuaren erdibidean daude; beste batzuetan, ia amaieran.
Orain gutxi gauzatu da hartu-eman artistikoetako bat Azala espazioko estudioan. Protagonistak Clara Tena kataluniarra eta Yurie Umamoto japoniarra izan dira. Hamabi egun izan dira Lasierran helburu argi batekin: elkarrekin dantza ikuskizun bat prestatzea.
Tenak Azala espazioak eskaintzen duen isolamendua nabarmendu du: «Kanpoko norbaitekin izan dugun harreman bakarra herrira ogia ekartzen digun okinarekin izan da». Hori hala izanda ere, Internet konexioak ere balio izan die haien egunerokotasunarekin guztiz ez eteteko. Lanean aritu diren egunak «gorabeheratsuak» izan direla onartu du Tenak. Azken finean, haien «bizilekua lantokia ere izan da». Beharrezko janaldiez eta atseden orduez gain, dantza ariketak egitea izan da haien betebehar bakarra. Idoia Zabaletak eman zien laguntza eta oniritzia jardunaldi irekiak egin aurreko egunetan.
2011. urtea atzean utzi du Azalak hiru lantegi, lau laborategi eta hamasei artista egonaldi antolatu ostean. Zabaletak urteetan ehundutako artista sareetako ahoz ahokoak erakarri du batez ere jendea Lasierrara. Hausnarketak, esperimentazioak eta lanak ez dute etenik izango.
Sortzaileentzako landetxea
Artistentzako bereziki pentsatutako landetxea da Azala, Arabako Tuyo mendilerroaren magalean. Lasierra herrixkako giro lasaiak eta landetxearen azpiegitura egokiak talde lana egiteko leku aproposa bihurtzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu