Sortu zeneko oinarriekin

Euskal eskola publiko berriaren aldeko festa ospatu du Sortzen elkarteak. Mende laurdena bete du aurten elkarteak, eta, hori dela eta, sorlekuan egin du festa: Hernanin. Euripean, hezkuntza sistema propio bat eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

ainara arratibel gascon
2016ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Egindako eguraldi txarragatik zertxobait penatuta, baina duela 25 urte hasitako lanarekin jarraitzeko inoiz baino gogotsuago eta sendoago. Halaxe zeuden atzo Sortzen-eko ordezkariak, Hernanin (Gipuzkoa) egindako euskal eskola publiko berriaren festaren biharamunean. Festa igande eguerdian amaituta, arratsaldean egin zituzten garbitze lanak, eta atzokoa hausnarketarako eguna izan zen. «Eguraldia oso kaxkarra izan zen. Horrek giroa zertxobait moteldu zuen. Pena izan zen. Baina festa euskal eskola publiko berriaren ereduan sakontzeko ikasturte osoan egin dugun bidearen, lanaren, azken pausoa zen, erakusleihoa. Urte osoko lan horri eman nahi diogu balioa. Izan ere, eredu horren eraikuntza egunero-egunero egin behar da, eskolaz eskola, komunitate osoarekin», azaldu du Bego Bitorikak, Sortzen-eko koordinatzaileak.

Herenegun Hernanira bildutakoen aldetik, gainera, mende laurden honetan egindako lanarengatik eskertza jaso zuten, baita etorkizunean bide horretan jarraitzeko babesa ere. «Gure aldetik berretsi egiten ditugu duela 25 urte euskal eskola publiko berri bat eraikitzeko hartu genituen konpromisoak, eta horren aldeko lana eta ahalegina areagotu egingo ditugu etorkizunean ere. Horretan jarraituko dugu». Konpromiso horren seinale, duela 25 urte adostutako txostena eskuetan zuela mintzatu zitzaion publikoari Bitorika.

Ilusio berezia zuten igandeko festarekin Sortzen-eko kideek. 25 urte beteta, jaiaren ohiko kokalekua, Iruñerria —azken bi urteetan Sarrigurenen eta Uharten egin zen— utzi, eta Hernanira ekarri zuten. Izan ere, han sortu zen erakundea. Gainera, aspalditik ikusten zuten festa Nafarroatik kanpora irekitzeko beharra. «Oso planteamendu polita genuen, festa Hernaniko alde zahar guztira zabalduz». Lau gune zituztenhorretarako prest: Eskolharria, Giltzarria, Harrikoxkorrak eta Gazteharria. Zerua, ordea, ilun esnatu zen igandean, eta etengabe egin zuen euria. Giroa hobeto zegoen barrurako kanporako baino: «Hainbat ekitaldi bertan behar utzi behar izan genituen, eta beste batzuk lekuz aldatu. Adibidez, alde zaharrean barrenaegitekoa zen bisita gidatua ezin izan genuen egin. Udaleko kide batek egitekoa zuen bisita, eta gidari gisa herriaren historia ezagutarazi».

Euria bezala, tantaka joan zen bertaratuz jendea Hernanira. Txikienek ederki gozatu zuten Irrien Laguneko Tiritatxorekin eta Martinbertsorekin. Gainera, Harituz taldearekin eskulanak egin ahal izan zituzten. Batukada eta dantza saioak ere ez ziren falta izan, giroa apur bat goxatzeko. Helduenek, gainera, Sortzen-ek landutako proiektuak ezagutu ahal izan zituzten, baita hezkuntza eredu propio bat lortzeko bidean garatu diren bestelako egitasmoak ere. Horien artean zegoen, esaterako, Orion (Gipuzkoa) landutako curriculuma.

Euskal curriculumaren gerizpean sortutako egitasmo pedagogiko horrek, Orioren tradizioa, historia, nortasuna eta izaera biltzen ditu:«Guk beti sustatu ditugu halako proiektuak, hori baita bidea. Aldarrikatzen dugun hezkuntza eredu horren adibide dira. Prozesu egingarriak direla uste dugu, gainera».

Gurasoen ekarpenak ere jaso zituzten festan. «Bildutako ekarpen horiek ondo antolatu, eta 25. urteurrenari lotuta egiten ari garen hausnarketa prozesurako oso baliagarriak izango dira. Prozesu hori datozen hilabeteetan bukatuko dugu». Gurasoen kezken artean daude murrizketak, atzerriko legeen inposaketak, ebaluazio sistemak, jangelak, ratioak...Kezka horien aurrean hezkuntza sistema propio bat izatea litzateke antidotorik onena, Bitorikaren ustez. «Lege esparru propio bat behar dugu sistema hori eraikitzeko. Gainera, beti esaten dugun moduan, denen artean eraiki behar dugu, eta ez bakoitzak bere aldetik».

Urte hauetan lortutakoen artean aipatu ditu Bitorikak euskal curriculumaren definizioa, oinarrizko hezkuntza akordia edota LOMCE legeari aurre egitea. Aldi berean, onartu du oraindik lan handia dagoela egiteko, duela 25 urte aldarrikatu zuten hezkuntza eredu propio hori lortzeko.

Datorren ikasturtean jarraituko dute horretan. Ohi bezala, festarekin borobilduko dute hurrengo urteko lana. Baina oraindik ez dakite jaia Nafarroara itzuliko den. «Oraindik oso goiz da hori jakiteko, baina lekuz aldatzeak beste dimentsio bat eman dio jaiari, eta, oro har, oso pozik gaude aurtengo esperientziarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.