Soroan seguru ibiltzeko

Airbagetan oinarrituta, traktoreak ez iraultzeko sistema bat diseinatu du ingeniari talde batek Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Lan Osasunaren Institutuaren laguntzaz.

Traktoreari berez zabaltzen den segurtasun arku bat jarri diote Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek. NAFARROAKO GOBERNUA.
Iruñea
2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Estatistikek diote traktorea dela proportzioan mila istripuko hildako gehien eragiten duen ibilgailua: iraulketen erdiek baino gehiagok heriotza eragiten dute. Nafarroan bakarrik, 1991tik 2011ra, 42 lagun hil ziren traktoreak azpian harrapatuta. Istripu horiek saihesteko sistema bat asmatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Traktoreari zabaltzen den arku bat jarri diote, gorantz doan neurrian aldeetara ere irekitzen dena.

Datuekin kezkatuta, Karmelo Perez Larraia Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko prebentzio arduradunak izan zuen ideia. Traktore gidarien arriskua murriztuko zuen asmakizun bat proposatu zuen: ibilgailua iraulitakoan, berez zabalduko zen babes egitura bat. «Zabaltzen den arku bat otu zitzaidan, gorantz doan neurrian alboetara ere irekitzen dena. Bulegoan marraztu nuen, eta, hurrengo egunean, hodiak erosi nituen; okertu zizkidaten, eta eredua prestatu nuen», gogoratu du. NUPek Tuteran duen campusean garatu du asmakizuna ingeniari talde batek. Larraiaren ideiari forma eman, eta martxan jartzeko modua aurkitu dute. Emaitza, zabaltzen den segurtasun arkua.

Segurtasun arkuak baziren aspalditik, baina traktore gidariek gehienetan tolestua izaten dute estalpearen gainean, ukuilura sartzeko edo arbolen artean ibiltzeko traba egiten duelako. Tolestu eta gero ez dute zutitzen, eta irauliz gero ez du deusetarako balio gordetako arkuak. Egun dabiltzan traktore askok, gainera, ez dute inolako segurtasun gailurik. Beraz, beti prest eta eraginkor izanen den sistema bat behar zen. «Arkua beheko posizioan dagoenean, traktore gidaria erraz sartu ahal izanen da ukuilu, garaje edo mahastian. Gero, zabaltzen denean, igo eginen da osorik, eta berez eginen du, iraultzeko arriskua dagoenean eta orduan bakarrik», dio Ignacio Aranak, proiektua garatu duten landa ingeniaritzako ikertzaileetako batek.

Egitura garatzeko, hainbat erronkari aurre egin behar izan diote. Lehena, nola eta zenbat denboran zabalduko zen. Aurretik eginiko ikerketen arabera, traktore baten iraulketak 750 eta 1.150 milisegundoko tartea irauten du. Beraz, egiturak 7,5 segundo hamarrenean baino gutxiagoan zabaldu behar zuen. Zabaltze sistemak, gainera, fidagarria, egiaztatua eta bizkorra izan behar zuen. AEBetan antzeko sistemak garatu izan dituzte malgukiak erabiliz, baina ez ziren fidagarriak. Hori ikusirik, airbagak aukeratu zituzten NUPen. «Airbagak jartzeko, simetria bilatu behar dugu: bi airbag berdin jar genitzake alboetako besoetan, edo bestela bat goian, erdian. Kontua da indarra alde guztietara egin behar duela». Proba ezberdinak egin dituzte airbagen tamaina egokia zein izan daitekeen erabakitzeko, eta, azkenean, tamaina txikikoak aukeratu dituzte. «Txiki batekin 300 milisegundotan zabaltzen da egitura, eta, birekin, 100 milisegundotan».

Behin egitura garatuta, hori kontrolatuko duen eta airbagak piztuko dituen kontrol unitatea diseinatu zuten. Traktorea soroetako aldapetan irauli ohi duenez, inklinometro bat eramanen du sistemak, eta 38 graduak gainditzean aktibatuko da. Hemendik aurrerako lana ibilgailuen fabrikatzaileak inplikatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.