Euskal mitologiak estimulatu du, betidanik, Patxi Xabier Lezamaren sormena (Zalla, Bizkaia, 1967). Pasio horrek mugarik gabe ikertzera eraman du artista; hainbeste, ezen arte plastikoetatik adimen artifizialera (AA) egin baitu salto. Nazioarteko Arte Metabertsoaren Azokan finalista izan ostean, AA bidez egindako Sugaar obra distopikoa aurkeztu zuen New Yorken, iragan apirilaren 5ean eta 6an.
Nondik datorkizu euskal mitologiarekiko interesa?
Betidanik liluratu naute kondairen eta pertsonaien aberastasunak. Oinarrizkoa da mitologia gure kulturan. Uste dut sormena lantzeko hamaika aukera eskaintzen dituela.
Zallarrek duzuen sorgin ospeak ba ote du zerikusirik?
Mitologiaren eta herri kulturaren kariaz da ezaguna Zalla. Superstizioa, sorginkeria eta halakoak oso hedatuak egon ziren garai batean.
Zergatik?
Begizkoa kentzera etortzen ziren erromes asko San Pedro Zarikete baselizara, eta, azkenean, sorgin ospea hartu zuten zallarrek.
Esan izan duzu gizakiek lotunea galdu dutela jainkoekin. Zergatik?
Gizarte modernoaren eboluzioaren kariaz. Pertsona asko materialista bilakatu dira; izatearen esanahia aberastasunaren eta boterearen bilaketara mugatzen dute soilik.
«AA tresna baliagarria izan daiteke, baina giza sormenaren egiazkotasunaren inguruan erronka etikoak planteatzen ditu...»
Beti egin duzu arte plastikoa. Zergatik erabili orain adimen artifiziala?
Zirraragarria iruditzen zait mundu hori, sormenerako aukera anitz ematen ditu eta bestela eginda posible ez liratekeen artelanak sor ditzaket.
Art & IA liburua ondu duzu. Zertan datza?
Artearen eta AAren arteko intersekzioa da, eta azaltzen du nola AAk aldatu duen artea sortzeko dugun era. Euskal izaki mitologikoen ehun bat irudik osatzen dute liburua.
Kutsu distopikoa dute izakiek.
Bai. AA tresna baliagarria izan daiteke, baina giza sormenaren egiazkotasunaren inguruan erronka etikoak planteatzen ditu...
Sugaar (2022) ageri da liburuaren azalean. Zergatik?
Kanpoko itxura engainagarria izan daiteke, Sugaarrena bezala; suge itxura du, baina bere irudia nahieran eraldatzeko ahalmenak egiten du interesgarri. Gizakiaren eta naturaz gaindikoaren arteko konexioa irudikatzen du nolabait.
Preseski, New Yorken aurkeztu berri duzu Sugaar artelana. Nolakoa izan da esperientzia?
Ikaragarria. Aukera ezin hobea izan da nire lana nazioartean erakusteko. Harrera ona izan du, eta oso eskerturik nago. Duda barik, urrats handia izan da nire karreran.
Terrakota erabiliz hasi zinen, eta egurrari ekin zenion ondoren, totemak irudikatuz.
Nire lanaren eboluzio naturala izan zen. Gizakiaren eta naturaren arteko harremana esploratzen lagundu zidan. Totemismoarekin adierazi nahi dudana da misterioaren eta sakratutasunaren arteko lotura.
«Betidanik liluratu naute kondairen eta pertsonaien aberastasunak»
Metala ere landu duzu.
Bai, sutegi batean lanean hasi nintzen ondoren, eta metala lantzen ikasi nuen. Nire karrera artistikoaren abiapuntua izan zen hori.
Horren emaitza izan zen Amalur (1990)?
Harria eta metala nahastu nituen, kontraste eta testura desberdinak bilatu nahian. Material horiek ematen dute modua argiarekin jolasteko.
Orduan erabaki zenuen arte abstraktua egitea?
Bai. Amalur-ekin erabaki nuen imitaziozko artea nolabait alde batera uztea, emozioak eta sentsazioak formen bidez adierazte aldera. Ukigai ez denaren edertasuna deskubritu nuen.
Surrealismora igaro zinen ondoren, eta totemismoari berrekin zenion.
Bai. 2000ko hamarkadan izan zen. Irrazionaltasuna irudikatu nahi nuen. Nagusiki egurra erabili nuen totemak egiteko, material hori loturik baitago naturarekin eta primitibotasunarekin.
LOTSABAKO