Iñigo Ortega. Aktorea

«Sormena sustatu daiteke diru gutxirekin ere, baina lana dago horren atzean»

'Hura ez da lekua' ikuskizuneko protagonistetako bat da Ortega. Poesiak, musikak, pinturak eta antzerkiak bat egiten dute emanaldian; gaur Gasteizen ikusi ahal izango da, 20:00etan.

METROKOADROKA.
Maite Alustiza.
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Londresen ikasten jardun eta hango hainbat antzerki obratan lan egin ondoren, Euskal Herrira itzuli da Iñigo Ortega (Donostia, 1975).Hura ez da lekuaikuskizunean aktore gisa dabil, Metrokoadroka sormen laborategiaren azken lanean. Oier Guillan eta Asier Sarasolaren poesiek, Ander Fernandezen musikak eta Idoia Beratarbideren margolanek Ortegarekin bat egiten dute oholtza gainean. Gasteizen eskainiko dute ikuskizuna gaur, Ignazio Aldekoa kultur etxean, 20:00etan.

Nola sartu zinen proiektu honetan?

Londrestik itzultzekotan nengoen eta Oier Guillanek deitu zidan, Korrika Kulturalerako zerbait prestatzen ari zirela eta. Pintura, musika eta poesia uztartzeaz gain, antzerkia ere sartu nahi zutela esan zidan. Proposamena gustura hartu nuen, eta lanean haiekin jarri nintzen itzuli nintzenean.

Askotariko arteak uztartzen dituzue obran. Bakoitza bere lanaz arduratu da?

Talde lana izan da. Denon artean hasi ginen buruari bueltak ematen. Denak adin tarte berdinekoak gara, eta 80ko eta 90eko hamarkadetan arduratzen gintuenaz jarri ginen hizketan, zoriontasunaz, adibidez. Askotan zeren kontra gauden azaltzeko joera daukagu, etazeren alde gauden erakusteko aukera ere badago.

Nola sentitzen zara antzezlanekoaktore bakarra izanda?

Pixka bat umezurtz. Egia esan inoiz ez zaude bakarrik, beti duzu babesa ematen dizun norbait. Egin izan ditut lan txikiak bakarka edo beste norbaitekin, bainapixka bat umezurtz sentitzen naiz, besteen aldean. Oierrek eta Asierrek testu bat dute euskarri gisa; Idoiak, berriz, margolanak ditu; eta Anderrek, musika tresna.

Gai abstraktuak lantzen dituzue. Erraza al dapublikora iristea?

Egunerokotasunetik hartu nahi izan dugu. Sinplea egin dugu aktorearen papera. Atez ate saltzen doan pertsona da, etapa ezberdinak igarotzen dituena, eta zerbait saltzen saiatzen dena. Oierrek eta Asierrek eurek izandako bizipenetatik landu nahi izan dituzte testuak.

Obra batek Txinara eraman zintuen, Londresen zeunden garaian. Nolako esperientzia izan zen?

Opari moduko bat izan zen. Hainbat herrialdetako aktoreak bildu ginen, eta nik euskaraz egin ahal izan nuen. Ez zen lan mutu bat, baina aktore bakoitzak zioenak ez zuen lana ulertzea galarazten. Zuzendariak euskaraz egiteko aukera eman zidan, eta gustura hartu nuen. Poloniera, japoniera, ingelesa, frantsesa... Hizkuntza ezberdinak elkartu genituen han. Txinako hedabideetan egin genituen elkarrizketetan euskararen inguruan galdetzen zidaten, baita Euskal Herriaz ere.

Noiz arte jarraituko duzue 'Hura ez da lekua' ikuskizunarekin?

Ahal dugunera arte jarraituko dugu; gaur Gasteizen eta hilaren 15ean Zarautzen egingo ditugu Korrika Kulturalaren barruko emanaldiak. Orain arte Korrika Kulturala arduratu da guztiaz. Baina hemendik aurrera gure kasa jarraitzeko aukera dugu.

Londrestik itzulita, nola ikusten duzu Euskal Herriko antzerkia?

Londresen kultura komertzializatua dago. Hemen alderdi komertziala eta alternatiboa ditugu. Prekarietatean sartuta dago antzerkia. Txotxongilolari bezala ikusten gaituzte, baina lana dago horren atzean. Batzuk diru askorik gabe lan egitera ohituta gaude; sormena sustatu daiteke, dena ez da dirua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.