Gasteizko Kiribil Sorgunearen sustatzaileak

Paula de la Fuente, Nerea Ruiz eta Oihane Sarrionandia: «Sorkuntzarako tailer bat bakarrik zena beste zerbait ere bada orain»

De la Fuente, argazkigintzan eta dantzan; Ruiz, zeramikan eta ilustrazioan; eta Sarrionandia, grabatuan eta kultura kudeaketan. Gasteizko Kiribil Sorgunearen sustatzaileak dira hirurak, hiriko sortzaileen topagunearena.

Paula De la Fuente, Nerea Ruiz eta Oihane Sarrionandia, aste honetan, Gasteizko Kiribil Sorgunean. BERRIA
Paula De la Fuente, Nerea Ruiz eta Oihane Sarrionandia, aste honetan, Gasteizko Kiribil Sorgunean. BERRIA
unai etxenausia
Gasteiz
2024ko ekainaren 25a
05:00
Entzun

Hainbat arte diziplina elkartu eta nahasten dira Gasteizko Zaramaga auzoko Kiribil Sorgunean. Paula De la Fuente (Gasteiz, 1991), Nerea Ruiz (Gasteiz, 1990) eta Oihane Sarrionandia (Gasteiz, 1991) artistek 2021ean ireki zuten Fermin Lasuen kalean dagoen espazio hori. Sortzen aritu dira ordutik.

Kiribil Sorgunea tailer bat izatetik komunitateari irekitako kulturgune bat izatera pasatu da. Zein da abiapuntua?

PAULA DE LA FUENTE: Elkar ezagutzen genuen aurretik. Pandemiaren ondoren, Gasteizen sortzeko gune baten beharra geneukala sentitu genuen. Lokal hau ezagutzen genuen, nire lagun batzuen swing dantza eskola zena. Bisitan etorri, eta hiruron artean hartu genuen lokala.

OIHANE SARRIONANDIA: Etorri berriak ginen, eta tailerra martxan jartzeko beharra ikusi genuen.

DE LA FUENTE: Sortzeko beharretik hasi zen guztia. Eta inguruko jendea gerturatzen hasi zitzaigun, euren beharrak adierazteko.

Orduan hasi zen kulturgune izaera hartzen?

DE LA FUENTE: Pixkanaka, eta, hurbildu den jendeari esker, proiektu paralelo bat sortzen hasi ginen: tailer pertsonala, alde batetik, eta kultur proiektu plural bat, bestetik.

SARRIONANDIA: Lokalak ematen ditu horretarako aukerak. Paula Gasteizko The Bounce swing dantza eskoletan ere badabil. Beraz, horrelako zein bestelako ekintza batzuekin batera, ekintzaz betetzen joan gara. Modu natural batean egin dugu dena, eta horrek agerian uzten du Gasteizen dagoen beharra.

Zein da behar hori?

SARRIONANDIA: Badaude erabiltzeko espazioak dituzten beste kulturgune batzuk, baina diziplina bakarrera daude bideratuak askotan. Hemen hainbat diziplina elkartzen dira. Sorkuntzarako tailer bat bakarrik zena beste zerbait ere bada orain.

Gasteizen badaude, baina, gizarte etxe andana...

SARRIONANDIA: Zerbitzu ona ematen dute, baina ez dira leku alternatiboak.

NEREA RUIZ: Nik uste dut badagoela tarteko zerbait: ikasketak dituzten pertsonak, baina profesionalak ez direnak. Hemen zerbaitekin hasteko espazio bat aurkitzen dute.

DE LA FUENTE: Hona etortzen direnek euren lanetik aparte egiten dute lan hau. Gozatu nahi dute, baina ez da haien ogibidea, pasioa baizik.

Eta zein da soslaia?

DE LA FUENTE: Jam session-ak egiten hasi ginen, dantza sozialak... Eta ondoren sortu genuen The Bounce swing dantza eskola. Espazioa irekitzen joan zen.

SARRIONANDIA: Twerk eta dantza afrikarra, antzerkigintzarekin lotutako beste hainbat proiektu ere eduki ditugu... Hitz Kolpez, adibidez, nahiko ospetsua da. Hainbat proiektu pasatu dira hemendik, eta egin ditugu eguneko proiektuak ere: Kiribilketak.

Kiribilketak?

SARRIONANDIA: Asko gustatzen zaigun egun hori. Kiribilketan artisautza azoka izaten dugu, zuzeneko musika ere bai, eta tailerren bat eskaintzen dugu.

DE LA FUENTE: Urtean birritan egiten dugu, sei hilabetean behin.

RUIZ: Gainera, jende ezagunarekin egiten dugu lan ekintza horietako gehienetan.

Hasta La Teta kolektiboarekin abiatu duzue proiektu bat.

SARRIONANDIA: Emakume talde bat da Hasta La Teta, eta, hortik abiatuta, parte hartzaileek zer behar eta proposamen dakartzaten ikusiko dugu. Helburua da espazio seguru bat sortzea, amatasunaren esperientziaz hitz egin ahal izateko.

Eta noiz erabiltzen duzue tailer modura?

DE LA FUENTE: Gure artean antolatzen gara.

Hiriko auzo historiko batean zaudete. Biziberritzeko zaudete?

SARRIONANDIA: Zahartuta dagoen auzo bat da, eta jendeak eskertu du.

DE LA FUENTE: Auzokoak gerturatzen dira Kiribilketetara, eta gustatzen zaie gu hemen egotea.

Beraz, proiektuak badu etorkizuna...

DE LA FUENTE: Autogestionatua izatea nahi dugu, hori da gure kezka nagusia.

SARRIONANDIA: Maitasuna eta denbora eskaintzen jarraitu nahi dugu, baina guretzat ez dadila izan inbertsio eta galera ekonomiko handia. Kulturan beti aritu behar izaten da zirrikituak bilatzen, eta instituzioek erraztu egin beharko lukete dena.

LOTSABAKO

Toki erreferente bat?
OIHANE SARRIONANDIA: Madrilgo La Quinta del Sordo. 

Zein da hurrengo helburua?
HIRURAK: Kiribilfest bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.