Sorkuntza pantailan

Geroz eta gehiago dira bideojokoen industrian hasi nahi duten gazteak. Sektorea berrituz eta garatuz doa etengabe, baina arlo askotako «profesional kualifikatuak» behar dira kalitatezko bideojokoak sortzeko.

EUNEIZ
Bideojokoen diseinu eta garapen prozesua. EUNEIZ
unai etxenausia
2024ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Bideojokoen industriak ez du mugarik; berritzen ari da etengabe. Arkitekturak, zinemak, musikak edo beste edozein adierazpen artistikok bezala, entretenitzeko eta gozarazteko balio dute bideojokoek. Konplexuak dira, ez baitira azalean gelditzen. Fikziozko unibertso bat da bideojoko bakoitza; kolektiboki sortutako unibertso bakan bat.

Sakelakoaren, ordenagailuaren edo bideokontsolaren bidez jolastu daiteke. Oro har, istorio batean oinarritzen da bideojokoa, eta inguru birtualak islatzen ditu, non jokalariak pertsonaia bat, elementu bat, objektu bat edo makina bat kontrolatzen duen. Jokalari-interfaze-makina-pantaila-jokalari ziklo bat da. Makinari zer egin behar duen adierazi behar dio jokalariak, interfaze baten bitartez —botoien bitartez, pantaila ukituz...—. Makinak jokalariaren agindua interpretatzen du, jokoak eman beharreko erantzuna ematen du, eta pantailan irudikatu. Jokalariak pantailan ikusten du bere erabakiaren emaitza, eta beste erabaki bat hartzen du ondoren; erabaki hori makinari komunikatzen dio berriz. Beste ziklo bat hasiko da horrela.

1950eko hamarkadan garatu eta 1980. urte inguruan gizartean zabaldu zirenetik, bideojokoak aisiarako eta jolaserako jarduera nagusietako bat bilakatu dira. Hainbat alorretako profesional kualifikatuak biltzen dituzten industria indartsuenetako bat bilakatu da. Teknologia arloko aurrerapen berriei estuki lotuta egon izan da beti, kultura ekoizteko modu berriak eta sektore ekonomiko indartsu bat garatuz.

EUNEIZ
Geroz eta gazte gehiagok sartu nahi dute bideojokoen industrian. EUNEIZ

Sandra Sanper Gasteizko Euneiz unibertsitate pribatuko bideojokoetako graduen zuzendari akademikoak nabarmendu duenez, «sortzaile kapaz eta kualifikatuak behar dituen industria bat» bihurtzen ari da bideojokoena. Musika, programazioa, diseinua, artea... arlo bateko eta besteko profesionalak biltzen ditu, eta, bideojokoak sortzeko, talde lana «ezinbestekoa» da, Sanperren hitzetan.

Hortaz, komunikazioa eta koordinazioa ere funtsezkoak dira «kalitatezko bideojoko bat» sortzeko orduan. «Etengabe garatzen ari den industria bat da, langile berezituak behar dituena. Zineman bezala, talde handi bat behar da, eta hainbat adarretako adituak; bideojokoetan ere berdin. Horretarako, oso garrantzitsua da adar bakoitzean gradu espezializatuak egotea. Hala eta guztiz ere, alde guztien arteko talde lana eta komunikazioa da funtsezkoena», baieztatu du Sanperrek.

Profesionalen beharra

Geroz eta gehiago dira euskaraz aritzeko aukera ematen duten bideojokoak, eta geroz eta jende gehiago erakartzen dute bideojoko horiek. 2018an, 25 bideojoko zeuden euskaraz; gaur egun, berriz, gutxienez 149 dira, Game Erauntsia komunitateak —2014. urtean bideojokoei buruz euskaraz jarduteko asmoz zabaldutako elkartea— zabaldutako datuen arabera.

Era berean, eta nahiz eta euskarazko jokoen presentzia ez bermatu, Euskal Herrian geroz eta aukera gehiago daude bideojokoekin lotutako ikasketak egiteko. Bide horretan, Euneizek Bideojokoak Diseinatzeko eta Garatzeko Gradua eta Bideojokoetako eta Animazioko Arteko Gradua eskaintzen ditu lehenbizikoz aurten. Ingeniaritza bat da lehena, zeinaren funtsezko helburua baita bideojoko bat sortzeko behar besteko gaitasuna eskaintzea etorkizuneko garatzaileei eta joko diseinatzaileei. «Ikasketa planean uztartuta daude, batetik, bideojokoetara bideratutako programazioaren oinarriak, eta, bestetik, diseinurako eta garapen teknikorako metodoek emandako eskarmentua; horretarako, industria horretan gaur egun darabiltzaten lanabesik abangoardistenak baliatzen dira», azaldu du Sanperrek.

«Etengabe garatzen ari den industria bat da, langile berezituak behar dituena. Eta oso garrantzitsua da adar bakoitzean gradu espezializatuak egotea».

SANDRA SANPER Gasteizko Euneiz unibertsitate pribatuko bideojokoetako graduen zuzendari akademikoa

Bestalde, Bideojokoetako eta Animazioko Arteko Graduak bideojoko bat ekoizteko prozesuan parte hartzen duten arte digitaleko adar guztiak biltzen ditu. «Ilustrazioa eta arte kontzeptuala, 2Dko eta 3Dko modelatzea eta animazioa. Horretarako, diseinu digitaleko eta animazioko zenbait proiektu egiten dituzte, bai eta mundu birtualak sortu ere, bakoitza bere ingurunean eta bere pertsonaiekin».

Bideojoko batek, baina, artean, diseinuan eta garapenean adituak diren profesionalak baino gehiago behar du. «Bideojoko batek fisika, matematika, marrazketa, komertzializazioa... ditu atzean. Gauza askoren konbinazioaren emaitza da», zehaztu du Sanperrek. Hori bakarrik ez: azken urteotan adierazpen artistiko berri bat bihurtu direla uste du: «Joko benetan ederrak egiten ari dira, gidoi eta eszenatoki oso ederrak dituztenak: horrek ere pizten du interesa».

Artista izateko bide bat

Iga Guniak bere bi pasioak uztartu nahi zituen: marrazketa eta bideojokoak. Bien onena elkartzeko aukera du Bideojokoetako Arteko graduan. Lehen promozioko lehen mailako ikaslea da: «Kriminologia ikasten hasi nintzen, baina ez zitzaidan gustatzen. Beti izan naiz bideojokoen zale sutsua, baina inoiz ez nuen pentsatu horrelako zerbait ikastea. Beraz, gradua atera zutenean, ez nuen bi aldiz pentsatu, eta izena eman nuen».

Geroz eta garrantzi ekonomiko handiagoa izateagatik ez ezik, enplegua sortzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da bideojokoen industria. Izan ere, 2022tik, Europako Batasunak «lehentasunezko sormen sektoretzat» jotzen du. Errentagarria ere badela adierazi du Sanperrek: «Gainera, egungo ikasleek aukera gehiago dituzte enpresetan praktikak egiteko. Gure garaian ez geneukan halako aukerarik, dena berriagoa baitzen».

EUNEIZ
Bideojokoetako eta Animazioko Arteko Gradua ikasten du Guniak. EUNEIZ

Zaletasuna edo pasioa izan daitekeen zerbait lanbide bihurtzeko bidean da Gunia. Izan ere, Euskal Herriko bideojoko sektoreko lan merkatua gora egiten ari da pixkanaka. «Artista izateak irtenbiderik ez duela diote, ez dela ondo kobratzen eta bidea bilatu behar dela, baina ez dut uste horrela denik. Bideojokoen narratibak, irudiak... hori egin nahi dut: bideojokoekin gozatu nahi dut».

Estigmak apurtzeko

Askotarikoa da bideojokoen mundua. Joko asko logika hobetzeko diseinatuta daude: arazoak ebazteko eta eskuaren eta begiaren arteko koordinazioa lantzeko. Bideojoko batzuk dislexia hobetzeko baliagarriak direla ere ikusi da, kontzentratzeko gaitasuna lantzen baitute, baita gaitasun motorra ere, ezustekoak azkar bereizteko eta azkar irakurtzeko gaitasuna sustatuz. Gainera, bideojokoek hezkuntza edukiak ikastea eta trebetasun kognitiboa garatzea errazten dutela dio. Adibidez, puzzle eta logika jokoek, hala nola Tetris ospetsuak, jokalariari laguntzen diote «arazoak ebazteko gaitasunak eta pentsamendu logikoa garatzen».

«Artista izateak irtenbiderik ez duela diote, baina ez dut uste horrela denik. Bideojokoen narratibak, irudiak... hori egin nahi dut: bideojokoekin gozatu nahi dut».

IGA GUNIABideojokoetako eta Animazioko Arteko Graduko ikaslea

Bideojokoen mundua estigmaz betea egon da beti, baina aldatzen hasi da iritzi publiko hori. Sanperrek uste du pixkanaka apurtzen ari direla bideojokoen inguruko estereotipoak: «Bideojokoa sozializatzen ari da. Jada ez da bere gelan bakarrik jolasten den gamer-a bakarrik». Sortzaileei dagokienez, berdin gertatzen da. Gainera, Guniak nabarmendu du geroz eta emakume gehiago direla industria horretan, erabat maskulinizatua egon baita orain arte: «Pozgarria da ikustea bideojokoen industrian geroz eta emakume gehiago garela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.