Javier Alvarez Kaperotxipi. Medikua eta idazlea

«Sorginkeria leporatuta, 200.000 emakume hil zituzten Europan»

Zugarramurdin sorginen kontra Elizak bultzatutako prozesuaz haratago, emakume horiek utzitako ondarea aztertu du Javier Alvarez medikuak 'El legado de las brujas y los secretos de Zugarramurdi' liburuan. Edabe eta pozoiei tarte handia eskaini die.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Medikuntzan doktore eta kirurgialaria da Javier Alvarez Kaperotxipi (Donostia, 1941). Hogeita bost urtez Donostiako Arantzazu Ospitaleko Kirurgia saileko burua izan zen. Egun, erretiroa hartuta, idazteari ekin dio. Lau urte eman ditu berriki Evidencia Medica argitaletxearekin kaleratu duen El legado de las brujas y los secretos de Zugarramurdi (Sorginen ondarea eta Zugarramurdiko sekretuak) liburua egiten. Aurretik ateratako batek eman dio lan hori egiteko bidea. «Curanderismo y medicina popular en el entorno de Navarra (Petrikilotza eta herri medikuntza Nafarroako inguruan) argitaratu nuenean sorginen historia aztertzea gelditu zitzaidan», dio.

Erdi Aroan Europan gertatutako sorginkeria auziez mintzatzen zara liburuan. Zer azpimarratuko zenuke garai hartaz?

Oso garai basati eta ankerra izan zen. Oraindik, zoritxarrez, irauten duen emakumeen kontrako genero bortizkeria artean hasi zen. 200.000 sorgin hil zituzten Europan garai horretan.

Zergatik du Zugarramurdik hainbesteko garrantzia Europako beste herrialde batzuetan sorginkeriaz akusatuta askoz ere emakume gehiago hil bazituzten?

Herri horretan hainbat bat etortze gertatu zirelako. Lehenik, Frantzia hegoaldean bazen epaile bat, Pierre Lancre inkisidorea. Burutik egina zegoen, Espainiako inkisidoreak baino askoz gehiago, eta hori asko esatea da. Sorginak ikusten zituen nonahi, eta horregatik jende asko zigortu zuen. Senpereko gazteluan zegoen eta herritar askok ihes egin behar izan zuen. Bigarrenik, Frantziatik Espainiara pasatzeko bidea ere bazen, eta askok senideak zituzten Zugarramurdin. Bestalde, Zugarramurdi Urdazubiko monasterioaren menpe zegoen. Monasterio hark indar handia zuen. Lurrak lantzeko Zugarramurdiko familia batzuk erabiltzen zituen, esklabo gisa. Halaber, espioitzaren gune garrantzitsu bat zen. Artean muga zegoen, eta espioitza zaldiz egiten zen. Pentsa nolako garrantzia zuen monasterioak hango priorea Espainiako erregeak izendatzen zuela. Felipe II.a zen garai hartan errege, eta abade izendatu zuen Aranibarko Leon. Inkisizioaren esku jarri zuen gaia, eta informazioa. Ondoren etorri ziren inkisizioa eta inkisidoreak, eta 1610 prozesua eta hilketak gertatu ziren. Dena dela, harrigarria bada ere, Zugarramurdiko gertaera latza eta gero, garrantzitsua da azpimarratzea sorginkeria bukatu egiten dela Espainian, baina ez Frantzian.

Zergatik?

1610ko Logroñoko prozesua eta gero, Alonso Salazar Frias epailea joan zen Zugarramurdira. Hark hiltzera zigortuta zeuden asko itaundu zituen, eta esan zuen ez zegoela arrazoirik jendea heriotzara zigortzeko. Halere, hil egin zituzten. Hildakoak eta gero isiltasunak agindu zuen, gaia ahazteko.

Baina Europan sorginkeria auziek jarraitu egin zuten, ezta?

Zugarramurdiko auzia Europa osoan ezagutu zen, eta Irlandan, Polonian edo Alemanian gertatutako hilketak baino oihartzun handiagoa izan zuen. Herrialde horietako bakoitzean 20.000 emakume hil zituzten sorginkeria leporatuta. Espainian ehun bakarrik erre zituzten, eta, hala ere, astakeria bat da. Zugarramurdin hemeretzi erre zituzten.

Akelarre hitza ere Zugarramurdiko auzia eta gero etorri zen inkisidoreek beste esanahi bat eman nahi izan ziotelako. Zer zen akelarre bat?

Deabruarekin egiten ziren festak ziren inkisizioarentzat akelarreak, baina emakumeen festa orgiastiko bat zen. XIV. mendeko kaleko edana, baina ikasleekin beharrean, landa eremuko emakumeekin. Edatera eta elkarrekin ongi pasatzera biltzen ziren. Gero, gaizki tratatu zituztenez, probokatzera ere biltzen ziren. Botere ezarriaren kontrako festak ziren. Emakume bereziak ziren, azkarrak, igarleak eta petrikiloak. Jazarpena jasaten zutenez, probokatzaileak ere baziren, agintearen kontra egiten zuten, eta mendekua ere lortu nahi izan zuten maiz. Baina, askotan kontatu zaigun sorgin gaiztoaren irudia, deabruarekin bat egiten duena, gezur handi bat zen. Orduko botereek, Eliza basatiak, epaileek eta erregeek emakumea erabat baztertua zuten. Emakumeek, berriz, izaera handia zuten, euren bizia egiten zuten. Jendeak laguntza eskatzen zien, eta sendatzen zuten. Botereari traba egiten zioten, sistema erortzeko arriskua ikusten zuen botereak.

Sorginek egiten zituzten edabeen eta erabiltzen zituzten landareen azterketa zabala bildu duzu liburuan.

Bazekiten landareak erabiltzen eta jendea sendatzen. Sailkatu egin ditut, baina ezagunenak haluzinogenoak dira. Jende askok dio gauez hegan egiten zutela, baina horrelako gertaerak ikusten zituzten haluzinogenoen bidez. Zentzumenak nahasten dituzte, eta erreala ez den zerbait ikusten da horiekin, edo benetan ez dena entzuten da. Erratzaren makila haluzinogenoan busti, eta galtzarpeetan eta hankartean igurtzen zuten. Horregatik, hegan egiten zutela uste zuten, haluzinogenoa xurgatzen zutelako.

Zein belar erabiltzen ziren gehien eta zertarako?

Haluzinogenoak erabiltzen zituzten gehienbat. Belaikia, asma-belarra eta erabelarra nola erabili bazekiten emakume haiek. Horien edabea edaten baduzu, hil zaitezke, baina haiek bazekiten belarrak nola neurrian nahastu, eta, soilik delirioak sortzen zituzten. Edabeak eta ukenduak egiten zituzten.

Pozoiei ere garrantzia eman diezu.

Sorginek bazekiten nola erabili landareak pozoiak egiteko, eta horrek gerora ekarri zuen pozoien sofistikazioa. Europako Gorteetan bazeuden pozoi zaintzaileak. Nagusiki astaperrexila, artsenikoa, zikuta eta kuleto txarraren pozoia.

Sexurako bizigarriak ere ikertu dituzu. Bazuen horrek ere garrantzia garai hartan?

Gorputzen arteko maitasuna eta sexua garrantzitsuak ziren, baina ez soilik sexua sexuagatik, espeziearen iraupena eta ugalketa moduan ere ulertzen zen. Kanpoko jendea gonbidatzen zen, jende indartsuagoa jaiotzeko. Zugarramurdin ahaideen arteko harremanak ziren nagusi, eta jende ahula eta gabeziekin sortzen zen, baina kanpotarrak etortzen baziren akelarreetara, Lapurdikoak, adibidez, espeziea hobetzen zen, eta indartzen zen, gero hobea ziurtatuz. Gizarte oso itxiak ziren, eta festa horien esanahia sakonagoa da.

Zein bizigarri erabiltzen ziren?

Asko erabiltzen zuten bizigarrietako bat euli txikituaren aterakina zen. Euli horren jarioak gizonezkoaren erekzioa eragiten zuen, eta garaiko afrodisiako nagusia izan zen. Gero Europako osoko gorteetan erregeek eta agintariek erabilia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.