Beñat Zintzo Garmendia (Tolosa, Okzitania, 1957) euskal historian aditua da, eta Zugarramurdiko sorgin ehizaz mintzatuko da egun, bideo konferentzia bidez ikusgai, 15:00etan. Aldi berean, Senpereko (Lapurdi) mediatekan Euskal Herriko ihauteri ezberdinez erakusketa paratua du, otsailaren 6ra arte.
Lapurdi konkistatu berritan, zein izan zen Bordeleko Parlamentuaren garrantzia sorgin ehizan?
Parlamentua 1450ean osatu zen; konkista, berriz, 1451n gertatu zen, Lapurdi eta Baiona Frantziako koroari lotuz. Alta, Lapurdiko sorginkeria auziak 1609koak dira, aise berantagokoak.
Ez zena afera politikoa izan?
Ez, garai hartan ez baitzen euskal espiritu separatistarik, ez ere Frantziako naziorik. Alta, nahiko nukeen baieztatu geopolitika frantsesa Euskal Herriaren kontra zela, baina ez dut horren errateko osagairik. Erregeek ez zuten sorginkeriarik behar boterea finkatzeko; aski da ikustea baileei esker nola suntsitu zuten Lapurdiko Biltzarra, afrusa da. Foruekin ere gauza bera.
Donibane Lohizune eta Zibururen [Lapurdi] arteko gatazka batetik abiatu zen sorginkeria, hiriko boterea eskuratu nahian. Azken batean, sorginkeriak balio du norbait gainetik kendu nahi baduzu. XIV. mendetik goiti, dominikoek krimen estatusa eman zioten sorginkeriari, ordura arte delitua zelarik: traizioa erregeari eta Jainkoari. Hala gertatu zen Europan. Tokiko jauntto eta epaileek zuten deliberatzen salaketak kalumniak ziren edo ez. Maluruski, Lapurdiko 1609ko krisi fenomenala bezalakoak gerta zitezkeen.
Zer garrantzi izan zuten Senpereko eta Urtubiako jaunek?
1605ean Donibane Lohizuneko hautetsi berriek zaharrak sorgintzako salatu zituzten, eta, berantago, alderantziz. Akusatuetakoetan zegoen Goietxe klana, zeina Urtubiatarren aliatua baitzen. Bi jaunek hola zuten lortu Henrike IV.ak botere osoko komisio bat igor ziezaien: bi epaile laiko; Pierre de Lancre eta Jean d'Espagnet. Ez ziren inkisidoreak, legelariak baizik. Sorgin ehiza kataklismo psikologikoa eta bertzeizan da Euskal Herriarendako.
Zein dira zenbaki beltzak?
Lau hilabetez laurogei izan ziren Lapurdin erre zituztenak, inkisidoreen txostenaren arabera. Gehitu behar zaizkie kartzeletako eta torturapeko hildakoak. Epaileek askatasun osoa zuten torturatzeko. Espainiako inkisidoreek, berriz, presoak bakartu egiten zituzten: ikaragarria zen, baina ez frantsesek egiten zuten bezain biziotsua eta okaztagarria. Zugarramurdiko museoak arras ongi azaltzen du.
Zein zen epaile frantsesen eta espainiar inkisidoreen arteko koordinazioa? Ainhoan (Lapurdi) egin zuten junta, ez?
Erabat istripuzkoa izan zen. Artxiboen arabera, ez da neholako koordinazio lanik haien artean. Espagnet loriatu zen, eta informazioa trukatzea proposatu zuen.
Zer atxiki behar dugu gogoan sorginen ehizaz?
Gizon eta emazte errugabeei egin izan zaien injustizia erabatekoa.
Senpereko erakusketan, euskalihauterien kolore guziak daude.
Argazkiez gain, azalpen testu pedagogikoak ere badira, oro ele biz. Ihauteri bakoitzak panel bana du. Eta, puntu komunekin bospasei paratu ditut, etxez etxekoa xehatzeko, adibidez. Pertsonaia historikoak zein diren azaldu dut.
Ihauterien funtzio edota beharra garatu dea?
Bai. Frankismoren debekuak indartu zituen ihauteriak, eta zaharrenek eta militanteek zentzua eman zieten. Azken batean, norberaren nortasuna erakusteko balio dute. Karroak protesta klase bat ere baziren. Debekatu bazituzten ere, Zuberoako Maskaradek atxiki dute: Kabanak kontatzen baititu hain gustagarriak ez direnak.
Terapeutikoak direa?
Erabat. Hainbertze iraun badute, presio eltzeko aire eskapea bezalakoak dira. Balio dute usaian ezin erran eta egin direnak egiteko.
ATZEKOZ AURRERA. Beñat Zintzo Garmendia. Historialaria
«Sorgin ehiza kataklismoa izan da»
Zintzo Garmendia euskal historian aditua bilakatu da, bertzeak bertze sorgin ehizaz tesia egitearekin. Hitzaldia emanen du horretaz gaur. Ihauteriak ere ikergai ditu; Senperen badu paratua erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu