Zientzia

Sopelako balearen begiaren argazkiari sari bat eman diote Herbehereetan

'Balea-erretinaren ostadarra' irudia lortu zuten EHUko zientzialariek, glaukoma ikertzeko asmoarekin. Dagoeneko bi sari jaso ditu irudiak.

'Bale-erretinaren ostadarra' argazkia. EHU / GOBE
Edu Lartzanguren.
2020ko abuztuaren 3a
12:07
Entzun

2019ko otsailean, 16 metroko luzera eta 30 tonako pisua zuen balea bat lehorreratu zen Sopelako hondartzan (Bizkaia). Animalia hil egin zen, baina EHUko ikertzaile batzuek begi bat erauzi zioten, laborategian aztertzeko, glaukoma sendatzeko ikerketa zabal baten barruan.

Mikroskopioak erabilita, balearen begiaren ehunei argazkiak egin zizkieten Elena Vecino Cordero EHUko katedradunak eta Luis Lopez Vecino ikertzaileak. Irudiak ikusgarriak zirenez, Balearen begia erakusketa antolatu zuen EHUk. Argazkion artean zegoen Balea-erretinaren ostadarra argazkia.

Elena Vecino EHUko Oftalmo-Biologia ikerketa taldeko zuzendaria, Sopelako baleari erauzitako begiarekin. Marisol Ramirez / Foku

 

Geroztik nazioarteko zenbait sari jaso ditu argazkiak. Azkena, Herbehereetan. Herrialdeko Neurozientziarako Institutuak (NIN) hamargarren aldiz antolatu du Neurozientziaren Artearen Lehiaketa. Horren helburua da zientzia eta artea elkartzen diren eremuan sorturiko irudi «inspiratzaile eta sortzaileak» nabarmentzea, EHUk zabaldu duen oharraren arabera. Lehiaketa horretan, AEBetako Scientific American aldizkariak bultzatzen duen sariaren ohorezko aipamena jaso du EHU ikertzaileen irudiak.

Iazko otsailean Sopelako hondartzan agerturiko balea jasotzeko operazioa. Luis Tejido / EFE

Lehen ere jaso ditu sari batzuk: aurten, lehen saria eman zioten NeuroArt 2020 lehiaketan. Espainiako Neurozientzia Elkarteak (SENC) antolatzen du, nerbio sistemaren inguruko irudi eta bideoak zabaltzeko.

Elena Vecino EHUko GOBE Oftalmo-Biologia Esperimental taldeko burua da. Unibertsitateak iaz honoris causa doktore izendaturiko Sansar C. Sharmar adituaren taldeko ikertzaile izan zen. Glaukomaren ikerketaren inguruko munduko aditurik handienetakoa da Sharmar.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.