«Soinu txikia da, baina/ urrunera heldu dena», kantatu zuen, behinola, Kupela taldeak. Txikia, eta zaharra. Nozbait jauntxo batena izandako etxean sartu eta eskaileretan goiti joanda, trikiti zahar-zahar batek ematen du arreta. 1900. urteko altxorra da; teklaren bat sakatuz gero, soinu fin txiki bat aterako du, ziurrenik. Gaur-gaurkoz ez da jauntxorik bizi EHTE Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen egoitzan, baina hala balira bezala zaintzen dituzte etxeko altxor guztiak.
1972an sortuta, orain bi urte ospatu zituen EHTEak urrezko ezteiak, eta aurtengo urrian argitaratu dute 50 urte eta gehiago izeneko liburua. Orriak idazten, bertzeak bertze, Laxaro Azkune (Azpeitia, Gipuzkoa, 1950) eta Haritz Garmendia (Azkoitia, Gipuzkoa, 1991) aritu dira; elkarrekin egin dute iraganerako bidaia.
«Trikitiarekiko zaletasuna familiatik datorkit, etxean osabak-eta dultzainarekin eta trikitiarekin ibiltzen zirelako beti», oroitu du Azkunek. «Festa giroan hazi ginen etxean; gero, seminarioan nintzela, dantzan ikasi nuen». 18 bat urte izanen zituen Azkunek seminarioko lagun batek Andre Madalen dantzatzen erakutsi zionean. «Hark doinua kantatzen zuen, eta guk dantza egiten genuen, gero erromeriara ez gintezen hutsetik joan. Behin plazara aterata, urte askoz ibili naiz erromerian, herriz herri».
«Diru publikoak beste lehentasun batzuk zituen, eta trikitiari ez zion inork dirurik eman nahi»
LAXARO AZKUNEEuskal Herriko Trikitixa Elkarteko kidea
Amaren familia errezildarra (Gipuzkoa) du Garmendiak; «trikitizale asko dago han». 5 urterekin hasi zen pandereta jotzen, aitaren aldeko familian ere «oso presente» egon baita beti soinu txikia. «Handik soinura pasatu nintzen, eta, beraz, gaztetatik izan naiz trikitilaria», kontatu du Garmendiak. «Urola erdiguneak trikiti elkartearekin harreman estua izan du beti, hau baita haren sehaska». Zuzendaritzako kide da Garmendia, eta bertatik atera zen liburua sortzeko ideia. «Liburua idazteko, argi geneukan Laxaro behar genuela». Irri txikia egin diote elkarri.
Trikitiaren historia kontatzeko, ordea, gibelera egin behar. «Trikitiaren historia idatzia oso bakana da, eta, nazio zapaldua garen heinean, memoria ahozkotik jaso behar izan dugu. Lehen 50 urteetako kontuak Laxarok ezagutzen zituen, jende asko pertsonalki ezagutu ere bai; eta banan-banan joan gara haien bila», azaldu du Garmendiak. Urte luzez irratian aritu ondotik, «telefono zenbaki sorta handia» egin zuen Azkunek, eta «lotsa galduta» zeukanez, testigantza eske abiatu ziren biak.
Elkartearen jaiotza urtea 1972a bada ere, 1991. urtera arte ez zen legeztatu: «72an trikitilari bikote bat omendu zuten Usurbilen [Gipuzkoa], baina, finean, komunitate oso bat zen omendutakoa. Gizartean bazegoen kultur mugimendu bat euskal kultura kezkaz bizi zuena, eta, zerbait egin nahian, omenaldi bat egiten hasi ziren. Azkenerako, urteroko ospakizun bihurtu zen», oroitu du Azkunek. Omenaldiekin konformatu ez, eta harago joan nahi zuen komunitateak: «90eko hamarkadan batzorde batzuk antolatu zituzten, eta orduan hasi zen erakundetzen eta forma hartzen. Dena den, guk 1972. urteari lotzen diogu sorrera, ametsa orduantxe hasi zelako esnatzen». Omenaldi egunak ospatu ahal izateko, baina, dirua behar zen, eta horrexegatik erabaki zuten elkartea legeztatzea, «diru laguntzak eskatzeko orduan trabarik ez izateko; edo gutxitzeko, behintzat». Abiatzea kosta, eta, gainera, maldan goiti abiatu ziren. «Trikiti elkarteak diru gutxi izan du beti, baina ameslari asko, eta horrek salbatu gaitu».
«Batzuek soinua jo dezaten, norbait gelditu da etxean haurrak zaintzen, edo trikiti egunetan mahaia prestatzen, kozinatzen... Beti erretagoardia handia izan duelako iraun du trikiti elkarteak»
HARITZ GARMENDIAEuskal Herriko Trikitixa Elkarteko kidea
Herri batzordeetan antolatu ziren hasieran, eta, gero, trikitilarien batzordeak eratu zituzten. «Batzordeetan aritzeko ideia oso ona zen, baina, horretarako, bitartekariak behar ziren», kontatu du Azkunek. Hurrengo hamarkadan etorri zen saltoa, 2000. urte inguruan. Lana egokiro egin behar zela ebatzita, jende profesionala jarri zuten elkarterako lanean; liberatuak ziren, telefonoaren bertzaldean jarri eta jendea artatzeko konpromisoa hartu zutenak.
Olatu berean iritsi zitzaien dokumentazio zentroa sortzeko ametsa ere, baina, behin eta berriro ahalegindu ziren arren, ez zuten gauzatzerik lortu. «Diru publikoak beste lehentasun batzuk zituen, eta trikitiari ez zion inork dirurik eman nahi», dio Azkunek. Proiektua buruan zuten arren, elkartea Azpeitira iritsi arte ez zuten berrabiarazi.
Katua bere katakumeekin nola, EHTE leku hobearen bila aritu da urte luzez. «Tabernaren bueltan egiten ziren lehendabiziko batzarrak, eta, hortik pixka batera, Itziarko [Deba, Gipuzkoa] trikitizale batek garaje bat eskaini zuen», kontatu du Azkunek. Garajean urte batzuk egin ondotik, Azkoitian leku berri bat utzi zieten; baina batzordeko kideentzat urrutiegi geratzen zela-eta, Zarautzen (Gipuzkoa) hartu zuten aterpe. «Hasieran intsumisoekin partekatzen genuen gela, baina gero elkartearentzat utzi zuten leku hori». Hogei urte inguru Zarautzen pasatu ondotik, Azpeitiko Udalak gaur egungo egoitza eskaini zien; jauntxoena izandako hura, hain zuzen.
Atzera begira ari diren bitartean, behetik gora ari dira elkartea eraikitzen. «Trikiti elkartea ez da bulego baten aurrean jarri eta bere gisara eratu den elkarte bat. Behetik gora eraikitako proiektu bat izan da», azaldu du Garmendiak. «Gure indargune nagusia izan da herri batek babestu gaituela eta bazkide komunitate zabal bat sortu dela gure inguruan. Merkatuaren logikatik harago doan ekosistema propioa eraiki dugu, eta ekintza asko ekoitzi ditu elkarteak bere kabuz, txikitik, jendearen borondate mugagabeari esker». Merkatuaren logikatik ateratzeak erran nahi du, bertzeak bertze, lehentasuna ematen diotela lurraldetasunari, gazteei, transmisioari, ondare bilaketari, genero perspektibari eta nazioarteko harremanei. Nazioarteko harremanak, baina, ikuspegi propioz lantzen dituzte, Garmendiak kontatu duenez: «Ez gara Londresera eta New Yorkera joaten, baizik eta Eskoziara, Galesera, Galiziara eta Kataluniara. Beste harreman sare bat egin dugu, eta uste dut hori oso aberasgarria dela».
Itsaso Elizagoien (Etxalar, Nafarroa, 1995) da egun Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria, autoan «Tapia eta Leturiaren zinta zahar-zahar» baten arrimuan hazia. «Ahizpak trikitia jotzen zuen, eta, ahizpa gazteenak zaharrenak egiten duena egin nahi izaten duenez, nik ere ikasi nahi nuen». Handitu ahala, elkarteak antolatutako ekintzetara joaten hasi zen, eta, azkenerako, zuzendaritzan sartu da. «Lan karga aldetik ez da anitz aldatzen; trikiti elkartea boluntario talde bat da, eta lana ere halakoa da: boluntarioa. Nik duela hamar urteko boluntario lan bera egiten jarraitzen dut», azaldu du.
Soinu debekatua
Seiehun izenetik gora bildu dituzte liburuan, elkartearen eta ekimenen bueltan aritu direnak urterik urte. Garmendiaren arabera, horrek «dimentsioa» ematen dio proiektuari; «alegia, ez da kapritxoa izan, herriaren beharra baizik». Herriaren beharra, baina, 1972a baino are zaharragoa da; hala jakin dute trikitiaren aztarnei jarraitzen ari zirela. Prentsan agertzen ziren aleei tiraka eta etxeko ateak jota, aurreikusi gabeko soinu txikiak entzun dituzte: emakumeak. «XIX. mendeko trikitilariak ziren, erromeriak girotzen zituztenak pandero hutsez. Baserri giroan txerri hiltzeak eta etxeko festak halaxe alaitzen zituzten; eta guk ez genuen horren berri», azaldu du Azkunek. Hurrengo mendean, ordea, erromeriak alaitzen zituzten emakumeak zera bilakatu ziren: gizon trikitilarien pandero jole. «Gerra ondoren eten bat gertatu zen; alegia, pandero jole batzuk bazeuden, baina berririk ez zen sortzen». Elkartearen sorrerako argazkian bi emakume ageri dira, bata heldua eta gaztea bertzea. «Ume zirenean ez zegoen lotsarik, eta inguruak oso natural onartzen zituen ume pandero joleak. Gero, ordea, neska egiten zirenean, lotsa agertzen zen, eta erretiratu egiten ziren; plazak berak ere horretara behartzen zituelako». 1965era arte, gainera, zenbait herritako apaizek «debekatu» egiten zuten trikitia, «dantza lotuan ez aritzeko», Azkunek azaldu duenez. Gauzak nola diren, debekuak trikiti gosea areagotzea bertzerik ez zuen lortu.
Debekuak debeku, gaur egun 4.000 ikasle ari dira trikitia ikasten. «Trikiti elkarteak, zentzu askotan, espazio plurala eta garaikidea eskaini du. Hau da, ez gara mugatu iraganera begiratzera, baizik eta etorkizun erreal bat eraikitzera», azaldu du Garmendiak. Horrez gain, ziur da liburuak eta dokumentazio zentroaren proiektuak euskal kultur ekosistema garatu eginen duela eta bizirik mantentzeko argibideak emanen dituela. Trikitia «gizartearen erritmo berean» aldatzen ari dela uste du Elizagoienek, «ez atzetik, behintzat».
«Liburua egiten ari ginela ohartu naiz zeinen inportantea den zaintza», dio Garmendiak. «Batzuek soinua jo dezaten, norbait gelditu da etxean haurrak zaintzen, edo trikiti egunetan mahaia prestatzen, kozinatzen... Beti erretagoardia handi bat izan duelako iraun du trikiti elkarteak. Anonimoak izan dira, baina ea bide honetan asmatzen dugun itzalekoak argitara ateratzen».