Roberto Sarriugarte

Sobrarbeko Oliverarenak

2024ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Sobrarbe eskualdean (Huesca, Espainia), Pirinioaurrean, duela hirurogei urtera arte-edo mahastiak, olibondoak eta almendrondoak oso ugariak ziren. Urtegiak eraiki zituztenean, inguruko herrien itxura erabat aldatu zen, eta Mediano, adibidez, urpean geratu zen. Inguru horietan bizi ziren familia gehienak hegoalderago dauden Barbastro edo Monzonera joan ziren bizitzera, eta han geratu ziren biztanle apurrek zerealak lantzea erabaki zuten, errazagoa eta jende gutxiagoren premiazko lana zelako. Gaur egun, Sobrarbe eskualde osoan hamar bat hektarea geratzen dira.

1970eko hamarkadatik aurrera, Barbastron finkatu zen ardoaren negozioa, Somontanoko hiriburuan, baina Jorge Oliverak arbasoen lurretan abiatu nahi izan zuen bere proiektua, Coscojuela de Sobrarbeko lurretan, amaren herrian, alegia, urtegiaren ertzean; 2009an jarri zituen han lehen mahatsondoak. Hasieran, uztartu egin zituen mahastiko lana, etxerako ardoa eginez, eta Barbastron egiten zituen ingeniari lanak. Garai hartan Duero Erriberako ardoak oso gustuko zituenez, tempranilloa eta merlot mahats motak landatu zituen, baina laster konturatu zen merlotak ez zuela ondo erantzuten eta bertako betiko moristel mahatsarekin txertatu zuen. 2011koa izan zen bere lehen uztaldia. Altzairuzko deposituan ardoztatu zuen mahatsa, familian kontsumitzeko.

2021ean upategi txiki bat eraiki zuen, energia fotovoltaikoz hornitua. Ardoztatze guneaz gain, lurpean badute upelak edukitzeko beste areto bat, atzealdean harrizko horma handi batekin. Horma horretatik ura iragazten da, modu naturalean, esparrua freskatuz eta tenperatura egonkor mantentzea ahalbidetuz.

Oliverak 4.000 bat botila egiten zituen hasieran, baina 2022an Liguerre de Cincan erdi abandonatutako mahasti bat alokatzeko aukera sortu zitzaion eta fabrikan bost urteko eszedentzia eskatu zuen. Erabateko mahastizaina bilakatu zen, eta lehen aldiz merkaturatu zuen bere ardoa.

2023ko mahats bilketa eta urte osoko lanak, inausketa izan ezik, Oliverak berak egin zituen, hiru hektareako mahasti propioak zein alokairuan dituen zazpiak bertatik bertara kontrolatuz. Ekologikoan egin ditu lan guztiak, biodinamikari jarraituz. 15.000 botila inguru merkaturatuko ditu eta pozik dago emaitzarekin.

Hasieran fruta ugariko ardoak eta ardo boteretsuak gogoko bazituen ere, gaur egun ardo arinagoak ditu gogoko. Horregatik, kexu da Somontanoko parajeetan bertako mahatsa gutxietsi eta frantziarra jarri zutelako haien gainetik.

Oliverari aspergarria iruditzen zaio beti gauza bera egitea, eta, horregatik, urtearen arabera, ardo batzuk edo besteak merkaturatuko ditu. Argi duena zera da: urtero egingo ditu Negiro, Gorrión eta As Nabatas. Espainian zuzenean saltzen ditu ardoak, jatetxe gutxi batzuetan, eta, batez ere, Frantzian saltzen ditu ardook, baita Italia, Suitza, Danimarka eta Portugalen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.