Laudioko (Araba) San Roke jaiak dira, eta kontzertua antolatu dute gaur gauerako. Vendetta eta Zirkinik Bez taldeak ariko dira txosnetan, 00:15etik aurrera.
Ska musika izango da nagusi gaur gauean. Vendetta taldeak lau urte daramatza martxan, eta ehundik gora kontzertu eman dituzte orain artean. Bi disko kaleratu dituzte: Vendetta eta Puro infierno (2011). Lehenengoa 11 abesti berrik eta bi bertsiok osatzen dute; The Selecter taldearen Everyday eta The Munsters, Jack Marshall musikariarena. Ska estiloan oinarritutako abestiak dira, baina rock, skin-reggae eta latin-hardcore ukituak ere antzematen dira. 2009an Vendetta Tour bira egin zuten, eta 50 kontzertu baino gehiago eskaini zituzten munduko hainbat herrialdetan. Handik urtebetera, 2010ean, ekin zioten Munster birari, eta haren atzetik etorri zen taldearen bigarren diskoa. Disko hori mugarri bat izan da Vendetta proiektuaren garapenean. Aurreko diskoan ez bezala, originalak dira abesti guztiak. Musika lasaiagoa da, eta lirika aldetik ere guztiz ezberdina da. Besteak beste, Skalariak, Manu Chao, The Police eta The Clash taldeen eragina antzematen da.
Vendettaren atzetik ariko da Zirkinik Bez, sei gaztek osaturiko taldea. Ska doinuak jorratzen dituzte horiek ere.
VENDETTA ETA ZIRKINIK BEZ
Noiz. Gaur, 00:15ean.
Non. Laudioko txosnetan (Araba).
Ska doinuak, Laudion
Vendetta eta Zirkinik Bez taldeek kontzertua emango dute gaur, 00:15ean, Laudioko txosnetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu