Aspaldiko amets bat betetzen ari da Silvia Palumbo (Lincoln, Argentina, 1963) kantautore eta aktibista feminista Euskal Herrira egin duen bidaian. Hamabi emakumez osatutako Desbandadas perkusio talde feministaren sortzailea da, eta bere taldekideetako asko lehen aldiz herrialdetik irteten ikustean bete du ametsa. Emakumeak ahalduntzeko sortu zen La Banda Lavanda proiektu metodologiko eta ideologikoaren parte da Desbandadas: danborrekin, ahotsekin eta mugimendu eszenikoekin lan egiten duen musika taldea. Ikuskizun bat sortu dute, eta hori erakustera etorri dira. Atzo Elorrion izan ostean, Berrizen (Bizkaia) ariko dira gaur. Halaber, datorren larunbat arte Euskal Herriko hainbat herritan egongo da ikusteko aukera.
Nork osatzen du Desbandadas taldea?
Aniztasun handia dago taldean; guztira hamabi emakume gaude. Batzuk ez dira inoiz Argentinatik atera; beste batzuek ez dute Buenos Aires hiriburua ere ezagutzen. Asko erresilenteak dira, ni neu barne. Eta, adibidez, taldean badago 17 urteko neska bat, zeina bere ama feminizidioaren biktima izan zen, eta haren memoria dakar. Halaber, taldekide askok gorputzean idatzia dakarte tragedia patriarkala.
Hortaz, perkusiozko talde bat baino gehiago da.
Emakume horiek espresiozko ahalduntzean heztea da nire lana, eta horretan oinarritzen da hain zuzen ikuskizuna. Profesionalak ez diren emakumeek beren gorputza eta agerpen eszenikoa gizateriaren aldeegituratu dezaketela erakusten dugu, hau da, agerpen eszenikoa eraikitzeko gai direla.
Nola sortu duzue eszenaratzea?
Desbandadas taldearen beraren Una crónica feminista diskoko abestietan oinarritua dagoen eszenaratze feminista bat da. Abestien bidez, emakumeek istorioak kontatzen dituzte; emakumeok bizi dugun biolentzia patriarkalaren istorio unibertsalak dira.
Nola lan egiten duzue?
Entseatzeaz gain, entrenatu egiten gara. Entrenamendu fisikoa eta mentala izaten da. Emakume guztiak ez ziren feministak taldera batu zirenean; batzuek feminista izateko gogoa zuten, eta horretarako kontzeptuak bereganatuz joan dira. Lan oso bat da, energiarekin, arnasketarekin eta kontzentrazioarekin lotura duena. Baita sororitatearekin ere.
Horrek zertan laguntzen die emakumeei?
Sistema patriarkalaren barruan emakumeen duten gorputza, haien postura fisikoa da aldatu behar dena. Sistema patriarkalaren kortsea aldatu behar da. Kortseak zapaldu egiten gaitu, eta ez kontzeptualki, baizik eta sinbolikoki. Hori guztia emakumeekin lantzen dugu, haiek diren emakumeak izan daitezen eszenikoki ere.
Perkusioa edo ahotsa, zein da garrantzitsuago?
Elkarrekin doaz. Danborrak soinu botere handia du, eta, tresna patriarkala den heinean, zarata egiteko, arreta bereganatzeko, erabiltzen dugu; hala, nahi ez gaituzten tokietan sartzen gara. Ahotsaren gorputzaren luzapen bat da danborra, gure energia are gehiago errefraktatzen duena. Danborrak laguntzen du, baina garrantzitsuena gure ahotsak entzutea da.
Sistema patriarkala salatzen duzue abestietan?
Abestien bidez, sistema patriarkalean emakumeekin gertatzen diren egoera desberdinak ikusarazten ditugu, patriarkatua denaren ertzak. Emakumeak sistema hau aldatzeko gai garela eta horretan urteak daramatzagula argi utzi nahi dugu. Istorioak ikusarazteaz gain, justizia eta memoria eskatzen ditugu.
Zer biziko du ikusleak ?
Ikuskizun iluna da, batzuetan mingarria. Baina emakume ikusleakahalduntzeko ere egina dago. Ikaragarria da nola hamabi emakume hauek —denak desberdinak, adin eta bizitza desberdinetakoak— abestu, mugitu, danborra jo eta ospatzen duten. Borrokatzeko, ospatu beharra dago. Emakumeak etengabeko borrokan bizi gara, ez baitakigu noiz gertatuko den gerta daitekeena.
ATZEKOZ AURRERA. Silvia Palumbo. Musika hezle feminista
«Sistema patriarkalaren kortsea aldatu behar da»
Emakumez osatutako perkusio taldeak ahalduntzen aritzen da Palumbo duela 30 urtetik. Horretarako, danborren erritmoekin sortutako fusioak eta ahotsa dira haren tresnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu