Aktibista antirrazista eta afro-feminista

Desiree Bela-Lobedde: «Sistema patriarkala arrazista ere bada»

Desiree Bela-Lobedde aktibistak argi du nola egin behar zaion aurre hizkuntza arrazistari: «Gogor, bitan pentsatu gabe». Horren inguruan aritzeko hitzaldia eskaini du Bilbon.

Desiree Bela-Lobedde aktibista antirrazista eta afro-feminista, Bilbon, hilaren 20an.
Desiree Bela-Lobedde aktibista antirrazista eta afro-feminista, Bilbon, hilaren 20an. ENDIKA PORTILLO / FOKU
iraia vieira gil
2024ko otsailaren 24a
05:00
Entzun

Antirrazismoa eta afro-feminismoa dira Desiree Bela-Lobedde (Bartzelona, 1978) aktibista ahalduntzen duten mugimenduak. Hain justu, horietan trebatzeko aholkularitza jarraitua eskaintzen du 2019tik, betiere espazio seguruetan eta norberaren ongizatean oinarritutako hezkuntza ereduaren bitartez. Egiten duen lanaren erakusgarri, Hizkuntza eta komunikazioa gizartea eraldatzeko tresna gisa izeneko hitzaldia eman zuen otsailaren 20an, Bilbon.

Zer ogibide duzu?

Hezkuntza antirrazistaren inguruko dibulgazioa egiten dut. Banakoentzako eta instituzioentzako kurtsoak eta aholkularitza jarraitua eskaintzen ditut. Hau da, ez dut behin-behineko formakuntzarik ematen. Komunikazioa da nire gaitasunetako bat, ingurukoek esaten didatenez eta nik neuk konprobatu dudanez, erraztasun handia dut antirrazismoarekin lotutako kontuak modu ulergarrian, hurbilean eta praktikoan helarazteko.

Zelan egiten duzu hori?

Kontratatzen nautenek sare sozialetatik edo astero bidaltzen dudan buletinagatik ezagutzen naute. Haiek badakite zeren inguruan arituko naizen. Formakuntza hartuko duten eta ezagutzen ez nauten langileei dagokienez, ez da ageriko oztoporik egoten; norberaren ideiekin lotutako kontuak ez baldin badira, behintzat. Aipatu bezala, komunikatzaile ona naiz, eta, ikasketa prozesua errazteko, eguneroko jarreren adibideak jartzen ditut. Antirrazismoari buruz hitz egitean, abstrakziora edo sinbolismora jotzen dute aditu askok. Nik neuk ez dut holakorik egiten.

Afro-ikaskuntzan zentratutako komunitatea zuzentzen duzu. Zer da hori?

Formakuntzaren bat ematera datozen adituak pertsona afrikarrak edo horien ondorengoak direla esan nahi du. Hain zuzen, hiru espaziotan banatuta dago nire aholkularitza zerbitzua: afrikarren eta horien ondorengoen liburuak lantzeko irakurketa kluba, sektore profesionalen inguruan dekolonialismoaren eta antirrazismoaren ikuspegitik pertsona horiek ematen dituzten klase magistralak, eta egunerokoaren eta hizkuntzaren inguruan aritzeko egiten ditugun bilerak. Azkenekoetan, esaterako, inauterietako mozorroei buruz eztabaidatu dugu.

Nolako lotura dute hizkuntzak eta arrazismoak?

Izugarria! Hizkuntza gizartearen isla da. Badakigu hizkuntza matxista dela sistema patriarkal batean bizi garelako, eta sistema patriarkal hori arrazista ere bada. Ondorioz, egunerokoan erabiltzen diren eta esanahi arrazista duten hamaika esaera daude. Kolektibo etniko jakin batzuen kontrako hizkera diskriminatzaile hori hain dago errotuta, non gehienetan jendea ez den konturatzen zer esaten duen. Ematen dudan formakuntzarekin, saiatzen naiz erakusten hizkuntzak balio dezakeela estereotipoak iraunarazteko edo horiek deseraikitzeko.

Zer bide dago aldaketa hori egiteko?

Hasteko, arazoa detektatzea ahalbidetuko dizun hezkuntza hartu behar duzu; ondoren, praktika da garrantzitsuena. Benetako konpromisoa hartu behar duzu, nahiz eta beti egongo den hizkera arrazista justifikatuko duen norbait. Behin kontzientzia hartuta, ezinbestekoa da asumitzea hutsak egingo dituzula eta jarrera horiek erreproduzitzen jarraituko duzula denbora batean. Horiek identifikatzean dago gakoa, pixkanaka aldatzeko.

Ba al dago modu egokirik ingurukoen jarrera arrazistak seinalatzeko?

Hori galdetzen didaten bakoitzean zera erantzuten dut, hizkuntzak eta arrazismoak lotura zuzena dutela pertsonen arteko harremanekin. Eta pertsonen arteko harremanak inoiz ez dira zientzia zehatz bat izan. Aurre egin behar zaie, gogor, bitan pentsatu gabe.

Neketsua da aktibista izatea?

Batzuetan, bai. Urteekin ikasi dut pedagogia eta aisialdia banatzen. Norberaren osasun mentala ere oso garrantzitsua da; ezin naiz momentu oro irakasle lanetan ibili.

lotsabako

Pentsamendua deseraikitzeko liburu bat?
Idatzi dudan azkena: Ponte al punto para el antirracismo (2023).

Inspiratzen zaituen norbait?

Nire alabak.

Bereziki gogoko duzun hizkuntza bat?
Brasilgo portugesa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.