Sistema oso bati oldartutakoak

Esklaboak eta jopu ibilitakoak, piratak, Ameriketako indigenak, Europako langile klasea: askok egin zioten aurre sistema kolonialari, esplotaziotik ihes egiteko, gehienbat. Rodri Robledal historialaria Aro Modernoko eta Garaikidearen hasierako erresistenteez mintzo da liburu batean.

Anne Bonny eta Mary Read piratak, Benjamin Colek pintatuak, 1724 inguruan. BERRIA.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Apenas izan ziren 40 bat esklabo hasieran. Porto Calvoko (Brasil) azukre landaketa batean esplotatzen zituzten, harik eta hamalau orduko beharraz eta ugazaben krudelkeriaz gogaitu ziren arte; hezurrez eta harriz horniturik, bortizkeriatik ihes egitea lortu zuten: Brasilgo hego-ekialderantz abiatu, eta Palmares sortu zuten, «bizitza alternatiboko komunitate bat, harreman horizontalagoak zituena», Rodri Robledal Bartzelonako Unibertsitateko historialariaren irudiko. 1580an izan zen matxinada, eta, urteen joanean, biztanle gehiago bildu zituen Palmaresek: batu zitzaizkien esklabo izandako gizon-emakumeak, indigenak, sistema kolonialak jazarritako zuriak eta mestizoak, tratu txarrak jasandako andreak, eta beste baztertu mordo bat.

Berezia da Palmares, haren ezohiko hedapenagatik eta kide kopuruagatik. 1710era arte iraun zuen. Hainbat herrixkak osatzen zuten orduko hartan, eta 20.000 lagun inguru bizi ziren han, orotara. Baina egon ziren beste matxinada batzuk esklaboen artean, eta eratu ziren gisa hartako beste hainbat komunitate, nahiz txikiagoak eta efimeroagoak izan. Eta, orobat, sistema kolonialari aurre egin zioten bai jatorrian, Afrikan, baita garraioan ere, ontzietan: hala esklabistak erailda, nola euren burua hilda, suizidio kolektiboak antolatuta zenbaitetan. Izan ere, sistema kolonialak aurkari andana bat izan zituen Aro Modernoan eta Garaikidearen hasieran, Robledalek xehatu duenez Malditos de tierra y mar lanean (Lehorreko eta itsasoko madarikatuak; Txalaparta, 2022): izan ziren esklaboak, bai, baina baita Ameriketako indigenak, Europako langile klasea, soldatapeko beharrera bultzatutakoak, armadan borrokatzera derrigortuak, Atlantikoko merkataritzari erasan zioten piratak, tabernariak, prostitutak...

Sainte Domingueko —egungo Haiti— iraultzaren irudi bat, 1819ko argitalpen batekoa.BERRIA

Aurkari andana bat, kontakizunetan lausotuta geratu direnak, historialariaren arabera. «Historia ofizialak guztiz erdeinatu ditu erresistentzia erraldoi horiek. Askotan, irabazleen ikuspegitik baino ez ditugu ezagutzen. Erresistentzia tradizio hori iruditeria kolektiboan geratu da, ahozko iturrietan, musikan, dantzetan... baina ez egunerokoetan eta kroniketan».

Edo, kontrara, desitxuratu egin da; esate baterako, berben esanahiak aldatuta. Adibide bat aitatu du Robledalek. Palmares bezalako komunitateei quilombo deitzen zieten biztanleek eurek, beste izen batzuen artean. «Bada, gaur egun Uruguaira edo Argentinara joanez gero eta quilombo-ez galdetuz gero, putetxe batera bidaliko zaituzte. Edo hitz hori entzuten baduzu, arazoarekin lotuko duzu, iskanbilarekin...».

Elkartasuna, sarritan

Robledalek liburuan azaltzen duenez, komunismo primitiboa eta gizarte komunalak desagertuz joan ziren Europan, leku batzuetan orain dela milaka urte, eta beste batzuetan duela mende gutxi. Edonola ere, mugarri bat nabarmendu du historialariak: XVI. mendean, burgesiaren hedapenarekin, nekazari asko bota zituzten euren lurretatik, eta desjabetu horiek soldatapeko lanetara bultzatu zituzten. Europar askok ez zuten men egin, eta lege eta zigor zorrotzak ezarri zituzten horiek bezatzeko; besteak beste, lan behartuak Ameriketan.

Horiek horrela, baztertuetako batzuek bat egin zuten hainbatetan, hala kontinente hartan, nola itsas zabalean. Tortuga uhartean, esaterako, batera bizi izan ziren behartutako lanetatik ihes egindako europar batzuk —bukanero esaten zitzaien—, indigenak, eta tarteka uhartean ezkutatzen ziren pirata ugari. Urrez eta zilarrez hustu ondoren, Espainiako Erresumak abandonatu egin zuen Tortuga —gisa bereko irla askorekin egin bezala—, eta behiak eta txerriak utzi zituzten han, merkatariek atseden hartu eta despentsak bete zitzaten bidaia luzeak abiatu aurretik. Alabaina, bukaneroek aprobetxatu zituzten animalia haiek. Pirata ontzietan ere lotu ziren baztertuok, hainbatetan. «Guztietan zeuden afrikarren ondorengoak. Iruditerian, komikietan eta pelikuletan, kasurako, beti dago pirata beltzen bat».

Egon zen elkartasuna, baina baita bidegabekeria ere, Robledalen esanetan; izan ere, baztertuetako batzuek boteretsuen estrategiak erabili zituzten aberasteko. «XIX. mendeko anarkistek edo XX. mendeko komunista iraultzaileek ez bezala, erresistenteek ez zuten beti argi eduki senidetasun hori: hau da, denak zirela esplotatuak». Batzuek «interesagatik» erakartzen zituzten indigenak euren ontzietara, hobeto ikusten zutelako eta trebeagoak zirelako ehizan, adibidez; eta zenbait piratak etekinak atera zituzten jopuen merkatutik.

Palmaresko buru Zumbi, Antonio Parreirasen artelan batean.BERRIA

«Baina, orokorrean, solidaritatea, elkarrekikotasuna eta elkar laguntza egon ziren», historialariaren hitzetan. Gehienak bizirauteko helburu hutsagatik batu ziren, baina baten batzuek sistemari kalte egiteko asmo adostua eduki zuten. Horren adibide da 1741eko New Yorkeko matxinada. Konspirazio bat antolatu zuten Manhattango moiletako hiru taberna ingurutan, hiriaren gobernua herritarren esku gera zedin, eta iraultza heda zedin. Modu koordinatuan, su eman zieten hango hainbat eraikini, hala nola gotorlekuari, aberatsek ez zezaten babeslekurik eduki etxetik ihes egiten zutenean. «Parte hartu zuten esklabo izandakoek, artean jopuak zirenek, indiar irokesek, armada britainiarrean zeuden soldadu irlandarrek, hainbat jatorritako marinelek eta tabernan behar egiten zuten langile sexualek eta zerbitzariek», zerrendatu du Robledalek.

Ez zuten helburua lortu: matxinada erreprimitua izan zen berehala, karra ez zen hedatu, eta matxinoei zigor gogorrak ezarri zizkieten. Beste oldarraldi batzuetan ere, sistema kolonialak indarrez erantzun zuen. Baina asimilaziora jo zuen beste hainbat kasutan, Tortuga uharteko bukaneroekin eta piratekin, esaterako. «Frantziako Gobernuak hitzeman zien gotorleku bat eraikiko ziela, espainiarrek eraso ez ziezaieten, Frantziara anexionatzen baziren. Hasieran, uko egin zioten, baina, armak heltzen eta gotorlekua eraikitzen hasi zitzaizkienean, onartu egin zuten». Kortsario bilakatu ziren orduan.

Andreen kontua ere bazen

Emakume bat izan zen New Yorkeko konspirazioko buruetako bat, irlandar jatorriko tabernari eta prostituta Margaret Kerry. Eta, Robledalek topatu dituen erresistente gehienak gizonak badira ere, liburuan tarteka agertzen dira emakume izenak. Konspiratu baitzuten tabernetatik, Kerryk legez —urkatu egin zuten matxinadagatik, 22 urte zituela—, eta ekin zioten baita pirata ontzietatik ere, besteak beste.

Anne Bonny eta Mary Read piratak izan ziren. Bikote baten eskutik heldu zen Bonny mundu horretara, eta abordatu zituzten ontzietako batean zegoen Mary Read; ordutik, Read ere pirata bizitzara lotu zen. Gizon jantzita ibiltzen ziren biak ala biak. Harrapatu zituztenean, urkatuak izatera zigortu zituzten, baina Read lehenago hil zen, espetxean, sukarrak jota, eta Bonnyk ihes egin ahal izan zuen. Dena dela, legeak aitakeriaz jokatu zuen emakume piratekin oro har, uste baitzuten aitak edo bikotekideak bultzatuta aritzen zirela.

Bortitzak ziren Bonny eta Read: pistolak erabiltzen zituzten, kanoiak kargatzen zituzten, eta biraoak botatzen zituzten erreparorik gabe, gizonek bezala, garai hartako lekukotzen arabera. Baina egon ziren indarkeriarik erabili gabe eutsi ziotenak ere: gobernu kolonialak Nigeriako igbo emakumeei boterea ebatsi zienean, XX. mendearen hasieran, askok protestatu egin zuten, oihukatuz eta dantzatuz. Kolonoek haietako bostehun hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.