Edozein herritako festetan, garrantzitsua izaten da parranda egin aurretik tripa ongi betetzea. Tafallako txosnetan (Nafarroa), aurten, horretarako aukera berezia eskaintzen dute. Jaietan, gauero, Siriako errefuxiatu talde batek kozinatutako jaki arabiarrak afaltzeko aukera egonen da, 18:00etatik 02:00ak arte.
Tafalla Harrera Hiria elkartearen laguntzaz, Abdu Alrazak Aljusuf errefuxiatu siriarrak txoko bat lortu du txosnetan. Alrazak duela urtebete pasatxo iritsi zen Iruñera, bidaia luze bat egin eta gero. Lehenengo, Alepotik Turkiara eta Turkiatik Greziara joan zen txalupa batean. Ondoren, Nazio Batuen programa batean sartu, eta zuzenean Iruñera bidali zuten. Familia guztia Damaskon du, baina «familiatzat» dituen lagun asko egin ditu Iruñean.
Lana aurkitzeko zituen zailtasun guztiak ikusita otu zitzaion siriar gazteari janaria saltzen hastea. «Ni enpresaria izan nintzen; logistika enpresa bat nuen Europako lantegi batean. Horregatik, hona iristean edozein pertsonak bezala lan egiteko asmoa nuen, baina ez dut ezer aurkitu», kontatu du Alrazakek. Askotan gonbidatu ditu Iruñeko lagunak etxera bazkaltzera, eta, Siriako janaria gustatzen zitzaiela ikusita, jatetxe bat irekitzea pentsatu zuen. «Ez dut etxean egon nahi, zortearen zain edo gobernuaren laguntzen zain. Osasuna daukat, ideia berriak ere bai, eta gauza asko egin ditzaket», gaineratu du. Bere egoeran, ordea, «oso garestia» da lokal bat lortzea. «Behar dudan gauza bakarra aukera bat da», azpimarratu du.
Lehenengo pausoa emanda
Batarekin eta bestearekin hitz eginez, azkenean lortu du janaria saltzeko lekua: «Itxaro Iradierren [Tafalla Harrera Hiriko kidea] laguntzarekin, Tafallako gazteekin harremanetan jarri nintzen, eta kultur etxearen atzeko plazan, txosnetan, leku bat utzi didate». Gauero, han egonen da beste bost errefuxiaturekin batera lanean. Dastatzeko aukera zabala izanen da: falafel frijitua sesamoarekin, pasta haragiarekin edo gaztarekin, pasta txitxirio pikante eta sesamoarekin, barazkiak haragiarekin eta azatarra, besteak beste.
Tafallan ez ezik, Lizarran egon da Alrazak jaietan janaria saltzen, eta Burlatan ere egonen da haren lagun talde bat. Proiektuaren helburua bereziki jendeari siriar janaria gustatzea da, ez soilik dirua irabaztea. Izan ere, Euskal Herrian jendea janariarekin «oso tradizionala» dela uste du Alrazakek, ez zaiola askorik gustatzen gauza berriak probatzea. Behin probatuta, ordea, gustatu egiten zaiela dio. Siriar jakiak gustatzea lortuta, egunen batean lokal bat lortzekotan arrakasta izanen duela uste du gazteak.
Hala ere, badaki bide gogorra duela aurrean. Errefuxiatuekin aritzen diren erakunde eta elkarteekin minduta agertu da Alrazak: «Askok errefuxiatuen izena erabili eta errefuxiatuei laguntzen dietela diote, baina, egia esan, laguntza gutxi dugu». Haren ustez, ez dute dirua bakarrik behar, baizik eta laguntza psikologikoa, jendearekin harremanak egiteko erraztasunak, bizitza berri bat hasteko... Alrazakentzat, benetan laguntzen dietenak «kaleko pertsonak» dira.
Festak Tafallan
Siriarrak, jo eta su lapiko eta zartagin artean
Siriako errefuxiatu talde batek afariak emango ditu txosnetan jaiek iraun bitartean. Zapore arabiarrak dastatzeko aukera izanen dute bertaratutako guztiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu