Estudioko argazkilaria da Jose Luis Lopez de Zubiria (Legazpi, Gipuzkoa, 1957). Enkarguzko lanak egiten ditu gehienbat, baina sormeneko argazkiak egiten ere aritzen da. Berezia da oso haren estudioa, Donostiako Igara auzoan. Kutxa beltz bat ere bada estudio hori, kamera handi baten gisakoa.
Zorionak! Zer sentitu duzu LUX saria jasotzean?
Saria erakusleiho bat da. Ondo dago. Sormen prozesua zenbaitetan bihurgunetsua da, gauza asko filtratzen joaten zara, eta batzuetan animoa jaisten zaizu. Sarituak izan diren argazkiak egitea asko kostatu zitzaidan, nahiz eta sinpleak izan. Argazkiari une jakin batean eman behar zaio amaiera, nahiz eta Photoshop-arekin ez dagoen bukatzeko modurik. Saria baltsamo bat izan da.
Zergatik Kaiena, baratxuria eta tipula?
Oinarrizko osagaiekin jokatu nahi izan dut. Saltsentzat beharrezkoak diren osagaiak dira, baina neurrian egon behar dute. Omenaldi bat da osagai horiei. Kolore gorriak hari gisa funtzionatzen du argazkietan.
Argi berezia dute argazkiek.
Bai, argi zozoa da, itzalia, baina kontrargiak ematen dio distira produktuari.
Natura hila da kategoria. Baina badirudi bizitza hartzen dutela tipulak edo baratxuriak, ezta?
[Barrez] Tira... Hori bilatzen dut. Izan ere, argiak jartzen du eszenan protagonista. Argia da argazkilaritzaren osagai nagusia.
Gertuko sukaldariren batek ikusi al ditu argazkiak?
Enkarguzko lanak egin ohi ditut normalean, beste batzuen buruan sortzen direnak egiten ditut. Baina saritu duten lan hau nire sormena da. Pentsatzen dut sukaldari batzuei gustatu zaizkiela argazkiak, baina sukaldariak beste istorio batzuetan dabiltza... Mugaritz jatetxearentzat lan asko egin izan dut, bestalde.
Zerbait sinplea lortzeko, buruhauste asko al daude atzetik?
Bai, paradoxa bat da hori: sinplea da gauza askori uko egitea. Jerzy Grotowskiren antzerkia bezalakoa da: antzerkiaren esentziara osagai asko kenduz iristen da, eta ondorioa da antzerkia egon dadin aktore bat eta publikoa behar direla. Argazki batean, sinplera jotzen duzunean, uko egiten diozu kontu askori. Zorrotza izan behar da horretan.
Igarako estudio hau sormenerako espazio berezia da, ezta?
Nire kobazulo propioa sortu dut. Beltzez margotua dut, zeren funtzionatu behar duen argia da neronek jartzen dudana; argi parasitoak kaltegarriak dira, batez ere metalezko objektuen argazkiak ateratzen dituzunean.
Uda batean, mezulari bat iritsi zen kobazulo honetara... eta zer gertatu zen?
Estudioan berogailua jartzeko obra egin nuen, eta zulo bat gelditu zen. Oraindik zuloa estali gabe zegoela, zera gertatu zen: eguzki asko zegoen egun batean, itzalpean lanean ari nintzen, eta kontzentratua nintzen lanean. Mezulari bat iritsi zen, eta galdetu zidan ea sabaiaren parte bat kolorez margotu ote nuen. Kontua da, beroaren eraginez, zulo hark estenotopoarena egin zuela: azpian zegoen kamioi bat [hamalau metrora dago estudioa], eta haren irudia zulotik sartu eta koloreak sabaian islatu ziren.
Zinema jaialdientzat ere egin izan dituzu lanak, ezta?
Donostiako Zinemaldiarentzat lehen kartelak Tony Galindo zenaren bitartez egin nituen. Eten bat izan zen gero, eta Jose Luis Lanzagortaren estudioarekin egin dut azken urtean kolaborazio bat. Duela urte batzuk [2006an], Marisa Paredes aktorearen argazkiak estudio honetan egin genituen Zinemaldiaren kartelarentzat.
Izar gehiago pasatu al dira txoko honetatik?
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astearentzat argazki asko egin ditut. Esaterako, Mario Vaquerizori eta Alaskari... Robert Englund aktoreari, aldiz, Polloen atera nizkion argazkiak. Edonola ere, noranahikoa naizela esango nuke.
Argazkilaria izan ez bazina, zer gustatuko zitzaizukeen izatea?
Ingeniaria. Izan ere, ingeniaritza elektronikoa ikasi nuen Arrasaten [Gipuzkoa]. Karrera ikasi eta iraultza aldi berean egiten genuen, unibertsitatean nintzela hil baitzen Franco.
LOTSABAKO
Argazki kamera bat?
Sinar.Argazkilari bat?
Jaume Male kataluniarra.Hiri bat argazkiak ateratzeko?
Donostia.