Autobus istripu bat lurpetik atera du Endika Diazek (Amurrio, Araba, 1985), gertatu eta 63 urtera. Arde la niebla (Lainoa sutan) erakusketarako, istripua gertatu zen lekuaren argazkiak egin ditu, udal artxiboetan murgildu da, lekukoekin hitz egin du, eta 200 bat metro behera amildutako autobusaren zati batzuk berreskuratu ditu. Istripua Urduñako mendatean gertatu zen, Bizkaian, Araba eta Burgos (Espainia) artean, 1962ko uztailaren 24an. Santiago egunez, Santiago de Compostelako Orkestra Sinfonikoko kideek Bilbon jo behar zuten, baina, lainoaren ondorioz autobusa desbideratu, eta berrehun metro amildu zen. Hamasei pertsona zeuden mikrobusean, eta horietako lau hil egin ziren. Gidaria bizirik atera zen, eta haren alabaren mezua jaso zuen Diazek aurreko astean.
Zuk ez zenuen istripua bizi izan. Zergatik erabaki zenuen hari buruzko erakusketa bat egitea?
Nik 20 urterekin atera nuen gidabaimena, baina gidatzearen eta trafiko istripuen beldur nintzen, eta kaxoian geratu zen 11 urtez. Kasualitatez, argazkigintza gustatzen hasi zitzaidan garaian, koinataren auto zaharra heldu zitzaidan, eta neure burua behartu nuen asteburuero kotxea hartzera. Shock terapia gisa, Urduñako mendatera joaten nintzen argazkiak egitera. Zerbait dokumentala egitea zen nire hasierako ideia, lan garaikide bat egitea, baina, istripuaren berri izan nuenean hain potentea iruditu zitzaidan, nire proiektuaren epizentroan jartzea erabaki bainuen.
Ezagutzen duzu istripuarekin lotura duenik?
Proiektua martxan jarri aurretik, ez, baina nire familia Galiziakoa da, eta galiziar herriarekiko sentiberatasun berezia daukat. Jakin nuenean istripuko biktimak galiziarrak zirela, are gehiago hunkitu ninduen, eta pentsatu nuen zentzu handia zuela jazoera hura lanaren epizentroan jartzeak.
«Sinestesia bat da. Lainoa ezin da kiskali, ez baldin bada lainoa dagoen lekuan istripu bat gertatu delako»
Zein izan zen istripuaren kausa?
Garai hartako komunikabideek esan zuten balazten arazo bat eta lainoa izan zirela kausak. Baina bertako jende askok esan zidan zaurituak artatu zituztenean, eguerdi partean, sekulako beroa egiten zuela.
Hortik dator izenburua?
Sara Medinaren olerki batetik atera dut. Duela pare bat urte heldu zen nire eskuetara eta izugarri gustatu zitzaidan. Sinestesia bat da. Lainoa ezin da kiskali, ez baldin bada lainoa dagoen lekuan istripu bat gertatu delako.
Zertan datza lana?
Lehendabiziko ideia izan zen erakusketak bidaia baten edo istripu baten moduan funtziona zezan. Hasiera eta bukaera ditu. Erakusketa aretoaren pareta bakoitzari nortasun propioa ematen saiatu naiz: lehenengoak lekuaren edertasuna goratzen du, hurrengoek lanaren mamia biltzen dute... Andere Larrinaga Cuadra Artearen Historiako doktorearen testuak ere badaude, hark jantzi baitzuen erakusketa, bere hitzekin.

Koloreekin eta zuri-beltzarekin ere jolastu duzu.
Lanaren mamia zuri-beltza da, horrek atenporalitatea ematen diolako eta errepidearen kolore primarioak direlako. Koloretako argazkiekin kontrako efektua lortu nahi izan dut: lehenaldira ekartzea erretratuak eta horrenbeste urte bertan daramatzaten istripuaren aztarnak. Digitalizazioak ere koloretan utzi ditugu, sei hamarkadaren ostean oraindik duten xarma nabarmentzeko.
Zer dokumentu digitalizatu dituzu?
Udalek elkarri bidalitako telegramak; orkestrak gau hartan emango zuen kontzertuaren kartela; egunkarietatik moztutako albisteak; garai hartako Amurrioko udal artxibozainak egindako krokis bat, zeinetan azaltzen den hildako eta zauritutako bakoitza non topatu zuten; eta baita autobusa eta aztarnak non zeuden ere, besteak beste.
Urduñaren eta Santiago de Compostelaren artean elkartasun handia sortu zen orduan. Nola islatu duzu hori?
Digitalizatutako dokumentuetan oso agerikoa da udalen artean gutun bidezko harremana izan zutela urte askoan. Gero, pare bat urtez, Santiago de Compostelako orkestra etorri zen Urduñara jotzera, doan, urduñarrei eskerrak emateko erreskate lanetan lagundu izanagatik. Sinergia oso polita sortu zen bi herrien artean, eta hori islatu nahi izan dut nik.
«Istripua sona handikoa izan zen eskualdean. Pentsa, hamasei pertsona amildu ziren garai hartako autobus batean; miraria izan zen lau bakarrik hil izana»
Zelan lagundu zuten Urduñako biztanleek?
Kontatu didatenez, batzuk lantegitik irten eta korrika joan ziren istripuaren tokira, bai Urduñatik, bai Amurriotik. Zaurituak artatu zituzten, eta hildakoak garraiatzen lagundu zuten. Datorren astean emakume bat erretratatuko dut: urte luzez gutun bidezko harremana izan zuena istriputik bizirik irten zen gizon batekin. Ziur nago erreskate lanetan parte hartu duten beste hainbat pertsona ere badaudela. Istripua sona handikoa izan zen eskualdean. Pentsa, hamasei pertsona amildu ziren garai hartako autobus batean; miraria izan zen lau bakarrik hil izana.
Iaz, Euskal Herriko Argazkia.eus saria eskuratu zenuen proiektu horri esker. Baduzu asmorik lehiaketa gehiagotan parte hartzeko?
Ez dut uste. Horren inguruko argazki liburu bat argitaratzea izango da hurrengo urratsa. Horretarako, diru bilketa bat egiteko asmoa dut, irabazi asmorik gabeko argazki liburu bat argitaratzeko.
Non ikusi ahal izango da erakusketa?
Orain, Amurrioko La Casonan dago, eta martxoaren 23an, igandean, bisita gidatua eskainiko dut bertan. Ibilbide bat egingo dugu aretoan, eta proiekzio batzuk egiteko asmoa ere badut. Datorren urteko urtarriletik martxora, Urduñan izango da ikusgai. Asko gustatuko litzaidake Galiziara eramatea ere; aste honetan bi leku proposatu dizkidate, baina amets hutsa da oraindik.
LOTSABAKO
Argazkilari bat?
Bryan Schutmaat.Abesti bat?
Bon Iverren Stacks.Erlaxatzeko leku bat?
Viveiroko A Brela hondartza [Galizia].Erronka bat?
Arde la niebla proiektua argazki liburu bilakatzea.