Maratila

Sinde

santi leone
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Emozio handiz erosi nuen Corri uomo corri filma, Sergio Sollimak zuzendu zituen westernetarik bat. Garestia zen, eta Filmaxek ez zuen eduki osagarririk eskaintzen DVDan, baina hartu nuen, halere. Gero, etxean, emozioa harridura bihurtu zen ikustean nola, segundo gutxian eta inolako azalpenik gabe, pertsonaia nagusia pasatzen zen emazteki eder batekin jostetan aritzetik filmean ordura arte agertu gabeko jeneral baten aitzinean belauniko egotera. Bi aukera zabaldu ziren nire buruan: edo abangoardiako spaghetti western bat ikusten ari nintzen, edo zerbait falta zuen nik eskuraturiko bertsioak. Bigarrena zen erantzun zuzena: ordu erdia zuen eskas nire DVDak. Interneten harrapatu nuen moztu gabeko bertsioa.

Antza, frankismoan banatu zituen film zentsuratuak merkaturatzen ari da Filmax enpresa. Sollimarena ez da kasu bakarra. Adibidez, aldizkari bati esker jakin nuen bekatu mortala egin dutela Lucio Fulciren Zombie 3 izeneko filmean ere, eta kanibalismo pasarterik hoberenak moztu («beharrik!», pentsatuko du baten batek, baina zonbizaleek ulertuko naute).

Nolanahi ere, uste izatekoa da Filmax fitekara hetsaraziko dutela, bezeroak hain modu gordinean filma Interneten jaustera bultzatzeagatik.

Aferak, ordea, badu alde ona, polita izaten baita zure hautu etiko eta estetikoek bat egiten dutenean. Opari emanda ere ez nuke Espainiako kultura ministroak sinaturiko film bat ikusiko; Alex de la Iglesiari, berriz, Acción Mutante hura egin izanaren truke, kasik dena barkatzen ahal zaio, baita, bere obran itxurakeriak kritikatu ondoren, hainbertze argaldu izana ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.