Badira urte batzuk Senpereko (Lapurdi) Larraldea etxean elkarteko lehendakaritzako eta gai-egileen arteko bilkurak segitzen dituela Joana Itzainak (1981, Itsasu, Lapurdi). Elkarteko beste kide eta langileentzat bezala, Xilabaren finala memento azkarra izan da berarentzat ere. Taula gainetik, gai-jartzaile aritu zen hirugarren aldiz.
Zure aita ere bertsozalea da, eta hainbat urtetan bertsolarien bidelagun izan da. Odolean jin zaizu bertsozaletasuna ?
Eta arra-amatxi bertsolaria! Familiari esker txikitatik bertsolaritza eta bertsolariak hurbiletik ezagutzeko parada izan nuela ezin dut ukatu. Zein heinetara ene bertsozaletasuna bideratu duen... Gehiago maitatzeko ontsa ezagutzea ez da kalte!
Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria zara. Bertsolarietan bezala, gazte bat buru...
Esperientziaren onura eta gaztetasunaren ausardia ditu gure elkarteak, nahiz eta mementuko agerian garenak gazte izan, adin guztietako xinaurriek osatzen dute gure lantegia... agian, luzaz!
Gai-egile, gai-emaile, elkarteko lehendakari... bertsotan aritzea baizik ez zaizu falta!
Ari naiz, ari naiz... Egiten dudana zinez bertsoa denetz ez dakit, baina maite dudala, dudarik ez! Helduen bertso eskola trinko baina bikaina dugu Itsasun, eta agian luzaz ukanen ere. Kantatzeak zerbait gehiago ekarri dit zaletasunean, denek entseatu behar lukete.
Beti aipatzen da Ipar Euskal Herrian euskararen egoera zinez larria dela. Bertsolaritzak lagun dezake hori hobetzen?
Bertsoa oinarrian euskarari lotua da. Biziki zaila zait, adibidez, bertsolaritzaren inguruko gai baten aipatzea frantsesez. Bertsoa entzutera heldu den jendea ez ote da kontzientziatua? Bai, alabaina, baina betikoa: ikastea bat da, erabiltzea bestea! Kanpoan, toki publikoetan, ostatuetan, lagunartean, besta giroan... euskara plazara jalgitzeko paradak ematen ditu bertsolaritzak, duda izpirik gabe. Haurrentzat bereziki, baina denentzat ere aski, alde ludiko eta artistikoa ere ematen dio hizkuntzari bertsolaritzak. Euskara erabiliz jostatzea, plazer kognitiboa hartzea eta barneko korapiloak komunikatzea manera berezi batean... Azkenik, gutariko bakoitzak duen hizkuntzaren ezagutza barneratu eta fintzera ere bultzatzen du. Ardatz horiek lan ildo ditugu elkartean, eta geroko proiektu sortzaile dira aldi berean...
Ipar Euskal Herriko instituzioek laguntzenzaituztete? Gehiagoren beharra balitzateke?
Lagundu bai, baina laguntzek ez dute irakaskuntzako xedearen hazkundea segitu. Lau urte hauetan ez dira mugitu, eta guk ezin dugu luzaz iraun berme hori gabe. Zoriontzen gaituzte eginiko lana ikusita, baina horrek ez digu geroari begira dagokigun babesa ematen. Urteetako lanaren emaitza da orain bertso eskoletan ikusgai dena, eta instituzioek beren ardura dute horri iraunaraztea.
Donibane Lohizunetik Baionara pasatu duzue Xilabaren finala. Zer ekarri du horrek?
Leku berria, sentsazio berriak, giro berria, eta Baionako herriari erakustea Lauga bete daitekeela euskara hutsezko eta hitza oinarri bakarra duen ekitaldi batekin. Baionak badu, gainera, hiri nagusiaren sinbolotik zerbait gure arteko anitzentzat. Sinbolo ederra eta azkarra zen bertsoari Baionan bere lekua ematea.
Amets Arzallusek EHko final batean kantatu zuen agian egun batez finala Baionan jokatuko zela; hori posible izanen da noizbait?
Posible denetz ez dakit, eta komeni denetz ere ez, baina bertsotarako plaza handiak beharrezkoak ditugu hemen. Halere, uste dut lan gehiena plaza txikiak bultzatzen eta usaietan sartzen egin behar dugula, indar berezia horretan eman. Batak bestea elikatzen duela sinesten dut, baina batak zein besteak lan berezia eta ezberdina galdegiten dute.
Joana Itzaina
«Sinbolo azkarra zen bertsoari Baionan bere lekua ematea»
Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria da. Bere adinak ongi islatzen du Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko bertsolari txapelketaren gaztetasuna. Xilabaren finalean, bertsolarien ondoan zen gai-jartzaile lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu