Sinadurak Interneten biltzeko plataformak alde guztietatik zabaltzen dira gaur egun. Ingurumenarekin, osasunarekin, hezkuntzarekin, justizia ekonomikoarekin eta giza eskubideekin lotura duten aldarriak biltzen dituzte. Herritarrek sinatu, eta aldarri batekin bat egiten dute. Sinadura kopuru handiekin, garaipen txiki birtualak irudikatzen dira. Baina atari horietako askoren atzean interes ekonomikoak daude. Erabiltzaileek gehienetan ezagutzen ez dituzten interesak. «Change.org enpresaren negozio eredua, funtsean, nahi duen edonori sinadura bilketa bat doan egiten uztea da. Horrek beraien plataformara erabiltzaile berriak erakartzen ditu», azaldu du Marko Txopitea hacktibista eta ekintzaileak. «Sinadura bilketa arrakastatsuak lortzeko, ordaintzeko prest dauden gobernuz kanpoko erakundeentzako eta enpresentzako erakargarria bihurtzea lortu du Change.org-ek. Izan ere, plataforma horretako datu basean dauden erabiltzaileei sinadura bilketa berri bat iragarriz gero, inork baino sinadura gehiago biltzea lor dezakete». Amnesty International eta tankerako erakunde asko plataformaren bezero dira.
Change.org Kaliforniako (AEB) enpresa bat da, 300 langile baino gehiago ditu, eta publizitatetik bizi da. «Ondo doakio», dio Txopiteak. Unai Gorrotxategi Talaios kooperatibako kide eta informatikariaren arabera, Change.org enpresaren helburuak eta webgunean parte hartzen dutenenak ez doaz norabide berean: «Erabiltzaileen datuak saltzen dituzte. Ordainetan, erabiltzaileek zerbait ona egiten ari direla uste dute. Negozio borobila da».
Txopiteak tentuz ibiltzeko eskatu du: «Change.org-en sinatzen dena informazio oso baliagarria da, jendaurrean esaten ez direnak ere ondoriozta baitaitezke. Ekinaldi baten alde sinatzen dugunean, geure buruaz dugun irudia islatzen dugu, gure nahiak erakusten ditugu eta gure interesak adierazten ditugu».
Bestalde, Google enpresak bilatzaileak egindako bilaketa guztiak eta posta elektronikoko mezu guztiak aztertzen ditu, Change.org-ekoak barne, profil automatiko bat sortuz. «Change.org-ek ere profil mamitsua sortzen du, eta ematen diegun informazio hori guztia lehenago edo geroago ahalik eta etekinikhandiena ateratzea dute helburu».
Change.org-ek munduko 196 herrialdetan 170 milioi erabiltzaile inguru ditu. Hamar urte bete zituen otsailean, eta plataformaren sortzailea eta kontseilari ordezkaria Ben Rattray da (San Frantzisko, AEB, 1980). Haren aburuz, Change.org-en helburua jendeari boterea ematea da. Gobernuen eta enpresen praktikak denen ongizaterako izateko bokazioz jokatzen duela dio, eta ez interes pribatuaren mesederako. Time aldizkariak munduan eragin gehien duten pertsonen zerrendan sartu du, 2012tik 2016ra.
Dabid Martinez software librean adituak eta Laborategia.eus-eko blogariak, aldiz, ohartarazi du Change.org enpresaren negozioa datuen salerosketa dela: «Maltzurkeriaz jokatzen ari dira: irabazi asmorik gabeko erakundetzat saltzen digute beraien burua, baina ez da horrela». Domeinuarekin ere ez dutela zintzo jokatzen uste du: «Interneten, .org domeinua irabazi asmorik gabeko erakundeentzat sortu zen. Baina ez du zertan horrela izan. Izan ere, ez dago inolako mugarik .org domeinu bat erosteko. Edonork eros dezake».
'Sofako aktibismoa'
Hizkuntzaren erabilerarekin, bestalde, murriztailea da Change.org., Oriol R. Nadal kataluniarraren arabera. Eskaera bat jarri zuen martxan, plataformak katalanezko bertsio bat izan zezan. Baina ez zuen arrakastarik izan. «Gero deskubritu nuen ez zela lehen eskaera izan», dio Nadalek. «Zilegi iruditzen zait negozioa egin nahi izatea, harpidetza baten truke zerbitzu bat eskaintzen badute. Baina plataformaren aldaketen inguruko promesak ez dituzte betetzen. Kontraesanezkoa da, gainera, hizkuntzarekin lotutako eskaerak beste hizkuntza batean egin behar izatea».
Txopiteak Change.org Interneteko beste erraldoi batzuekin alderatu du: Google, Facebook, Twitter, LinkedIn eta Infojobs. «Horien eta beste enpresa askoren diru iturria publizitatea, informazio salmenta edo gauza biak aldi berean dira. Enpresa batek zenbat eta datu mamitsuagoak lortu, orduan eta etekin gehiago lortuko du».
Change.org atarian babestutako kanpaina bat kontratatzen duten erabiltzaileek zerbitzu bat jasotzen dute trukean: plataformako adituak arduratzen dira eskaera bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta jarraitzaile potentzialak kontaktatzeaz, eta euren sinadura eskatzeaz. Halaber, sinatzaile potentzial horien telefono zenbakiak eta helbide elektronikoak ere saltzen dizkiete kontratatzaileei. Horrela, herritarrek elkartasunetik emandako datuekin trafikatu eta aberasten dira Change.org eta antzekoak.
Hacktibismoaren barne aritzen direnen artean, bestalde, ahots ugari daude Change.org-en tankerako plataformek benetako borroka soziala oztopatzen dutela diotenak. Txopiteak gomendatzen du Change.org sekula ez erabiltzeko: «Zure datuak eta sinatzen duten zure lagun guztien datuak etorkizunean nora arte helduko diren jakiterik ez dagoelako». Iritzi berekoa da Martinez: «Aipagarria da, gainera, Change.org-en egiten diren sinadura bilketa guztiek ez dutela inolako lege euskarririk, behintzat, Euskal Herrian aplikatzen diren legeetan. Legezko balioa izateko, NAN elektroniko batekin sinatu beharko litzateke».
Gorrotxategiren iritziz, Interneteko kanpaina batzuk hainbat kezka sozializatzeko balio izan dute. «Baina halako plataformak ez dira aldaketa sozialerako tresna gisa jaio, eta ez dira hala izango etorkizunean ere». Balio informatiboa aitortu die, baina kezka badu tresna horien erabilerarekin. «Autosatisfakzio puntu bat eskaintzen dute inguruan sortzen diren borroketan laguntzen ari garela pentsatzeko. Borroketan aurrera egiteko, kristalezko harresi bat jartzen digute, eta borroka edo militantzia ulertzeko modua klik batzuetara mugatzen dute». Aldaketa kristal horren beste aldean dagoela iruditzen zaio Talaioseko kideari, eta plataforma horiek ez dituztela herritarrak alde horretara eramango.
Antzera mintzo da R. Nadal: «Benetako bizitza kalean dago, eta ez sarean. Aktibismoa klik batera mugatzen bada, antzua izango da». Arriskuak ikusten dizkio, gainera, slacktivism edo sofako aktibismotzat jotzen denari. «Arriskua dago herritar askok euren kontzientziak garbitu dituztela pentsatzea, eta sinestea horrekin nahikoa egiten dutela».
Txopiteak argi du eraldaketa soziala lortzeko erarik «osasuntsuena» eta «eraginkorrena» pertsonak bilduz lortzen dela, fisikoki elkar lagunduz eta elkar indartuz. «Pantailen bitartez komunikazio mota bat asko zabal daiteke eta hori oso kontuan izan behar den onura bat da, baina teknologiaren lilurak errealitatearen parte den alde birtualari duena baino eraginkortasun handiagoa duela sinestera eraman gaitzakeela uste dut». Gorrotxategik ohartarazi du: «Iraultza sofatik egiten badugu, ez da sofatik aterako».
Bestelako ereduak
Change.org-en tankerako hamaika plataforma daude Interneten sinadura bilketak eta eskaerak egiteko: Mifirma.com, Sosvox.org, Causes.com, Activism. com, petitions.whitehouse.gov...
Katalunian, Plataforma Per La Llenguak —katalanaren alde lan egiten duen erakundea da— Canvia.cat sortu zuen, 2015ean. Sorreraren nondik norakoak azaldu ditu Neus Mestresek,plataformako zuzendariak: «Netflix Espainiako estatura iritsi zenean, planteatu genuen herritarren sinadurak jaso nahi genituela plataforma horri eskatzeko edukiak katalanez emititzeko, baita nabigazio sistema katalanez izateko ere». Ondotik iritsi ziren LinkedIn, FIFA17 eta Playmobil katalanez eskatzeko kanpainak. «Gure helburua da katalana erabiltzen ez duten enpresak sentsibilizatzea, eta hori herritarren babesarekin egiten dugu. Sinadura bat eskatzeko orduan, plataformak posta elektroniko bidezko mezu bat bidaltzen dio enpresari, eskaeraren azalpenak eta arrazoiak emanez».
Mestresek argitu du Canvia.cat-ek ez duela irabazi ekonomikoak lortzeko asmorik—Plataforma Per La Llenguak 13.000 bazkide ditu, eta haien ekarpen ekonomikoei esker sostengatzen da—. «Beste plataforma batzuek bezala, aldaketa bat lortzeko babesak lortzea du helburu, baina kasu honetan katalanez». Datuen erabileran, aldiz, badaude aldeak. «Izan ere, guk ez dugu datuekin trafikatzen. Jasotako datuak Plataforma Per La Llenguaren datu base batean sartzen ditugu, baina modu konfidentzialean erabiltzen ditugu». Datu horiek ez dizkiete beste inori eskaintzen. «Zerbitzari propio batekin lan egiten dugu, eta plataformara iristen diren datuak ez zaizkie inolaz ere enpresa handiei ematen. Alde horretatik, gure sinatzaileak lasai egon daitezke».
Txopiteak, bestalde, azaldu du badaudela Change.org-en aldean bestelakoak diren eskaera plataformak. Avaaz.org, adibidez. «Gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta bere autonomia eta independentzia bermatzeko modua aurkitu du». 2009ra arte, bere diru iturriak irabazi asmorik gabeko erakundeetatik eta zenbait enpresa txikitatik jasotzen zituen, baina urte horretatik aurrera norbanakoek egindako dohaintza txikiei esker finantzatzen da. «Fundazioetatik eta enpresetatik ez dituzte 4.600 euro baino gehiagoko dohaintzak onartzen». 44 milioi erabiltzaile inguru dituzte mundu osoan. «Avaaz-eko boluntarioek mugimendu global bat direla diote, jendeari erabakia hartzea eta botere politikoa emateko xedez».
Datuekin etekin ekonomikoak lortzen dituzten plataformekin edo bestelako ereduak dituzten atariekin, sofako aktibismoa-ren mugak aitortzen dituzte hacktibistek. Martinezen iritziz, kasu batzuetan kaleko aktibismoan oinarritzen diren ekintzen lagungarri izan daitezke sareko ekinaldiak, baina inoiz ez ordezko. «Sare sozialak oso erabilgarriak dira borroka sozialen zabalkundean; modu errazean kartel bat diseinatu eta berehalako mezularitza plataformetatik zabal genezake, edo sinadura kanpaina bat hasi. Hori bai, diseinatzen ditugun ekintzek kalean egon behar dute». Haren ustez, ezin da sarea sutu kalea mutu dagoen bitartean. «Ez luke eragin sozialik izango, eta ekintza sozialen xarma galduko litzateke».
Sinatzea ez da doakoa
'Change.org' plataformak 180 milioi erabiltzaile ditu munduan. Herritarrek eskaera bat sinatzen dutenean, ordea, emandako datuak negozio bilakatzen direla ohartarazi dute hainbat adituk. Interneteko sinadura kanpainetan, «kontzientzia garbitzeak» daudela diote. Beste eredu batzuk ere badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu