Ikus-entzunezkoak

Sinadurak biltzen ari dira Netflixi eskatzeko euskaraz eman ditzala edukiak

Netflix Euskaraz taldeak erdigunera ekarri nahi du plataformetako euskararen presentziarik eza. Hiru egunetan, ia 4.000 sinadura bildu dituzte.

Itziar Ituño, 'La casa de papel' telesaileko aktorea. LUCA PIERGIOVANNI
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 19a
10:39
Entzun

Hiru egunean ia 4.000 sinadura jaso ditu dagoeneko Netflix Euskaraz taldeak, plataforma horri eskatzeko edukiak euskaraz emateko. «Euskal hiztunok plataformako ikus-entzunezko eduki denak euskaraz jaso nahi ditugu», hori da taldearen eskaera, eta euskal herritarrak bizkor ari dira erantzuten, Internet bidezko sinadura ematen.

Netflix Euskaraz taldeak —ez du zerikusirik Disney Euskaraz taldearekin— BERRIAri azaldu dio zein den egitasmoaren helburu nagusia: «Streaming bidezko ikus-entzunekoetan euskararen presentzia eza eta horrek dakarren eskubide urraketa eztabaidaren erdigunera ekartzea».

Egunotan jasotzen ari diren sinadurekin pozik daude sustatzaileak. «Balorazio ezin hobea egiten dugu. Euskal hiztunek argi erakutsi dute, beste behin ere, euren hizkuntza eskubideak tinko defendatzeko prest dagoen kolektibo bat osatzen dutela. Oraindik goiz da aurreikusteko, baina ikusteko dago zenbat sinadura biltzeko gai garen». Katalunian, Plataforma per la Llenguak 25.000 sinadura bildu zituen Netflixi zuzendutako antzeko kanpaina batean. «Hemen, jakina, katalan hiztunekin alderatuta, askozaz murritzagoa da euskal hiztunen kopurua». Netflix Euskaraz taldearen arabera, Netflixek eta beste streaming plataformek etekin «ikaragarriak» dituzte, eta ez diote tokian tokiko errealitate soziolinguistikoari erreparatzen. «Etekin logika hutsetik funtzionatzen dute, eta hori erregulatu beharra dago».

Alde horretatik, Espainiako ikus-entzunezko legea tramitatzen ari dira, eta Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak eskatu du plataformak legez behartzea ekoizten dituztenen erdiak katalanez, galegoz eta euskaraz izatera. Arrazoi horiekin eta kontseiluaren zuzenketekin bat egiten du Netflix Euskaraz taldeak. «Lege hori balekoa izateko, gutxien-gutxienez, Espainiako estatuko hizkuntza eta kultura aniztasuna defendatzeko tresna izan beharko du». Zera gaineratu du taldeak: «Euskarak ikus-entzunezko sektorean duen presentzia hutsaren hurrena da. Bada garaia euskalgintza indarrak metatzen eta aktibatzen hasteko».

Netflix Euskaraz-en iritziz, ikus-entzunezko plataformek ulertu behar dute tokian tokiko komunitateekin betebeharrak ere badituztela, eta, errealitate linguistikoa errespetatu eta zaindu behar dutela. «Horrek esan nahi du, dituzten irabazi erraldoi horien zati nabarmen bat bertako ikus-entzunezko obretan inbertitzeko, behartu egin behar zaiela; euskarazkoetan ere bai, jakina».

Disney Euskaraz

Euskaltzaleen beste talde batek Disney Plus plataformari eskatu dio estreinaldi guztiak euskaraz ere egiteko. 5.700 sinadura bildu dituzte, eta sinadura horiek Euskal Herriko erakunde publikoei eta Espainiako Disneyri bidali dizkiete. «Mugimenduen eta erreakzioen zain gaude», esan dute. Joan den astean, agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarrean Disney Euskaraz taldeko bozeramaile Alexander Aginagaldek.

Katalunian, lortu dute Disney Plusek zenbait eduki katalanezko audioarekin jartzea. Adibidez, animaziozko Soul filma (Pixar estudioarena) katalanez estreinatu zuten Eguberri egunean, beste hizkuntza nagusietan bezala. Netflixen badira telesail eta film batzuk katalanez, baina Platafiorma per la Llengua eta beste eragile batzuk kexu dira katalanaren presentzia «oso txikia» delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.