MAITE DITUT MAITE. Sara Cozar. Aktorea

«Silvio entzun, eta hunkitzen naiz; alaitu egiten naiz»

Silvio Rodriguezen 'Unicornio' diskoa da Cozarren gomendioa uda honetarako. Urte asko dira autoan entzuten duela. Argi du Kubako bakarlaria dela bere bizitzako «maitasunen soinu banda».

GOTZON ARANBURU / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun

Makina bat antzezlanetan eta filmetan egin du lan Sara Cozarrek (Ordizia, Gipuzkoa, 1980). Martxoan, ETBko Alardea telesailaren grabatzen ari zela, COVID-19a harrapatu, eta etxean pasatu zuen gaitza.

 

Zein da zure lehen oroitzapena Silvio Rodriguezen abesti bat entzuten?

Ordizian, gurasoen etxean, zortzi urte zaharragoa den anaiarekin partekatzen nuen logelan. Anaiak entzuten zuen Silvio, 18 urte inguru zituenean, eta nik 9 edo 10 urte izango nituen.

Unicornio diskoa gomendatu duzu. 1982an atera zen diskoa; zuk orduan 2 urte zenituen. Nor zahartu da hobeto, diskoa ala zu?

Daukadan CDa ni baino okerrago zahartu da, hori ziur. Zisku eginda dago. Baina ni oraindik ez naiz zahartu. Uste dut biok ondo ari garela denborari aurre egiten.

Nola iritsi zen diskoa zure eskuetara?

Etxean kasete batzuk entzuten nituen nerabea nintzela. 19 urte nituenean, berriz, lehen aldiz joan nintzen kontzertu batera inguruko herrietako festetatik kanpo: Silvio Rodriguezen eta Luis Eduardo Auteren kontzertua izan zen Donostiako Belodromoan, 1999ko irailean. Kontzertu horren ondotik erosi nituen Silvioren disko batzuk, eta, tartean, Unicornio.

Zergatik Unicornio, eta ez Silvioren beste bat?

Fisikoki gertuen dudana delako aukeratu dut: autoan eramaten dut beti. Nahiz eta abesti batzuek akatsak eduki, eta hurrengo abestira pasatu behar den, entzuten dudan disko bat da. Maitasun handia diot.

Zein da unerik onena Silvioren kantak entzuteko?

Bakarlarien zalea naiz: musika entzuten dudanean, ehuneko handi batean, Silvio entzutera jotzen dut. Silvioren abesti bat entzuten hasten naiz, eta gustatzen zaidan leku batera eramaten nau. Silvio entzun, eta hunkitzen naiz; alaitu egiten naiz. Bestetik, esan izan dut Silvio dela nire bizitzako maitasunen soinu banda. Kubarekin ere lotura handia dut; lagunak ditut han. Esango nuke nire aurreko beste bizitza batean kubatarra izan nintzela.

[youtube]https://youtu.be/MF4EdPYWAMM[/youtube]

Unicornio-ko lehen kanta Por quien merece amor da. AEBek Kuban 1981ean egindako maniobra militarren testuinguruan sortu zuen musikariak, nahiz eta maitasuna oihukatu behin eta berriz.

Silvioren abesti askok zentzu bikoitza dute. Zenbaitetan, uste duzu maitasun kanta bat dela, eta, gero, nonbait irakurtzen duzu istorio politiko bat zegoela tartean.

Unicornio kantaren istorioa ere bitxia da: Roque Daltonen seme batek Rodriguezi kontatu zion Salvadorko mendietan unikornio urdin bat ikusi zuela. Sinisten duzu unikornioetan?

Ez diot inoiz neure buruari galdera hori egin. Baina mutil horrek esan bazuen unikornio urdin bat ikusi zuela, zergatik ez diot sinistuko?

Bidaia asko egin al dituzu autoan diskoa entzuten?

Bidaia asko, baina asko e... Ez ditut bidaia oso luzeak egin autoarekin, baina laburrak bai. Diskoa behin eta berriz jarri izan dut autoan.

Canción urgente para Nicaragua abestiarekin dantza egiten al duzu?

Dantza egiten dut entzuten dudanean, bai. Esango nuke diskoko kantak oso desberdinak direla haien artean: ez dago lotzen dituen lerro bat.

Diskoaren azala marrazki koloretsu bat da. Erreparatzen al diezu azalei?

CDaren azala galdu egin nuen. Gustatzen zaizkit Silvioren diskoen azalak. Baina etxe aldaketa asko egitearen ondorioz, diskoen azal asko galdu ditut. Unicornio-ren azalak fabulak ekartzen dizkit burura.

COVID-19a pasatu duzu, bestalde. Nola bizi izan dituzu garai hauek?

Konfinamenduko lehen asteak etxean pasatu nituen, gaixo. Erabaki nuen telebistako albistegiak gehiago ez ikustea. Konfinamenduan ez nuen lanik izan, eta bikotekidearekin eta semearekin gustura egon nintzen: eskulan asko egin genituen, marraztu... Erritmo frenetikoan bizi gara, eta derrigorrezko geldialdi honek on egin dit. Arazoa zen ea noiz itzuliko nintzen lanera, eta uste baino lehenago ari dira lanak etortzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.