Txanpon zaharren ifrentzuetan, Plinio Zaharraren idatzietan, olerkietan eta abestietan. Horietan guztietan agertzen da silfioa, baina ez da inon ageri. Ez dago hari buruzko irudirik. Enigma bat da. Misterio bat. Legenda bat. Desagertu zen, eta gizakiak desagerrarazi zuen lehenengo espeziea izan ei zen. Nahikeriaz, eta gehiegikeriaz. Sustrai sendokoa, hosto zapalekoa eta lore horiko landarea. Greziarrek eta erromatarrek goratu eta jainkotutako landare mirarizkoa.
Egosita edo labean jaten ziren haren zurtoinak, eta ozpinetan bustita haren sustraiak. Ardiei jaten emanda, samurtu egiten ei zuen haien haragia. Puja berrietatik erauzten zuten perfumea, eta lehortzen uzten zuten haren izerdia. Birrinduta erabiltzen zen sukaldaritzan —flamenko erregosiarekin gelditzen ei zen ederra—, eta enplastu eta ukendu gisa medikuntzan —uzkiko gaitzentzat eta garatxoentzat egindakoak aipatzen ditu Plinio Zaharrak, Naturalis Historiae liburuan—. Eta etzatoki kontuetan ere parekorik ez: afrodisiako eta antisorgailu, aldi berean. Bihotz formakoak omen zituen silfioak haziak, eta ordutik uztartzen ditugu bihotzak eta amodio erromantikoak.
Zirenen zuen landareak jatorria: kolono greziarrek K.a. 632. urtean sortutako hiri bat, gaur egungo Libiako kostaldean. Sortu orduko hasi zen hazten, eta Mediterraneo itsasoko komertzioan sekulako indarra hartzen. Herodoto historialari greziarrarena da hazkunde horren arrazoiari buruzko lehen aipamena: silfioa. Horrenbesterainoko garrantzia hartu zuen, non Zirenen egindako txanponen ifrentzuan agertzen zen landarearen irudia.
Eta horiek dira silfioaren benetako irudi bakarrak. Burutazioak dira beste guztiak. Teofrasto eta Plinio Zaharraren tamainako naturalisten deskribapenak eta idatziak dira silfioari buruz utzitako ondare benetakoak. Haren zukua eta izerdia goratzen dituzte: laser izenekoa. Eta diote horregatik deitzen ziotela erromatarrek landareari laserpicium, eta urreak eta zilarrak adina balio zuela, eta Zesarrek 680 kilo silfio lehor zituela gordeak bere altxor preziatuenen biltegian.
Ezin etxekotu
Greziarrak zein erromatarrak saiatu ziren silfioa etxekotzen, baina ez zuten lortu. Arautu egin zuten haren komertzioa, baina merkatu beltzean egin zuen gora. Eskaria eskaintza baino handiagoa bihurtu zen. Teofrastok bere idatzi batean dio modu basatian bakarrik bildu zitekeela, eta horregatik ezin zela etxekotu. Plinio Zaharrak dio ganaduaren haragiari horren zapore ona ematen zionez, artzaintzak ere izan zuela zerikusia desagerpenean. Gaurko ikerlariek diote Afrika iparraldea orduan hasi zela idortzen, klima aldaketaren eraginez.
Desagertu egin zen silfioa, eta neurririk gabe bildu izana da teoria guztien artean indar handiena duena. Ikerlariek haren ondorengoak, familia berekoak, ia berdinak aipatu izan dituzte: asafetida, ferula, mihilu basatia... Eta bada Mahumt Miski izeneko ikerlari bat Ferula drudeana izeneko landare bat topatu duena Turkian, eta silfioa dela dioena —haren jatorritik 1.600 kilometrora—.
Fermin Jimenez Landa artista iruindarrak ongi ezagutzen ditu datu horiek guztiak: aurrenekoak zein azkenekoak. Sukaldaritzaren historiari buruzko liburu batean irakurri zuen silfioari buruz lehen aldiz, «harrapatu» egin zuen istorioak, eta hasi zen ikertzen: «Aroma bat galdu izanak txunditzen ninduen. Badaudelako galdu ziren hainbat gairi buruzko marrazkiak, grabatuak... baina aroma bat galtzea horren ukiezina da... Ohartu nintzen nola zen silfioa landare erabat mitifikatua. Eta lehenengoa ere bai historian gizakiak kontzienteki desagerrarazi duena. Eta hasten zara pentsatzen: agian muturraren aurrean daukagu eta ez dakigu! Arlo zientifikotik datorren zerbait erabat poetiko bihurtzen da».
Eta abiatu zuen bidaia artistiko eta pertsonal bat, eta topatu zuen lotura bat: mihilu basatia. «Silfioa haren oso antzekoa izan zitekeela diote, eta nik banuen halako lilura bat mihiluarekiko. Badaukalako bere historia propioa: belar txar bat kontsideratu izan da beti. Interesgarria da hori ere: nork eta nola erabakitzen duen zer den belar txar bat eta zer ez. Nola zen silfioa horren landare baliotsua, eta nola mihilua belar txarra. Nola begiratzen zaion ikuspuntu oso gizatiar batetik berez gizatiarra ez den horri».
Jimenez dio bidaiak izaten direla bere proiektu gehienen oinarria, eta topatu du horretan ere lotura: «Mihilu basatia bideen ertzetan hazten den landarea denez, ematen du bidea markatzen eta erakusten ari zaizula».
Haren ohiko tokietan ibili da pasieran mihilu basati bila: Valentzian, Gaztela-Mantxan eta Euskal Herrian. «Bilboko kanpoaldean, kasik hiritik atera ere egin gabe, biribilgune batean gelditu nintzen, trenbidetik gertu, eta kiloka bildu nuen mihilua». Eta izozki bat izan da proiektuaren azken ginga: Helado de sendero (Xendrako izozkia). Bilboko Azkuna zentroko Prototipoak bienalean dago proiektua ikusgai.
«Amaiera izan da berriro hasierara bueltatzea: aroma horretan zentratzea. Eta kontatzea bi mila urteko historia, bost minutuan urtzen den zerbaitekin. Kontraste polita da», hausnartu du Jimenezek.
Artistak dio eskultura tradizionalaren «kontra» lan egin izan duela beti: «Material nobleak, eskultura eternoak... Izozkiarekin lan egitea justu kontrakoa da: iraungitzen den kontakizuna da, eta inplizituki darama atenporalitatea. Azkuna zentroko argia joaten bada, agur izozkiari».
Izan ere, izozkailuak daude haren erakusketan mihilu basati zaporeko izozkiarekin, eta loreontziak mihiluz josita, eta mihilu usaina, azken orduko albiste batekin: «Gadafi eraitsi zuten garaian, kaos betean, sekulako lapurreta egin zuten Libiako banketxe nazionalean: antzinako txanponak lapurtu zituzten. Eta ezetz asmatu zeintzuk zeuden tartean? Zireneko txanponak. Silfioaren irudi bakarrak ere desagertu egin dira: silfioaren desagertze modernoa ere gertatu da».
Absentziak eta presentziak
Mikel Etxeberria Okariz Aranzadi zientzia elkarteko botanikoak ere desagertzeak ditu hizpide, eta «benetan arraroa» iruditzen zaio silfioaren kasua. Etxera ekarri du auzia: «Euskal Herrian gehiago izaten dira desagertze lokalak: landarea desagertzea leku jakin batetik, baina inguruan gelditzea. Denbora kontua izaten da berriro bueltatzea». Edo ezustekoak topatzea: «Orkidea batzuekin ari zaigu gertatzen: populazio berriak ari garela aurkitzen, lehen ez zeuden tokietan».
Ez da erraza neurria hartzea, eta galdu direnez eta berriez ohartzea, eta ohartaraztea. «Landare asko daude munduan. Euskal Herrian bakarrik: 3.500. Jakitea landare jakin bat galdu den, ez den, bueltatu den... Absentzia bat detektatzea ia ezinezkoa da; presentzia detektatzen da. Ez da horren erraza ez dagoela esatea».
Duela bi mila urte desagertu zen landare bat berriro agertu dela eman du argitara Mahumt Miski irakasle turkiarrak, eta «harrituta» hartu du albistea Etxeberriak. «Ez dut irakurri, eta ez naiz ari pertsona horren ikerketa zalantzan jartzen, baina garai hartako identifikazio metodoak eta idatzi haietatik interpretatu dena aintzat hartuta, landare berbera dela esatea apur bat lausoa da, gutxienez. Ziurrenik badaude genero horretako landare oso antzekoak, baina nola jakin duela bi mila urte baino gehiago deskribatutakoa den, ez den... Antzekoa izango dela ziur, baina ez nuke nik horren erraz baieztatuko duela bi mila urtekoaren berdina denik».
Halako desagertzeak ez gertatzeko hazi bankuek duten garrantziaz mintzo da Etxeberria. Svalbard, Kew Gardens... aipatzen ditu, eta baita Aranzadik kudeatzen duen Landareen Euskal Germoplasma Bankua ere: «Landare mehatxatuekin lan egiten dugu. Gordetzen ditugu horien haziak deshidratatuta eta izoztuta, horrek bermatzen duelako epe luzerako kontserbazioa. Gordetzen duguna ez da landarearen genetika, beste landare bat emateko gai den hazia baizik, desagertu den tokian berriro landatzeko».
Eta izan dituzte halako kasuak. 2014ko denboralean Zarautzen (Gipuzkoa) gertatutakoa ekarri du gogora. Iñurritzako dunetan eta Donibane Lohizunen (Lapurdi) bakarrik hazten den landare txiki bati buruz ari da: «Galium arenarium populazio ia guztia galdu zen denboralearen ondorioz. Bagenituen aurreko urteetan gordetako haziak, eta orain ari gara horiei tiraka landare horri eutsi nahian. Hazien bankuak seguruen modukoak dira: normalean ez dituzu erabiltzen, baina hor daude behar dituzunean».
Duela bi mila urte jakin izan balute.